Rakel Gamito Gomez: "Tresna digitalek ez dute magiarik egiten; gure beharrak ezagututa, ondo aukeratu behar ditugu eta, ostean, irizpide jakin batzuen arabera erabili"

2026ko otsailaren 10a

Rakel Gamito Gomez: "Tresna digitalek ez dute magiarik egiten; gure beharrak ezagututa, ondo aukeratu behar ditugu eta, ostean, irizpide jakin batzuen arabera erabili"

"Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: produktibitatea hobetzeko metodoen oinarriak eta tresna digital lagungarriak" ikastaroa emango du online Rakel Gamito Gomezek (1984, Arrasate) otsailaren 19an hasita. Hezkuntza Zientzietan doktorea da Gamito eta EHUko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da. IkHezi ikerketa-taldeko kidea ere bada eta baita UEUko Pedagogiako sailburua ere. UEUren GOI Ikastegiak antolatu du eta prezio berezia izango dute tesia egiten ari diren ikasleek.

Ze da produktibitatea?

Joera nagusia da pentsatzea produktibitatea gauza gehiago egitea dela, baina produktibitatea benetan garrantzitsua dena hobeto egitea da. Doktoregoan, bereziki, gakoa ez da ordu gehiago sartzea, baizik eta jakitea arreta non jarri. Produktibitatea, azken finean, denbora, energia eta arreta modu kontzientean kudeatzea da.

Zeintzuk dira produktibitatearen gakoak?

Ezin dira sekretu guztiak ikastaroaren aurretik kontatu, baina hona hemen produktibitatearen gako sinple batzuk: helburu argiak izatea epe labur, ertain eta luzera begira; zereginak zatitzea; lehentasunak ondo definitzea; testuingurua zaintzea: distrakzioak, etenaldiak eta lan-dinamikak, eta azkenik aurreko guztia modu antolatuan eta koordinatuan egiteko dauden tresnak ezagutzea eta modu estrategikoan erabiltzea.

Zenbat lagundu dezakete tresna digitalek produktibitatea hobetzen?

Asko, baina, aurretik esan bezala, modu estrategikoan erabili behar dira. Tresna digitalek ez dute magiarik egiten; gure beharrak ezagututa, ondo aukeratu behar ditugu eta, ostean, irizpide jakin batzuen arabera erabili. Hori eginez gero, buruko karga murrizten dute, informazioa antolatzen laguntzen dute eta denbora askatzen dute, lasaitasunez pentsatzeko eta idazteko. Ikastaroan hori lantzen da, tresna askorik ez, baizik eta gutxi batzuk ondo erabiltzeko.

Zeintzuk dira aurkeztuko dituzun tresnak?

Egutegi digitalak, oharrak eta zerrendak antolatzeko zein partekatzeko tresnak, posta elektronikoa eta komunikazio-tresnak kudeatzeko aukerak, elkarlanerako arbel kolaboratiboak, lana planifikatzeko eta horren jarraipena kudeatzeko aplikazioaketa egunerokoan oso lagungarriak diren bestelako baliabide digital batzuk. Betiere, tesi-prozesura aplikatuta.

Nori dago zuzenduta?

Batez ere doktoretza egiten ari diren ikasleei, tesiaren edozein fasetan daudela ere. Bereziki baliagarria da noizbait honako sentsazio hau izan duen edonorentzat: “dena daukat egiteko eta ez dakit nondik hasi”. Hala ere, ikerketarekin edo lan intelektualarekin lotutako beste profil batzuei ere erabilgarria izan dakieke.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroa ez dela “produktibitate perfektua” saltzen duen ikastaro bat. Errealista da, doktoregoaren egunerokotasunetik pentsatua, eta helburua da parte-hartzaile bakoitzak bere sistema propioa eraikitzea. Gainera, asinkronoa denez, bakoitzak bere erritmoan egin dezake, presiorik gabe, eta zuzenean aplikatu ikasitakoa bere tesi-lanean.

Jakintza-arloak