Natur Zientzien V. Topaketa (NZ5T): komunikazio-deialdia

2023ko maiatzaren 9a

Natur Zientzien V. Topaketa (NZ5T): komunikazio-deialdia

Bidean da Natur Zientzien V. Topaketa! 2013an ekindako bideari eutsiz, bosgarrenez elkartuko gara Natur Zientzien Topaketen 10. urteurrenean. Horretarako, elkarlanean arituko dira, beste behin, UEUko Natur Zientzien saila eta EuskalNatura elkartea.

Edizio honetan, Euskal Herriko naturguneak (babesguneak) oinarri hartuta, bertako ezagutza zientifikoa argitara eman eta elkar elikatzea izango da helburua. Horretarako, hitzaldi sorta bakoitzean gai orokor bat aukeratu eta hiru proiektu azalduko dira. Naturguneen arteko korredore ekologikoak nola, hala josi nahi baititugu ikerlariak euren artean eta baita naturzale gazteak ere, hari irule bihurtuta.

Hiru osagaiko errezeta ari da egosten suaren epelean: hitzaldi saioak, mahai ingurua eta poster saioa. Hitzaldi saioetan arreta jarriko da espezieen bersartzeetan, korredore ekologikoetan eta ur sistemetan. Mahai inguruan, berriz, kontserbazioaren eta gizartearen arteko bizikidetza jorratuko da. Horrez gain, poster saioan nork bere intereseko gaiak aurkezteko oholtza paregabea izango du, beraz, garaiz zabiltzate gairen bat pentsatu eta poster ederren bat aurkezteko! Poster deialdia uda ondoren irekiko da, beraz, denboraz zabiltzate oraindik.

Berri pozgarri honen bidez, NZ5T bidean dela jakinarazi nahi dizuegu UEUko kideei eta aurreko ekitaldietan egondakoei. Laster izango duzue xehetasun gehiagoren berri, baina bitartean gorde lekutxo bat azaroko 3. astebururako.