"Pediatria Topaketen helburu nagusia pediatriaren inguruko jakintza euskaraz sortu eta zabaltzea da"

2026ko otsailaren 17a

"Pediatria Topaketen helburu nagusia pediatriaren inguruko jakintza euskaraz sortu eta zabaltzea da"
Ezkerretik eskuinera: Elene Lejarzegi Anakabe, Oihane Garmendia Zabaleta eta Idoia Serrano Pejenaute

"XVIII. Pediatria Topaketa" egingo da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan, martxoaren 12an. Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteak eta Euskal Herriko Pediatria Elkarteak antolatu dute OEE-Osasuna Euskalduntzeko Elkartearen eta UEUren laguntzarekin. Idoia Serrano Pejenaute (1993, Abadiño), Oihane Garmendia Zabaleta (1992, Durango) eta Elene Lejarzegi Anakabe (1993, Lekeitio) ari dira antolaketa-lanetan. Hirurak dira Medikuntzan graduatuak (EHU) eta Pediatriako espezializazioa dute Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean. Serrano pediatra da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, Lejarzegi Zumarragako Ospitalean; eta Garmendia, berriz, Abadiño-Matienako osasun-zentroan. Haiekin izan gara topaketaren gainean hitz egiteko.

Euskal pediatrek Bilbon duzue hitzordua martxoan.Zein da topaketen helburua?

Pediatria Topaketen helburu nagusia pediatriaren inguruko jakintza euskaraz sortu eta zabaltzea da, eta baita pediatriako egoiliar, erizain eta mediku euskaldunen arteko topagune izatea ere, elkar ezagutu, saretu eta elkarri eragiteko.

Hitzaldi nagusiak odontopediatriaren eta lengoaiaren asalduren ingurukoak izango dira aurten. Zergatik jarri duzue hor fokua?

Pediatriako kontsultetan geroz eta maizago ikusten ditugu ahoarekin eta lengoaiarekin lotutako arazoak, hala nola maloklusioak, mihi-frenulua, dislaliak eta hizkuntza-atzerapena. Formakuntza gehiago izatea beharrezkoa dugula uste dugu prebentzio-lanean aritzeko, diagnostiko goiztiarra egiteko eta familiak orientatzeko. Sortzen den informazio guztiaz eta modez haratago, trebakuntza hori gaian adituak direnengandik jaso nahi dugu, hau da, odontologoen eta logopeden eskutik.

Pediatriaren alorreko ikerketan ere azpimarra jarri nahi duzue. Zein da egoera?

Ikerketa ezinbestekoa da ebidentzian oinarritutako jakintza berriak lortzeko eta, ondoren, ezagutzera emateko. Horregatik, gure ohiko lanaren parte izan beharko litzateke, baina, tamalez, ez da horrela. Badira maila pertsonalean ikertzera animatzen direnak, baina gure iritziz instituzioetatik ikerlana ez da behar beste bultzatzen eta babesten. Ikasle eta egoiliar garaian ikerketa-lanak ondo egiten ikasi beharko genuke: lana egiten hasteko baimenak nola lortu, informazio fidagarria non bilatu, kalitatezko ikerketen metodoa barneratu, emaitzen azterketa estatistikoetan trebatu eta, teoriatik haratago, ikerlanak egin, praktikatzea delako ikasteko modu onena. Behin osasun-langile garenean, ikerkuntzan jarduteko denbora eta laguntza eskaini beharko lizkigukete modu sistematikoan.

Ahozko komunikazioak eta artikuluak aurkezteko deialdia ireki duzue. Zein helbururekin?

Hain zuzen ere, aurreko galderari lotuta, egiten ditugun lan horiek ezagutzera emateko eta jakintza partekatzeko plaza bat eskaini nahi diegulako umeen osasunaren inguruan diharduten profesionalei. Gainera, jardun hori euskaraz ere egin daitekeela eta egiten dela ikusarazi nahi dugu. Unibertsitatetik kanpo, euskararen presentzia oso urria da osasun-arloko jardunaldi eta argitalpenetan, hortaz oldarraldi-garai hauetan gure hizkuntzaren lekua eta gaitasuna aldarrikatzeko ere baliatu nahiko genuke jardunaldia.

Nori dago zuzenduta?

Hasiera batean, pediatrian lan egiten duten mediku, erizain eta egoiliarrei luzatzen genien parte hartzeko gonbita, baina azken aldian haur eta nerabeekin lan egiten duten bestelako profesionalak ere hurbildu zaizkigu, hala nola irakasleak, odontologoak eta psikiatrak, eta horrek are gehiago aberasten du jardunaldia.

Nabarmentzeko zerbait?

Aurtengoa Pediatria Topaketen XVIII. edizioa dela azpimarratuko genuke. Elkarlanean aurrera eginez adinez nagusi izaterainoko bidea egin du ekimen honek eta poztekoa dela uste dugu. Horretaz gain, edizio hau leku berezi eta enblematiko batean egingo da: Euskaltzaindiaren egoitzan. Egun batzuk beranduago Korrika ere Bilbon amaituko da eta Bizkaiko hiriburuan euskara indartzeko gure aletxoa jartzen saiatuko gara.

Jakintza-arloak