SEASKAK eta UEUk hitzarmena sinatu dugu goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko
2024ko maiatzaren 3a

Seaskak eta UEUk lankidetza hitzarmena izenpetu dugu apirilean Ipar Euskal Herriko ikastoletan goi mailako euskarazko jakintza sustatzeko helburuarekin. Argazkian (ezkerretik eskuinera) Peio Jorajuria Seaskako lehendakaria eta Aitor Bengoetxea Alkorta UEUko zuzendaria agertzen dira hitzarmena sinatzen.
Garatuko diren elkarlan-ildoak hauek izango dira:
- Seaskaren euskara programaketaren lanketan eta euskal kurrikuluma bertan zehazteko gogoetan, UEUren sareko adituen elkarrekintza.
- Hirugarreneko ikasleen (DBH3) B2 euskara maila ebaluatzeko azterketetan, ebaluazio irizpideak eta azterketaren antolaketa gainbegiratzeko UEUren eskuhartzea. Aurten eginen dute lehen aldiz, ekainaren 10ean.
- Hezkuntza eta hizkuntza helburuak lortzeko eta praktikak hobetzeko Seaskako Irakasleen prestakuntzarako elkarlanean egitaraua osatzea.
- Hizkuntza eta hezkuntza erronken dibulgaziorako, hezkuntza komunitatearekin eta Ipar Euskal Herriko jendartearekin partekatzeko mintzaldiak proposatzea:
“Ikastolan euskaraz jolastu eta gozatu” mintzaldia (Lartzabaleko MEEK Ikastetxea, maiatzak 16). Xan Aire eta Ortzaizeko ikastolako irakasleak.
“Ikastolan euskararekiko esteka afektiboak elikatzeko, Ikaslearen, gurasoen eta irakasleen arteko elkarrekintza” mintzaldia (Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, maiatzak 23). Paula Kasares eta Eneko Gorri.
“Ikastolan euskara gaitasuna landu. Euskara programaketa eta ebaluaketa” mintzaldia (Kanboko Seaskako egoitzan, maiatzak 30). Josune Zabala.