Miren Berasategi: "Antsietate matematikoa zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen da, eta eragina du errendimenduan"

2022ko irailaren 29a

Miren Berasategi: "Antsietate matematikoa zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen da, eta eragina du errendimenduan"

Miren Berasategi Zeberio (Donostia, 1982), Komunikazioan lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean 2004an. Informazioa eta Ezagutzaren Gizartean masterra egin zuen gero (UOC, 2008) eta Komunikazioan doktorea da 2020tik (Deustuko Unibertsitatea). Tarte horretan, hedabide bateko web analitika arduradun izan zen (2009) eta estatistikan bi unibertsitateko aditu titulu osatu zituen UNEDen, 2010ean eta 2011n. Bazkide batekin batera lineako presentziaren kudeaketarako kooperatiba bat ere sortu zuen eta bertan aritu zen 2012ra arte. Gaur egun Deustuko Unibertsitateko Komunikazioko graduan irakaslea da, eta komunikazioaren alderdi kuantitatiboaren eta honen irakaskuntzaren inguruko ikerketa egiten du.

Komunikazioan lizentziatua zara eta ikerketaren bideari ekin zenion gero.

Ikasketak amaitu eta berehala hasi nintzen unibertsitatean, eta alde horretatik, ikerketaren eta, zehazki, doktore-tesiaren bidea karrera akademikoaren eskakizunetako bat da. Dena den beti izan dut jakin-mina irakurketaren bitartez asetzeko zaletasuna, eta neurri batean, ikerketan horretarako irtenbide naturala ikusi izan dut. Gerorako ibilbideak alderdi enpirikoari ere gustua hartzera eraman nau.

Azken urteetan eman den datuen iraultza kudeatzeko erremintak garatu dituzu tesian.

Alde batetik, letretako mundu batean zenbakienganako zaletasuna garatuta bi munduren erdian aurkitzen nintzela sentitzen nuen, eta bestetik, bi mundu horiek bateratzeko beharra argi ikusi nuen. Tesian, horri ekiteko asmoarekin abiatu nintzen eta datuen kazetaritzan aurkitu nuen horretarako bidea. Unibertsitatean irakasle izanik egunerokoan bizitzen nuen guregana etortzen diren ikasleen zenbakieko (eta teknologiarekiko baita ere) errefusa, eta halako ikasgai bat nola landu zitekeen ikertzeari ekin nion.

Hau komunikazioaren alorrean bereziki garrantzitsua dela diozu. Zergatik?

Datuek inguratzen gaituztelako, geroz eta gehiago. Errealitatea ulertzeko, gutxieneko datuen ulermena behar-beharrezkoa da. Tesiaren defentsa 2020ko urtarrilaren 17an egin nuen, eta hau orduan hala zen. Bi hilabete ere pasa ez zirenean, pandemia hasi zen eta denok aurkitu genuen geure burua egunerokoan eragin zuzena zuten datu eskergaren aurrean: itxialdien beharra, pandemiaren garapena, mugak indarrean jarri eta kendu... Erabaki guzti horiek datuetan oinarritzen zirela azaltzen ziguten hedabideen bitartez. Argi ikusi zen orduan administrazioak eta hedabideak ez zeudela datuen kudeaketa eraginkor bat egiteko prestatuta. Ezta kudeaketa hori behar bezala komunikatzeko. COVID-19aren Liburu Zurian aztertu genuen hau sakonago.

"Datuen kazetaritzaren oinarriak" irakasgaia komunikazioko graduan txertatzeko proposamena egin duzu.

Esan bezala, errealitatearen gero eta alderdi gehiago datuek markatuta datoz, eta kazetaritzak bere azken helburua betetzeko, hau da, hiritarrei egunerokoan erabaki libre eta burujabeak hartu ahal izateko behar duten informazioa helaraztea, beharrezkoa da kazetariek datuen ulermen, interpretazio eta komunikazioan gaitasun eta trebetasunak garatzea.

Tesia Deustuko Unibertsitateko irakasle zinela egin zenuen eta badago kontuan hartu zenuen beste alor bat: antsietate matematikoa. Zer da?

Ikasleek esplizituki adierazten dute sarri "letretakoak" direla edo ez direla ondo moldatzen matematikarekin zenbaki bat ikusi edo eragiketa sinple bat egin behar dutenean. Baieztapen horren atzean zer zegoen ikertzeko nahiak eraman ninduen antsietate matematikoaren kontzeptua ezagutzera, eta oso baliagarria egin zait datuen kazetaritza bezalako elementu kuantitatibo garrantzitsua duen lanketa bati aurre nola egin zehazten laguntzeko. Antsietate matematikoa zenbakien edo eragiketa matematiko sinpleen aurrean agertzen den antsietatea da: ondorio zuzenen artean ditu halako egoerak saihesteko joera, eta errendimendu gutxitua.

Antsietate matematikoak negatiboki eragiten du ikasleen errendimenduan.

Antsietate matematikoa duten pertsonek ez dute zertan gaitasun matematiko gutxiago izan behar, baina gaitasun horiek erabiltzeko zailtasunak dituztela ikusi da. Eta horrek, errendimendu baxuagoa eragiten du. Antsietateak lan-memoria (ingelesez, working memory) itsutuz eragiten du. Lan-memoria psikologia kognitiboak landutako kontzeptu bat da eta arazoak ebatzi eta erabakiak hartzeko informazioa biltegiratzen eta manipulatzen duen aldi baterako memoria sistemari erreferentzia egiten dio, giza adimenaren eta ordenagailu sistemen arteko analogia eginez. Epe laburreko memoria ez bezala, informazio-biltegi soila baino gehiago, esku artean ditugun atazetara bideratutako prozesu aktiboa da lan-memoria. Antsietate matematikoak sortutako emozio-egoera ezkorra eta honi lotutako pentsamendu intrusiboak ("ez naiz ona honetan", "ez dut emaitza zuzena lortuko", "ez dut ulertzen eskatzen dena"...) bigarren mailako ataza bihurtzen dira, eta hala lan-memoriaren baliabideak beretzat hartzen dituzte, eragiketa matematikoari aurre egiteko eskuragarri utzi beharrean.

Proposatu duzun ikasgaiak aintzat hartzen du antsietate matematikoaren ikuspuntua. Nola?

Soilik gaitasun matematikoak trebatzea alferrikakoa litzateke antsietate matematikoak gaitasun horiek praktikan jartzea oztopatzen duelako. Horregatik, beharrezkoa da trebatzearekin batera antsietatea ere kontuan izatea, eta antsietate hori baretzeko estrategiak txertatzea ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan. Tesian proposatutako estrategia horietako batzuk dira, adibidez, proiektuetan eta talde kooperatiboetan oinarritutako lana egitea; tresna zehatzetan baino atazetan oinarritzea eta ataza horiek iteratiboki errazenetatik zailenetara ordenatu eta tresna anitzekin lantzea; ikaskideen eta irakasleen eginahalak eta akatsak ikusgai jarriko dituzten testuinguruak ahalbidetzea, zailtasunak eta hanka sartzeak prozesuaren parte normal gisa irudika daitezen; ebaluazio jarraia eta kualitatiboa hobestea... Honek guztiak, trebakuntza eta gaitasunak hobetzeaz gain, hauek eraginkortasunez baliatzeko ahalmena ematen dio ikasleari.

2020an aurkeztu zenuen tesia, irakasgaiarekin aurrera jarraitzen duzue?

Ikasketa-planetan aldaketak egitea ez da egun batetik bestera gertatzen eta pandemia tartean, bizirautearekin nahikoa lan izan dugu. Hemendik aurrerako graduaren moldaketetan txertatzeko moduan izatea espero dut, ikusi egin behar.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Antsietate matematikoa aztertu nuen tesian, baina teknologiarekiko antsietateari heltzeko gogoz nabil. Datuak garrantzia hartzen ari badira, zer esanik ez gailu eta tresna digitalak. Eremu digitalarekin zerikusia duten ikasgaiak ematen ditudanez, ikasleek sarri adierazten didate "ez direla onak" ordenagailuekin eta neurri batean ez eskatzeko gehiegi alderdi horretatik. Honek biziki kezkatzen nau, eremu digitalean aritzeko antsietate matematikoarekin ikusitakoaren antzeko ezgaitasun efektu bat eragiten aritu daitekeelako: elementu digitalek inguratuta bizi gara eta ikasleak hiritar ahaldundu eta burujabe izateko, beharrezkoa da trebetasunak lantzearekin batera beste alderdi honi ere aurre egitea. Horretarako DeustoKom Lab izeneko proiektua abiarazi dugu aurtengo ikasturtean Komunikazioko graduan, ikasleen (zein irakasleen) gaitasun digitala eta teknologiarekiko antsietatea behatu eta aldibereko lanketarako estrategiak definitzeko asmoz.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Tesia gaztelaniaz idatzi eta defendatu nuen eta euskarazko ekarpen bat egiteko modu ezin hobea iruditu zitzaidan. Ez dakit zenbat aldiz egin nuen sei txioak idazteko saiakera, ariketa zaila da eta! Baina tesiari heltzeko beste ikuspuntu bat eskatu zidan, bai dibulgazio maila batera ekartzeagatik eta baita hizkuntzaren aldetik ere, eta zentzu horretan ariketa gustagarria izan zen niretzat.

Jakintza-arloak