Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
2025eko irailaren 26a
"Espetxeko testuinguruan jaio nahiz hezi diren haurren atxikimenduaren garapena" lanaren emaitzak argitaratu ditu UEUren Uztaro aldizkarian Naia Tolosa Simónek (Hernani, 2002). Psikologiako Graduadu (EHU) eta egun Osasun Psikologia Orokorra eta Psikoterapia Sistemiko eta Erlazionalamaster bikoitza egiten ari da Bilbon, Deustuko Unibertsitatean. Uztaron aurkeztutako azterlanaren nondik norakoez galdetu diogu.
Zein da presondegian bizi diren haurren argazkia kopurutan?
Galderaren erantzun argia espero den arren, presondegian bizi diren haurren kopuru zehatzik ez dago eskuragarri. Artikuluan azaltzen den bezala, hainbat autorek diote ezin dela datu konkreturik eskuratu, eta 2016ko artikulu batek, zehazki, adierazten du Espetxeen Idazkaritza Nagusiak espetxean bizi diren haurrei buruzko daturik ematen ez duela. Esaterako, aipatzen zuten 2015ean 3 haur bizi zirela amen modulurik ez zuen Tenerifeko kartzela batean eta informazio hori ez zela ministerioaren txostenetan azaltzen.
Dena dela, Espetxeen Idazkaritza Nagusiak publiko egin duen azken datua 2023ko txosten orokorrak biltzen du: haren arabera, Espainian guztira presondegian bizi diren haurren batez bestekoa 49koa da. Hala ere, gobernuak kopuru zehatzari buruzko informazio argirik ematen ez duela dioten hainbat autoreren testigantza gutxi balitz bezala, nahiko susmagarria da aztertzea nola, urteak aurrea joan ahala, txosten orokorretan azaltzen den batez bestekoa gero eta txikiagoa den. Izan ere, artikuluan azaltzen den bezala, 2010eko batezbestekoa 214koa zen, 2020koa 91,53, 2021ekoa 62,33 eta 2022koa 50,81. Aurten 2023ko txostena publiko egin dela, bertan ere ikus daiteke jaitsiera esponentzial hori bete egiten dela: alegia, 2023ko txostenak dio batezbestekoa 49koa dela.
Haur horien atxikimenduaren garapena aztertu nahi izan duzu. Zergatik?
Lehenik eta behin, hainbat eta hainbat ikerketak argi utzi dute atxikimendu ziurra banakoaren garapen osasuntsu baterako oinarria dela eta, izan ere, harreman osasungarri baten esperientziak banakoaren ziurtasunean, autonomian, garapen pertsonalean, autorrealizazioan, erresilientzian eta intimitatean positiboki eragiten duela. Hortaz, haur orok bere zaintzaile nagusiekin hasierako egunetatik atxikimendu ziur bat garatzeak pertsonon ongizatea bilatzen dugun guztion helburua izan behar du.
Gainera, oro har espetxeratuak gizarteak isolatu, ezkutatu eta ezberdindu egiten dituen pertsonak dira. Are gehiago, espetxeek—ezta amen moduluek ere—ez dute genero-ikuspegia kontuan hartzen, haien diseinua gizonengana zuzentzen baita, eta emakume presoen gainean dagoen estigma soziala zein ikusezintasuna oraindik handiagoa da. Horrek, beraz, espetxean bizi diren haurren ongizatean negatiboki eragiten amaitzen du, gaur egungo gizarteko agenda politikoan emakumeen, amen eta haien haurren ongitasuna ez baita lehentasunezko arazoa.
Hortaz, preso bizi diren haurren atxikimenduaren garapena aztertu nahi izanaren arrazoia, egoera horretan bizi diren pertsonen egoera ikusaraztetik haratago, zera da: haien ongizatea zein eskubideen asetzea bermatzeko hartzen diren esku-hartze politika urriak kritikatzea eta jarduketa egoki zein duin bat exijitzea. Artikuluan azaldu bezala, atxikimenduaren gainean egin diren ikerketa anitzek erakutsi dute atxikimendu ziurra eta buru-osasuna erlazionaturik daudelako ebidentzia sendoa, eta, beraz, espetxean jaio nahiz hezi diren haurrengan arreta jartzea funtsezkoa da, bide horretan haur-profil horren bizi-kalitatea ere jorratzen baita.
Zeintzuk izan daitezke arrisku-faktoreak?
Artikuluak, batik bat, 2 arrisku-faktorez hitz egiten du: amaren ongizate psikologikoa bermatzen duten neurri urriak eta haurrak 3 urte betetzen dituenean beharturik jasan behar duen amarekiko banaketa.
Lehenengoari dagokionez, ama horiek jasaten dituzten arazo emozional ugariak hainbat ezaugarriren bitartez azaltzen dira: 1) Buru-nahasmenduko eta abusu zein bestelako historia konplexuz beteriko profil bat izan ohi da. 2) Atxikimenduaren belaunaldiarteko transmisioa (hainbat azterlanek aurkitu dute espetxeraturik dauden emakumeek atxikimendu ez-ziurrarenestilo bat garatu dutela, patroi hori haien haurrei helaraziko dioten arriskua agerian utziz). 3) Estigma soziala (zeinak emakume nahiz ama gisa huts egin dutela adierazten dien). 4) Haien haurrei haserrea adierazteko joera dute.
Horrek guztiak haien seme-alabekin garatzen duten atxikimendu-harremanean negatiboki eragiten du, atxikimendu ziur baterako ezinbestekoak diren amaren sentiberatasuna zein erantzungarritasuna oztopatzen baititu. Izan ere, haurrak bere zaintzaile nagusiarekin atxikimendu ziur bat gara dezan hark sentiberatasun zein erantzungarritasunez jokatzea ezinbestekoa da, hau da, jaioberriaren behar-seinaleak (negarra, emozio-adierazpenak…) behar bezala antzematea, egoki interpretatzea, eta era azkar, kontingente zein egonkor batean erantzutea. Esaterako, atxikimendu ziurreko haur baten amak sentiberatasunez erantzuten die haren beharrei; aktibazio emozionala erregulatzeko gai da, eta egoki interpretatu nahiz erantzuten du, muturra sartu gabe. Hortaz, aipatu diren askotariko arazo sozial zein emozionalak direla-eta, preso bizi diren amek zailtasun handiak izaten dituzte sentiberatasunez erantzuteko, haurraren atxikimendu ziurrean negatiboki eraginez.
Bigarren arrisku-faktoreari dagokionez, Espainian eta Euskal Herrian haurrak 3 urte betetzen dituenean espetxetik irten behar du, beste zaintzaile baten eskutan geratuz, eta hain zuzen, banaketak atxikimendua kalte dezakeela argi dago, baita amaren nahiz haurraren buru-osasunean negatiboki eragin ere, lehenengo arrisku-faktorea indartuz eta, beraz, atxikimendu ziurrerako oztopo bat izanik.
Zein izan da prozedura?
Azterketa teoriko hau egiteko hainbat datu-base erabili dira bilaketa bibliografikoaren prozesuan, besteak beste, WOS, Scopus, Gggle scholar, etab.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Azterketa teoriko honetan errebisatutako ikerketen emaitzek erakutsi dute espetxeetako testuingurua desegokia dela haur batentzat. Alde batetik, amen moduluek, haurren ongizateari begira dinamika ezberdin bat ezartzen saiatzen diren arren, haien garapen kognitibo zein emozionaletan ondorio kaltegarriak dituztela ikusi da. Beste aldetik, garapen orokorrerako ez ezik, espetxea atxikimenduaren garapen ziurrerako ere testuinguru arazotsua dela agerian utzi da.
Atxikimendu egokirako espetxeetako politikak egokitzeko beharra ikusi da. Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Espetxeetako politikak egokitzeko erronka nagusiak atxikimendu ziurrerako espetxe-testuinguruak dauzkan arrisku-faktore nagusiak aintzat hartuz azal daitezke. Esate baterako, amaren ongizate psikologikoa bermatzea eta erreminta psikologikoak eskaintzea funtsezkoak dira, finean amaren sentiberatasuna nahiz erantzungarritasuna sustatzeko eta haurraren atxikimendu ziurra garatzeko helburuak argi izanez. Horren baitan, amatasun-prozesuan sostengua zein bitartekoak eskaintzea eta atxikimendua nahiz haur baten heziketa egoki bati buruzko informazioa eskaintzea garrantzitsuak dira; izan ere, beste hainbat programarenartean, amaren sentiberatasuna indartzeko eta bere buru-osasuna hobetzeko atxikimenduan oinarrituriko esku-hartze programak daude (IBA, gaztelaniazko Intervención basada en el apego siglengatik). Haatik, amatasunean laguntza eskaintzetik haratago, ezinbestekoa da emakume horiek, pertsona oro gisa, entzunak nahiz ikusiak izatea, estigma soziala gutxitzea, eta halaber, ez infantilizatzea, hots, beren prozesuaren agente egitea eta haurraren gaineko erantzukizuna adierazi zein indartzea. Horrek guztiak, sentiberatasun zein erantzungarritasunean eragiten duten estresa eta herstura arintzeaz gain, sentitzen duten haserrea ere gutxituko luke.
Beste aldetik, haurrak 3 urte betetzean bere amarengandik banatu behar duenez, beste erronka nagusietako bat zera izango litzateke: banaketa hori progresiboki egitea. Alegia, bai amak eta bai haurrak jasan behar duten dolua kudeatzea, banaketak eragiten duen inpaktua gutxitzea, haurraren gizarteratzea pixkanaka egitea, haurraren zaintzaile berria era mailakatuan sartzea…
Bukatzeko, amen kanpo-unitate gehiago egin behar dira, autonomia-erkidego bakoitzean egotea bermatuz, zona batzuetako amak zein haurrak haien familiarengandik banatzeko beharturik egon ez daitezen (izan ere, hori da Euskal Herriko presoen egoera). Izan ere, artikuluan adierazi bezala, Espainian 3 kanpo-unitate daude soilik, eta haur gehienek ez daukate horietako batera joateko aukerarik, haientzat egokitu gabe dauden instalazioetan geratzen direlarik.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Uztaro bezalako plataformak funtsezkoak dira giza eta gizarte-zientzien esparruetako gaiak ezagutarazteko, jakintza gehiago jasotzetik haratago, haien gainean hausnartzea, kritikatzea eta baita zalantzan jartzea ere ahalbidetzen baitu. Gainera, euskaraz argitaratzen duen aldizkari gutxienetariko bat izanik, euskara eta euskal literatura bultzatzeko ezinbestekoak dira. Beraz, garrantzitsuak dira euskaldunontzat, eta baita euskara ikasi nahi edota ikasten ari diren euskaldun berrientzat ere.
Bestetik, gazte, ikertzaile zein idazle berriei leku bat egiten die eta, gainera, doakoa izanik, gizarte osoarentzat eskuragarria den ezagutza bat zabaltzen du.