Oneka Perea Ariznabarreta: «Amaigabeki ikasteko grina dugunon dopamina da ikerkuntza»
2026ko urriaren 28a

Oneka Perea Ariznabarretak (Galdakao, 1998) egiten ari den doktorego-tesiaren inguruko aurkezpena egin zuen UEUk antolatzen duen IkerGazte kongresuan: «Etorkizuneko farmako-menua: Burmuineko minbizidun haurrentzako medikuntza pertsonalizaturako plataforma aurreratua». Biokimika eta Biologia Molekularrean du gradua eta masterra Toxikologian. Doktorego-tesiaren hirugarren urtea hasi berri du Kopenhageko Unibertsitateko Krister Wennerberg-en ikerketa-taldean, Rigshospitalet Unibertsitate Ospitalearekin kolaborazio estuan. Harekin izan gara.
Biokimika eta Biologia Molekularra ikasi zenuen eta ikerketaren mundurako saltoa eman gero. Zergatik Biokimika eta Biologia Molekularra? Zergatik ikerketa?
Aitita, nire aitaren aita, kimikoa izandako gizona, penaz hil zen haren bederatzi seme-alabetako bati berari ere ezin izan ziolako alorrarekiko zuen maitasuna eta pasioa transmititu. Txikitxotan gogoan dut nola aititak taula periodikoari buruzko lezioak ematen zizkigun biloba guztioi, eta gehientxoenek paso egiten zuten arren, nik txundituta entzuten nion. Aititaren koadernoak ikusten nituen, formula ulergaitzez eta zirriborro magikoz beteak, eta haiek sorrarazi zidaten kuriositateak bultzatuta erabaki nuen Biokimika eta Biologia Molekularra ikastea, hain zuzen ere kimikaren eta biologiaren tarteko koktel liluragarria. Ondoren ere jakin-egarri berberak zuzenduta jarraitu dut nire ibilbide profesionala eta ikerkuntzak horixe eskaintzen dit; galderak planteatu, hipotesiak garatu, eta mundu honetan ebatzi barik dauden auziei erantzunak emateko parada. Amaigabeki ikasteko grina dugunon dopamina da ikerkuntza.
Haurren burmuineko tumoreak dituzu ikergai. Minbizi mota hilgarrienak dira...
Jendeari nire ikerketa-lerroari buruz hitz egiten diodanean, beti nabaritzen ditut begirada tristeak. Hasieran zaila egin zitzaidan lanaren alde emozionala eta arrazionala bereiztea. Jasotzen nituen laginekiko erantzukizun, errespetu eta presio itzela sentitzen nuen, eta burutu behar nituen probek kale egiten zutenean (bai, pentsatu baino sarriago gertatzen da), egoera etsigarria egiten zitzaidan. Hala ere, denborarekin ikasi dut gure proiektuan sartzen ditugun haurren bizi-itxaropena oso kaxkarra dela eta haien senitartekoei eskaini ahal diegun laguntza oro dela ongi etorria. Doktorego bila nengoela argi neukan lehentasuna zera zen: gutxiengoren baten eritasunak aztertu nahi nituen, zirela emakumeak, zirela talde etniko jakinak, etab. Alegia, umeen burmuineko tumoreak ikertzeak aukera hori eman dit eta asegarri suertatzen da hain espezialitate berezian murgiltzea… Alor honetan diharduen jendeak estuki kolaboratzeko joera du, eta komunitate sendoa osatzen da bai ikertzaile, bai osasun-profesional, bai kaltetutako familien artean.
Badago tratamendu eraginkorrik?
Burmuineko minbiziak izugarri heterogeneoak dira; hots, ez dago burmuineko minbizi mota bakarra, baina haien ezaugarri histologiko, anatomiko, eta genetikoen arabera, sailkapena oso konplexua da. Guztira 100 burmuin zein nerbio-sistema zentraleko tumore klase baino gehiago deskribatu izan dira. Zorionez, azken hamarkadetan tumore hauen diagnosi eta sailkapenak izan duen bilakaerari esker, haietako batzuk ebakuntza eta osteko kimioterapia nahiz bestelako itu-tratamenduen bidez osa daitezke. Zoritxarrez, tratamendu hauen toxikotasunak bizi guztirako albo-kalte nabariak dakartza haurrengan, preseski sentikorragoa baita populazio hau. Bestalde, badaude terapia sendagarririk ez duten burmuineko minbiziak ere, hala nola garun erdiguneko gliomak, eta horiexek dira nire proiektuaren ikergai nagusia.
Terapiarekiko erresistente diren minbizi-zelula ametan jarri duzu fokua. Zergatik?
Aipatu bezala, burmuineko minbiziak oso heterogeneoak dira, ez soilik pazientez paziente, haur beraren tumorea askotariko ezaugarriak dituzten minbizi-zelula populazioz konposatuta dago. Heterogeneotasun intratumoral hau da medikuntza pertsonalizatuaren eta terapiarekiko erresistentziaren funtsezko erronka eta minbizi-zelula amak dira dibertsitate horren erantzule. Demagun minbizi-zelula amek zonbi tankera dutela; beren burua mugagabeki berriztatzeko gaitasuna izateaz gain, diferentziazio-maila altuagoko beste minbizi-zelula populazio batzuen aitzindari dira. Era horretan, askotariko bereizgarritasun eta ahalmenak dituzten minbizi-zelulen armada osatzen dute, burmuineko minbizien oldarkortasuna sustatuz. Horrexegatik uste dugu itu gisa minbizi-zelula amak dituzten farmakoek tratamendu erakargarria suposa dezaketela.
Zein izan da prozedura?
Gure taldeak aplikatzen duen estrategia medikuntza pertsonalizatu funtzionala da. Modalitate horrek tumoreen profil molekularra laborategian hazitako zeluletan eginiko farmako-baheketa analisiekin integratzen du eta, modu horretan, aldaketa genetiko azpimarragarririk ez duten pazienteentzako profitagarri izan daiteke. Gure kasuan, hamar pazienteren biopsia-laginak baliatuz, jatorrizko tumorea imitatzen duten eta in vitroepe-luzera manten daitezkeen hiru dimentsioko abatarrak hazi ditugu, neuroesfera deritzenak. Jarraian, neuroesfera horiek osatzen dituzten minbizi-zelula motak karakterizatzea izan da helburua, bakoitza identifikatzeko markatzaile egokiak zehazteko asmoz. Aldi berean, guk diseinatutako konposatuen liburutegia bahetu dugu neuroesferetan, farmakoekiko duten sentikortasuna aztertu eta minbizi-zelulen hazkundea eten edo haien heriotza eragiten duten hogeinaka bat hurrengo probetarako hautatuz.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Lehenik, laborategian hazitako neuroesferek heterogeneotasun intratumorala bermatzen dutela baieztatu dugu. Hasiera batean aintzat hartu bagenuen ere, presiopean jarritako zelula-kultiboek homogeneotasuneranzko joera izaten dute. Beraz, aniztasun funtzionala kontserbatzeko aukera oinarrizkoa izan da gure ikerkuntza-proiekturako. Bestalde, dibertsitate hori definitu eta era askotako zelulak detektatzeko baliagarri diren 2-3 markatzaile identifikatu ditugu. Markatzaile horietako batzuk zelulen mintzean aurkitzen diren proteinak izaki, bizirik dauden minbizi-zelulak denbora errealean monitorizatu eta behatzeko abagunea eskaintzen dute. Areago, markatzaile horien bitartez, baheketan neuroesferak akabatzeko gaitasuna adierazi duten tratamenduek kaltetzen dituzten zelula jakinak zehaztu ditzakegu, elkarrekiko ezberdinak diren zelulak erasotzen dituzten farmakoen konbinazioak proposatzeko xedez.
Zein da ikerketaren hurrengo pausoa?
Oraino aukeratu ditugun 2-3 markatzaileek tumore-zelula anitzak bereizten dituzten arren, momentuz ezezaguna da populazio horien identitatea. Alegia, ez dakigu horietako zeintzuk diren minbizi-zelula amak eta zeintzuk diferentziazio-maila altuagoa duten zelulak. Hortaz, hurrengo urratsa markatzaile horiek definitzen dituzten populazioak balioztatzea izango da, literaturan deskribatu diren antzerako zelula klaseekin erkatuz. Bestalde, populazioen jokabide funtzionala ere ulertu nahiko genuke, terapiekiko zelula mota bakoitzak duen sentikortasuna aztertzea. Modu horretan, egun praktikan erabiltzen diren tratamenduekiko erresistenteak diren zelula zehatzak kokatu eta haiei kalte egiten dieten farmakoak topatzea da xedea, ohiko terapiekin konbinatuz haien efektua sustatzeko aproposak suerta baitaitezke.
Eta erronka nagusiak?
Oro har, gure ikerkuntza-alorrak, medikuntza pertsonalizatu funtzionalak, hiru erronka nagusi ditu, nire doktoregoan zehar une oro presente izan ditudanak. Lehenik, jasotzen ditugun biopsia-laginen tamaina izugarri txikia da. Haurren minbiziez ari garenean, tumoreek dimentsio xumeak izaten dituzte, nahiz eta oldarkortasun handikoak izan. Material biologiko horren lehentasuna diagnosi eta beharrizan klinikoetara bideratzea izaki, neuroesfera-ereduak ezartzeko iristen zaizkigun biopsiak oso urriak dira, eta horrek prozeduraren arrakasta nabarmenki mugatzen du. Nire lanak patologo eta neurokirurgialariekiko etengabeko hartu-eman eta negoziaketa dakartza. Bigarren, estandarizaziorako trabak. Efektu hori burmuineko tumoreen heterogeneotasunak sortzen du. Izan ere, minbizi mota bakoitzeko zelula amek eta bestelako populazioek ez dute markatzaileen profil bera, ezta farmakoekiko erantzun bera ere adierazten. Horrek eragozten du haur guztientzat baliagarria izan daitekeen proba estandarra erabili ahal izatea. Azkenik, eta bigarrenari lotuta, erreproduzigarritasun-arazoak daude. Minbizi-zelula amek ikaragarrizko plastikotasuna dute. Horrek zera esan nahi du; inguruko baldintzen eta selekzio-presioen arabera, fenotipoz, hau da, ezaugarriz aldatzeko aukera daukatela. Ondorioz, zaila da testen arteko emaitzak alderagarriak izateko kondizio egokienak topatu eta beti mantentzen direla ziurtatzea.
Ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela uste duzu?
Garrantzitsua baino areago funtsezkotzat dut, batez ere nirea bezain murritzak diren alorren kasuan. Dibulgazioak bultzatzen du komunitatea, eta errazten ditu kolaborazioak. Adibidez, gure ikerkuntza ezinezkoa litzateke Danimarkako Haur Minbizien Fundazioa gabe, zeinak kaleko jendearen donazioei esker mota honetako proiektuak finantzatu eta babesten dituen. Emari gehienak kaltetutako familiek egiten dituzten arren, ez datoz debalde; fundazioak berak alorreko zientzialari hainbaten emaitzak dibulgatzen dihardu egoera zaurgarrian dauden senitartekoen konfiantza irabazi eta haien sostengua bereganatzeko. Azken finean, ume hauei eskerrak eta umeentzat egiten dugu lan eta haiei zor diegu gure ikerketa, edo hori da behintzat nire gogoan daramadan lema.
Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?
Nire doktoretza-tesia entregatzeko epemuga datorren urte-amaieran izanik, bukatu baino lehen, atzerriko estantzia gauzatu nahiko nuke. Bostongo Dana-Farber Institutuko Mariella Filbin ikertzailearen taldea dut begiz jota, haiek azaldu baitzituzten estreinakoz garun erdiguneko gliomak osatzen dituzten zelula-populazio anitzak. Behin doktoregoa aurkeztuta, doktoratu ondoko ikerkuntzarekin segitzea da nire desira, baina laborategiko lanaz baino harago, bioinformatikan espezializatu gurako nuke. Hain zuzen, Mariella Filbin eta haren kideen estrategia haurren burmuineko minbizien inguruan existitzen diren datuak (pazienteen ezaugarri genetikoak, molekularrak, funtzionalak, klinikoak, etab.) bildu eta horietan oinarrituz tumoreen iturburua ulertu eta tratamendu eraginkorrak diseinatzean datza. Informazio mordoa badago dagoeneko gaur argitaratuta, eta datu gehiago ekoiztu ordez, ezinbesteko sentitzen dut duguna ustiatzea galdera zaharrak erantzun eta hipotesi berriak planteatzeko.