Nerea Aramendia: «Gobernantza publiko-komunitarioa eta intersekzionalitatea elkarrizketan jarri nahi izan ditut»

2026ko martxoaren 11

Nerea Aramendia: «Gobernantza publiko-komunitarioa eta intersekzionalitatea elkarrizketan jarri nahi izan ditut»

«Intersekzionaliateta eta gobernugintza publiko-komunitarioa: demokratizaziorako esparru heuristikoa arakatzen» artikulua argitaratu du Uztaro aldizkarian Nerea Aramendiak (1996, Lizarra). Politika Zientziak eta Kudeaketa Publikoan graduatua (2019) da, Partaidetza eta Komunitate Garapenean du masterra (2020) eta, egun, EHUko doktoregaia da Soziologia eta Gizarte Langintzako Sailean. Parte Hartuz ikerketa-taldeko kidea ere bada. Harekin izan gara.

Gobernugintza publiko-komunitarioa begirada intersekzionaletik aztertzen ari zara. Zeintzuk dira gobernugintza publiko komunitarioaren ezaugarriak?

Egia esan, gobernantzaren kontzeptua 80ko hamarkadatik sarri erabiltzen dugu eta esanahi bat baino gehiago izan ditzake. Horregatik «abizena» jartzen diogu: partaidetzazko gobernantza, maila anitzetako gobernantza edo gobernantza publiko-komunitarioa, besteak beste. Horiek ere, askotan, «bigarren abizen» bat behar dute; ez baita gauza bera goitik beherako joera izatea edo behetik gorakoa, adibidez. Hau da, lankidetza horren sustatzailea eta eragile nagusia erakunde publikoa edo gizarte zibila izan daiteke, eta hori bera bada ezaugarri bat. Baina, kasu honetan, behetik gorako gobernantzaz ari gara. Hots, komunitatea edo gizarte zibila sustatzailea eta eragile nagusia denean.

Gobernantza honen ezaugarri nagusiak, besteak beste, hauek dira: herri-mugimenduen parte-hartze aktiboa, gatazka demokratizazioan sakontzeko tresna gisa ulertzea, lankidetza horizontalerako baldintzen garapena, lurraldetasuna edo tokian tokiko errealitateari lotuta egotea, bertan parte hartzen duen edo duten komunitateen ahalduntzea, eraldaketa soziala bilatzea eta herritarren erabakitze-ahalmena handitzea eta zilegitzea.

Artikuluan doktorego-tesiaren atal batean jarri duzu fokua. Zeinetan?

Marko teorikoaren inguruko kokapena egiten dudan arren, horren azken atalean zentratu naiz bereziki; hori baita tesiarekin egin nahi dudan ekarpen teoriko nagusia. Bertan gobernantza publiko-komunitarioa eta intersekzionalitatea elkarrizketan jarri nahi izan ditut, eta elkarrizketa horren ondorioz demokratizazioan sakontzeko esparru bat sortzen dela antzeman dut.

Esparru horri gobernantza publiko-komunitario intersekzionalak lurreratzeko markoa eskaintzen dio. Demokratizazioan sakontzeko esparrua deritzoguna, prozesu gisa ulertu behar da; esperientzian bertan gertatzen diren elkarrekintzen bidez demokratizazioan sakontzeko, edo bestela esanda, jendearen ongizatea hobetzeko edota boterearen birbanaketa gauzatzeko baldintzak jazotzeko.

Zein da gobernugintza publiko-komunitarioaren eta intersekzionalitatearen artean sortzen den elkarrizketa?

Elkarrizketa demokratizazioan sakontzeko elkarren arteko beharrizanetik jaiotzen dela esango nuke. Izan ere, gobernantza publiko-komunitarioak intersekzionalitatea behar du desberdintasun sozialen konplexutasunera heltzeko edo horiek ulertu eta arindu ahal izateko. Intersekzionalitatea, hain zuzen, desberdintasun sozialen konplexutasuna arakatzeko tresna baita. Intersekzionalitateak, aldiz, gobernantza publiko-komunitarioa behar du politika publikoetan garatu ahal izateko, tokian tokiko errealitate hurbilak ezagutzeko beharra duen heinean.

Elkarrizketa horretako hiru dimentsio aztertu dituzu. Zeintzuk?

Demokratizazioaren kontzeptua edukiz janzteko, pentsalari eta teoriko aunitzen ahotan, maiz «ahalduntzea», «eraldaketa soziala» eta «gatazka» kontzeptuak entzuten ditugu. Hala, nik hiru dimentsio horiek elkarreraginean jarri nahi izan ditut, eta bertatik sortzen den potentzialitate demokratizatzailea aztertzen ari naiz.

Izan ere, estuki lotuta dauden dimentsioak dira: ahalduntzearen eredu erradikalaren helburua eraldaketa soziala da, eta, hain zuzen, ahalduntzea edo boterearen birbanaketa ere eraldaketa sozialaren xedea da. Hortaz, etengabeko elkarrekintzan aritzen diren dimentsioak dira. Bestetik, ahalduntzea zein eraldaketa soziala gatazkatsua izan ohi da; hala, gatazka bada eraldaketa sozialerako tresna. Baina horretarako beharrezkoa da herritar subalternoen ahalduntzea.

Ikusten denez, hiru dimentsio horien elkarrekintzek demokratizazioan sakontzeko esparrua osatzen dute. Hau da, demagun udalerri batean gobernantza publiko-komunitarioan oinarritutako esperientzia bat abiatzen dela eta, prozesu horretan, udalaren eta herritarren arteko gatazka bat sortzen dela. Gatazka horrek, segur aski, botere-desoreka jakin batzuei erantzungo die, eta herritar batzuen ahalduntzearen ondorioz azaleratuko da. Horren asmoa eraldaketa soziala bilatzea izango da; hau da, boterearen birbanaketa edo orekatzea. Horrek, aldi berean, herritarren ahalduntzean sakontzea eragingo du, eta beraz, botere horren orekatzean sakontzea ere bai. Honek erakusten du hiru dimentsioen arteko elkarrekintzak demokratizaziorako aukera zabaltzen duela.

Ikerketaren zein fasetan zaude? Zein da hurrengo urratsa?

Momentu honetan doktorego-tesiaren kontratuaren azken urtea hasi berri dut, laugarrena; eta, hain zuzen, marko teorikoaren azken atal honekin eta landa-lanarekin nabil. Beraz, hau elikatzen jarraitu nahi dudan proposamena da; garapen-fasean dagoena. Hortaz, ongi etorriak dira ekarpen eta hausnarketa guztiak.

Landa-lanari dagokionez, bi kasuren analisia egingo dut: Hernani Burujabeko kasua eta Bilboko San Frantzisko auzoko Telefonika zentro komunitarioko kasua. Biek gobernantza publiko-komunitarioa praktikan jartzen dute, udalaren eta herritarren arteko lankidetzaren bidez. Nire asmoa, batetik, kasu hauen bidez, gobernantza publiko-komunitarioak izan dezakeen potentzialitate demokratizatzailea aztertzea da, betiere begirada intersekzionala oinarri izanik. Bestetik, azaldutako proposamen teoriko hori potentzialitate demokratizatzaile hori aztertzeko baliatu nahi dut; eta bide batez, tresna gisa izan ditzakeen indarguneak eta ahulguneak aztertuz. Pixkanaka tresna edo marko analitiko gisa hobetzen eta fintzen joateko.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Bai, erabat. Batetik, ikerketa-mundua zabaltzeko eta gizartearekin harremanean jartzeko. Akademiatik datozen ezagutzak (komunitateetatik ere badatozelako) demokratizatzeko, hain zuzen. Eta, bestetik, euskarazko ikerketaren aterki izateko; ez baita erraza izaten ibilbide akademikoa euskaraz gauzatzea. Beraz, Uztaro eta UEU bezalako baliabideak asko eskertzen dira.

Jakintza-arloak