Naroa Martinez Suarez: "Gutako askok ez dugu gaitasunik heriotzan eta doluan aurrera egin edota bidelagun izateko"
2025ko otsailaren 4a

“Haur eta gazteekin heriotzaz eta doluaz maitasunetik mintzatzen” ikastaroa emango du UEUrekin Naroa Martinez Suarezek (Gasteiz, 1987). Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Psikopedagogiako ikasketak ditu, baita Suizidioaren Prebentzioko Masterra ere. 2014az geroztik galeren, heriotzaren eta doluaren pedagogian formatzen dabil eta 2015etik Heriotza Haurrekin ekimenaren atzean ere badabil. Online emango da ikastaroa, martxoan eta apirilean, eta haren inguruan gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Kosta egiten zaigu haur eta gazteekin heriotzaz eta doluaz hitz egitea?
Bai, kosta egiten zaigu. Baina mugak helduonak dira eta ez haur eta nerabeenak. Bizitza perfektuaren gizartean gaude eta sentimendu eta emozio zailek ez dute toki(handi)rik. Gure txikiak bizipen horietatik aldentzen ditugu, horrela saihestuko dizkiegulakoan.
Gu geu ere ez gara garatu heriotza eta dolua naturalizatua zuten hezkuntza eta hazkuntza batean eta erremintarik gabe egiten diegu aurre, bizipenetik bizipenera pasaz, maiz biziraunez baino ez.
Zer harreman dugu helduok heriotza eta doluarekin?
Esan bezala, hori da abiapuntua. Hori da kontuan izan behar duguna: gutako askok ez dugu gaitasunik heriotzan eta doluan aurrera egin edota bidelagun izateko. Horri heldu behar zaio lehenik eta behin: geure motxilari begiratu, geure sentimenduez hausnartu, mugak identifikatu, indarguneetan sinistu... Hori guztia egin ondoren, tabua gainditzen saiatuko gara.
Nola lagundu haurtzaroko galera eta doluak?
Hain zuzen ere, hasteko, norbere buruaren kontzientzia eta ardura hartuz batetik, eta haur eta nerabeen heriotza, galera eta doluekiko harremana ezagutuz, bestetik, baliabideak izango ditugu geure bidea egin eta gazteak berean laguntzeko. Hain zuzen ere, ikastaroaren helburuetako bat horretarako tresnak ematea da.
Online izango da ikastaroa. Zein izango da metodologia?
Bai, ikastaroa online da. Egia da beharbada berezia dela horrelako gaiak online jorratzea, ez baita bertatik bertarako talde baten goxotasun hurbila sortzen. Aldiz, besteak zuzenean aurrez aurre ez izateak askori errazten die barrenak hustea eta euren buruarekin zintzoak izatea.
Oraingoan, oinarrian hiru eratako edukiak izango ditugu: batetik, informazioa edo teoria —testu eta azalpen-bideoen bitartez—; bestetik, eta parte-hartzaileen arteko erlazioa sustatu eta ikuspegia aberasteko, foro aktiboak izango ditugu; eta, hirugarrenik, parte-hartzailearen eta irakaslearen artean geratuko diren jarduera intimoagoak egongo dira.
Amaitzeko, berriz, aurreko guztia barnebiltzen duen ariketa bat proposatuko da.
Nori dago zuzenduta?
Haur eta nerabeekin harreman zuzena duen edozein helduri. Izan guraso, irakasle, senide, hezitzaile... Edukiak oinarrizkoak izango dira eta egunerokotasunean erabilgarri izatea bilatzen dute.
Asmoa heriotza naturalizatzea da eta baita inguruko haur eta gazteen doluetan bidelagun izateko oinarrizko ideiak barneratzea ere. Beraz, norbere burua ezagutu eta heriotzarekin duen harremana goxatu nahi duen edonorentzat izan daiteke aproposa.
Nabarmentzeko zerbait?
Formakuntza honen helburua ez dela adituak sortzea, inondik inora. Ez dagoela terapeuta izateko bideratua. Aipatu beharra dago ez dela erlijio batean ere murgiltzen nahiz eta edozein izango den ongi etorria.
Esan bezala, heriotza eta galerekiko norbere burua sakonago ezagutzeko eta hortik aurrera naturalizatzeko edo, behintzat, beldur eta mamu batzuk uxatzeko gogoz dagoen edonorentzat ditugula besoak zabalik.