Tania Razquin Palomares: «"Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua" nahasmendu larria da eta ikasleei eskola-ibilbide osoan zehar eragiten die»

2026ko martxoaren 18a

Tania Razquin Palomares: «"Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua" nahasmendu larria da eta ikasleei eskola-ibilbide osoan zehar eragiten die»

«Hizkuntza nahasmendua (TDL) Haur eta Lehen Hezkuntzan» ikastaroa emango du Iruñean Tania Razquin Palomaresek (Arbizu, 1994). Hizkuntza-nahasmenduaren inguruko ezagutza orokorra eskaintzea du helburu ikastaroak eta bereziki irakasleei eta hezkuntzaren arloko ikasleei dago zuzenduta. Lehen Hezkuntzako ikasketak (NUP) ditu Razquinek eta Logopedian du masterra. Pedagogia Terapeutikoko (PT) eta Entzumena eta Hizkuntzako (EH) espezialitateak ditu eta zortzi urte daramatza Iruñerriko eskola eta institutu publikoetan behar bereziak eta hizkuntzaren nahasmenduak dituzten ikasleekin lanean. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroa da eta online emango da apirilean hasita. Berarekin izan gara.

Zertaz ari gara ikasleen hizkuntza-nahasmenduaz ari garenean?

«Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua» (TDL) neurogarapenaren nahasmendua da eta hizkuntzaren adierazpena edota ulermena arriskuan jartzen ditu. Eragin nagusia ahozko hizkuntzan badago ere, garapen-arlo problematikoak egon ohi dira. «Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua» duten ikasleek arazoak izan ditzakete irakurketarekin eta idazketarekin, kalkulu matematikoarekin, arreta-arazo askorekin, hiperaktibitate-maila jakin batekin, portaera disruptiboekin, gizarte-komunikaziorako arazoekin, jokabide negatibistekin eta desafiatzaileekin, nerabezaroan arazo emozionalekin, gizarte-harremanekin... Hortaz, «hizkuntzaren garapenaren nahasmendua» nahasmendu larria da eta ikasleei eskola-ibilbide osoan zehar eragiten die.

Zeintzuk dira ikasle horien premiak?

«Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua» duen ikasle baten premiak askotarikoak eta aldi berean oso ezberdinak izan daitezke. Orokorrean, beharrak hizkuntzaren garapenean oinarritzen dira, hau da, horrek barne hartzen duen guztian: irakurketa-idazketa prozesuan, ahozko-adierazpen eta ulermenean, idatzizko-adierazpen eta ulermenean…

Zeintzuk dira ikasle horiek artatzeko oztopo nagusiak?

Orokorrean, aurreiritzi ezberdinak daude nahasmendu honen inguruan eta horiek ezagutzea ezinbestekoa da gure ikasleei kalitatezko hezkuntza-arreta eskaintzeko. Askotan, hizkuntza-zailtasunak gainditu eta desagertuko direla uste da, baita esku-hartzea adin batetik aurrera egin behar dela ere… eta hezkuntza-profesionalok ezin ditugu horrelako ideiak abiapuntutzat hartu, oso garrantzitsua da nahasmenduaren teoria ezagutzea (ikasleen ezaugarriak eta premiak, esku-hartzerako baliabideak eta estrategiak, taldekatze-mota aproposak…) gero gure praktika eraginkorra eta esanguratsua izan dadin. Hortaz, oztopo nagusiak irakasleok dugun formakuntza, baliabide eta denbora falta direla esan dezaket.

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Ikastaroari esker ikasleek «Hizkuntzaren garapenaren nahasmendua» bere osotasunean ezagutzea lortu nahi dut: nahasmenduaren ezaugarriak, ikasleen zailtasunak eta premiak, detekzio eta identifikazio-tresna ezberdinak, familiek duten garrantzia, esku-hartzerako estrategiak eta metodologia… Behin ikasleak identifikatuta ditugula, haien premia eta beharretarako egokiak eta eskola inklusiboarekin koherenteak izango diren proposamenak egiteko gaitasuna izatea ezinbestekoa da; hau da, esku-hartze eraginkorra martxan jartzeko estrategiak ezagutzea.

Nori dago zuzenduta?

Ikastaro hau irakasleei eta hezkuntzaren arloko ikasleei zuzenduta dago.

Jakintza-arloak