Rakel Gamito Gomez: «Bullyinga eta ziberbullyinga ulertzea eta horien aurrean nola jokatu jakitea guztion ardura da»

2026ko urriaren 9a

Rakel Gamitoren argazkia

«Bullyinga eta ziberbullyinga: detekzioa eta esku-hartzea» ikastaroa emango du online Rakel Gamito Gomezek (Arrasate, 1984) urriaren 14an hasita. Hezkuntza-esparruko profesional guztiei zuzendutako ikastaroa da «hezkuntza-komunitate guztiaren inplikazioa beharrezkoa delako». Hezkuntza Zientzietan doktorea da Gamito eta irakaslea EHUko Kirol Fakultatean, Didaktika eta Eskola Antolakuntza Sailean. IkHezi ikerketa-taldeko kidea da eta baita UEUkidea ere. UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean antolatutako ikastaroa da.

Bullying- eta ziberbullying-kasuek gora egin dutela erakusten dute datuek... Zergatik?

Fenomenoaren atzean hainbat faktore daude. Alde batetik, sare sozialen eta komunikazio digitalen erabilerak erabat aldatu du haur eta nerabeen arteko harremana. Jazarpena ez da jada ikastetxeko espaziora edo eskola-ordutegira mugatzen: ikasgelatik kanpo ere jarrai dezake, eta edukiak oso azkar zabal daitezke.

Bestalde, gaur egun sentsibilizazio eta detekzio handiagoa ere badago, eta horrek lehen ikusezinagoak ziren egoerak identifikatzen laguntzen du. Beraz, datuak ulertzerakoan hainbat alderdi hartu behar dira kontuan. Nolanahi ere, argi dago erronka garrantzitsu baten aurrean gaudela eta ezin dugula beste aldera begiratu.

Zergatik da funtsezkoa hezkuntza-eremutik eragitea?

Bullyinga ez da ikasle baten edo bi ikasleren arteko arazo isolatua; hezkuntza-komunitate osoari eragiten dion bizikidetza-arazoa da. Eskolak, beraz, prebentzioan eragiteko aukera paregabea du, baina baita lehen seinaleak detektatzeko eta behar denean esku hartzeko ere.

Horretarako, ezinbestekoa da ikasgelan eta ikastetxean harreman osasuntsuak eta bizikidetza positiboa sustatzea, irakasleek egoera horiek identifikatzeko tresnak izatea eta ikasleekin konfiantzazko harremanak eraikitzea. Eta, kasuak agertzen direnean, erantzunak argia eta koordinatua izan behar du, ikasleak, irakasleak eta familiak inplikatuz.

Prebentzioaz, detekzioaz eta esku-hartzeaz hitz egingo duzu ikastaroan.

Bai. Hiru ardatz horiek izango dira ikastaroaren oinarrietako bat, eta hirurak elkarrekin ulertu behar ditugu.

Prebentzioan, jazarpen-egoerak gertatu aurretik zer egin dezakegun landuko dugu: bizikidetza positiboa nola sustatu, harremanak nola zaindu eta ikasleak egoera horien aurrean nola prestatu. Detekzioari dagokionez, askotan seinaleak ez dira hain agerikoak izaten, eta garrantzitsua da horiek identifikatzen ikastea. Eta, azkenik, esku-hartzean, egoera bat antzematen dugunean nola jokatu aztertuko dugu, protokoloak eta hezkuntza-komunitatearen koordinazioa kontuan hartuta.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Lehenengo erronka, oraindik ere, bullyingaren inguruan dauden mito eta aurreiritzi batzuk gainditzea da. Ez da «umeen arteko gauza» edo txantxa bat, eta ezin dugu normaltzat hartu.

Bigarrenik, ziberbullyingak planteatzen duen errealitate berriari erantzun behar diogu: anonimotasuna, etengabeko konektibitatea, edukiak zabaltzeko erraztasuna eta ikastetxetik kanpo ere jazarpenak jarraitzeko aukera.

Eta, azkenik, hezkuntza-komunitate osoaren inplikazioa lortzea dago. Ez da nahikoa irakasle batek egoera bati bere kabuz erantzutea; prebentzioan, detekzioan eta esku-hartzean ikuspegi partekatua eta koordinatua behar ditugu.

Nori dago zuzenduta?

Batez ere irakasleei eta irakasle izateko prestatzen ari diren pertsonei zuzenduta dago. Hala ere, hezkuntza-esparruan lan egiten duten beste profesionalentzat ere baliagarria izan daiteke, bullyinga eta ziberbullyinga ulertzea eta horien aurrean nola jokatu jakitea guztion ardura baita.

Nabarmentzeko zerbait?

Bi gauza azpimarratuko nituzke. Batetik, ikastaroa online izango den arren, ikuspegi oso praktikoa izango du: ez dugu teoria hutsean geratu nahi, hausnarketa bultzatuko da eta, horrekin batera, eguneroko hezkuntza-praktikara eramateko tresnak eta irizpideak eskainiko dira.

Eta, bestetik, azken proiektua dago. Parte-hartzaile bakoitzak bere errealitatera egokitutako prebentzio- edo esku-hartze plan bat diseinatuko du. Horrela, ikastaroa amaitzean ez du soilik ezagutza gehiago izango; bere testuinguruan erabiltzeko moduko proposamen konkretu bat ere eramango du.

Jakintza-arloak