Mikel Pérez: "Kode-alternantziaren erabilera hizkuntza-ukipenaren fenomeno oso hedatua da"
2023ko ekainaren 20a

Mikel Pérez González (Barakaldo, 1995) Euskal Ikasketetan graduatua eta Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako Hizkuntzalaritza Aplikatuan espezializatua. Ikergazte kongresuan parte hartu zuen Kode-alternantziaren erabilera euskara-gaztelania gazte elebidunengan aurkezpenarekin eta Donostiako Udalak banatzen duen Giza Zientziak eta Artea alorreko ahozko aurkezpen onenaren saria eskuratu zuen.
Euskara-gaztelania gazte elebidunen kode-alternantziaren erabilera duzu aztergai. Nola sortu zen gaia ikertzeko aukera?
2020an Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologiako masterra hasi nuen eta bertan psikolinguistika irakasgaiak eta bereziki gai honek atentzioa eman zidaten. Txio herrian, nire inguruan... askotan ibiltzen da jendea iritziak-eta ematen euskara eta gaztelania konbinatzeari buruz eta gogoa nuen horrelako “gai polemiko” bati ikertzaile-roletik begiratzeko. Horrela, UPV/EHUko Amaia Munarriz Ibarrola irakasle ikertzailearekin harremanetan jarri eta el bidea hasi nuen, gaur arte: Master Amaierako Lana, Henrike Knörr beka, IKERGAZTE, Mintzola ikerketa-beka... Pozik gaiarekin eta pozik Amaia irakasle-ikertzaile-bidelagunarekin.
18-30 urte bitarteko 244 euskara-gaztelania gazte elebidunen erantzunak izan dituzu kontuan ikerketan. Nolakoa izan da prozesua?
Zailena gaiarekiko eta estatistikarekiko lehendabiziko harremanak izan ziren. Gaia azaletik baino ez nuen ezagutzen eta ez ikerketaren ikuspegitik, eta estatistikaz ez nekien ia ezer orain dela urte bat arte. Pixkanaka eta pazientzia handiarekin, gaian sartzen eta estatistika-jakintzaz janzten joan naiz. Bestela, parte-hartzaileak lortzea “erraza” izan da. Sare sozialek eta inguruko ezagunek, lagunek eta senideek oso ondo funtzionatu/erantzun dute galdetegiaren hedapenean.
Emaitzek kode-alternantziaren erabilera oso hedatuta dagoela erakutsi dute. Identifikatu dituzu hori eragiten duten faktoreak?
Nire azterlanaren emaitzek berretsi egiten dute kode-alternantziaren erabilera hizkuntza-ukipenaren fenomeno oso hedatua dela. Nire laginari begira, eta IKERGAZTEn aurkeztu ditudan emaitzei dagokienez, ikusi dut euskara-gaztelania gazte elebidunen jaiolekuak, etxeko edo lehen hizkuntzak eta euskara zein gaztelania hizkuntza-gaitasunak faktore eragile esanguratsuak direla (“nagusiki”) euskaraz aritu bitartean gaztelania ere erabiltzean: herri erdaldunagoetakoek euskaldunagoetakoek baino gehiago erabiltzen dute kode-alternantzia; etxetik erdaldunek eta etxetik euskara-gaztelania elebidunek etxetik euskaldunek baino gehiago erabiltzen dute, eta, hizkuntza-gaitasunari erreparatuz, alde batetik, gaztelanian gaitasun handiagoa aitortu dutenek erabiltzen dute gehien kode-alternantzia, eta, bestetik, euskara hutsean asko kostata egiten dutenek, gaztelania hutsean asko kostata egiten dutenek eta gaztelania hutsean egiteko gai direnek erabiltzen dute gehien kode-alternantzia. Jarraitu behar da gehiago eta sakonago arakatzen.
Gazte elebidunen kode-alternantziaren joera gizarte osoaren isla da? Zer geratu zaizu ikertzeke?
Jarraitu beharra dago aztertzen zenbateraino bai edo zenbateraino ez den isla. Argi dagoena da hizkuntza bat baino gehiago dakiten hiztun askoren isla dela. Geratu ikertzeke? Kar-kar! Gauza asko! Galdetegi beretik atera gabe, hurrengo hilabeteetan hiztunen jaiolekuaren araberako kode-alternantziarekiko jarrerei helduko diet besteak beste. Badut gogoa.
Ikergazte kongresuan aurkeztu zenuen zure ikerketa eta Giza Zientzia eta Artea esparruko aurkezpen onenaren saria eskuratu zenuen. Zer-nolako esperientzia izan zen?
Oso polita, ez nuelako espero. Hala ere, beste saridunak gogora ekartzeaz gain, saririk irabazi ez zuten guztiak ere gogora ekarri nahi ditut. Oso giro ona egon zen IKERGAZTEon artean eta lan interesgarriak bezain onak ezagutzeko aukera izan nuen. Saria batzuei baino ez zitzaien eman eta niri horietako bat izatea egokitu zitzaidan. Edonola ere, horregatik ez dut nire lana beste inorena baino hobetzat edo interesgarriagotzat hartu.
Zer erronka dituzu esku artean?
Orain Henrike Knörr bekaren luzapena eta Mintzola ikerketa-beka ditut buruan. Jada jasota ditudan galdetegien erantzunetatik atera gabe, euskara-gaztelania elebidunen kode-alternantziaren erabilera eta jarrerak arakatzen jarraituko dut, gutxienez 2024ko otsailera arte. Gero, atzamarrak gurutzatu eta doktoretza aurreko kontratua esleituko balidate, el bidean jarraituko nuke; horixe nahi dut-eta, jarraitu. Parte-hartzaileei ariketa ez hain metalinguistikoak (galdetegiarekin alderatuta) ere eginaraziko nizkieke, etab. Emaitzak sendotu edota osatu nahiko nituzke.
