Mikel Ibarguren Egibar "Filma 2011n kokatzea interesgarria zen azken iheslariaren figura horrek txunditzen gintuelako"

2024ko ekainaren 21a

Mikel Ibarguren Egibar "Filma 2011n kokatzea interesgarria zen azken iheslariaren figura horrek txunditzen gintuelako"

Jakinek, Usurbilgo Udalak eta UEUk elkarlanean antolatu dute "Gatazkaren memoria, memoriaren gatazka" jardunaldia UEUren 52. Udako Ikastaroen barruan. Bertan parte hartuko du Mikel Ibarguren Egibarrek (Zestoa,1995), antzerki, zinema eta telebistako euskal aktoreak. Bera da Negu hurbilak filmaren zuzendarietako bat.

Euskal gatazka fikziora eraman duzue. Nola sortu da ideia?

Azken urteotan ikusten ari ginen euskal gatazkari buruzko fikzioa egiten ari ziren lanen superprodukzio moduko bat zegoela, mezu jakin batekin eta errelatoaren alderdi jakin batekin. Fikzio horiek normalean superprodukzioak izan ohi ziren, Euskal Herrian makineria handiak mugitu, Euskal Herrian grabatu eta gero munduko plataforma ezagunenetan lanak zabaltzen ziren. Beraz, horrek zekarren arriskua edo horrek ekarri duen arriskua zera da, mezu jakin bat zabaltzeko errelatoa eta memoriagintza egin dela eta ez gara batere identifikatuta sentitu, ez nola egiten ari zen lana, ez nondik eta zer mezu helarazten ari zen nazioartean. Hor sortu zitzaigun arakatzeko gogo bat, horrelako injustizia kutsu batetik ere bai, eta batez ere iheslariaren gaia arakatu nahi genuelako sortu zen ideiaren muina.

Euskal gatazkaren momentu konkretu batean kokatu duzue istorioa. Zergatik? Zer da filmarekin jaso nahi izan duzuena?

Prozesuan ikusi dugu gaia aukeratzeko orduan, edo gatazka aukeratzeko orduan, derrigorrez zure lanaren erantzunak izan behar duela euskal gatazkari eta errelatoari egin behar zaion erantzun bat. Uste dugu edo ondorioztatu dugu ezinezkoa dela ordu eta erdi batean, edo liburu batean, edo mezu batean edo poema batean edo artelan batean behintzat, euskal gatazka guztiari erantzutea. Hori bada nahia, oso ekibokatuta gaude, geure buruaren kontra ari gara, geure buruari harriak botatzen ari gara. Gure errelatoa eta memoriagintza osatu nahi badugu, lehenengo hausnarketa bat egon behar du: Zer da nik kontatu nahi dudana? Zeren puzzlea egin nahi dut? Nondik eraiki nahi dut errelatoa? Errelatoa pelikula askok eraikitzen dute, liburu askok eraikitzen dute... Gurea da zati txiki bat, gatazkaren zati konkretu bati figura konkretu batekin erantzuten diona. Horregatik iruditu zitzaigun 2011n kokatzea interesgarria zela gu azken belaunaldi hori garelako, guk 2011n 14 urte genituelako eta iruditzen zaigulako geure buruari ezin geniola jarri 1970eko istorio bat kontatzeko prozesua. Oso interesgarria zen guretzat filma hor kokatzea, azken iheslariaren figura horrek txunditzen gintuelako eta espresuki guk gai horri aportatzeko daukaguna belaunaldi berrien ikuspuntutik delako. Hasiko bagina analizatzen 1980ko zerbait, beste prozesu bat egin beharko zen, beste dokumentazio-prozesu bat egin beharko zen eta beste sorkuntza-prozesu bat. Beraz, interesgarria izan da baita ere zer toki okupatu nahi izan dugun guk hor.

Gatazka baten memoria egiteko saiakerek memoriaren gatazka ekarri ohi dute. Zein izan da zuen esperientzia?

Gure esperientzia zentzu horretan polita izan da. Hasieratik baduzu horrelako errespetu moduko bat gaia hartzen duzunean, gaian aditua ez zarenean, eta adituak eta arituak topatzen dituzu. Zentzu horretan guk zerbait markatu nahi genuen, zerbait oso narratiboa, oso egina. Baina iruditu zitzaigun gure ariketak izan behar zuela entzute-ariketa bat, egia bilatzearen prozesu konstante bat. Eta horregatik iruditu zitzaigun beste prozesu bat diseinatu behar genuela horren barruan, galdera handi horiek erantzun behar genituelako baina galdera horien erantzunak guk ez genituelako. Horregatik pelikulak badauka galdera-botatze bat, hausnarketarako puntu handi bat ere bai.

Ez luke izan beharko, baina batez ere Euskal Herrian badaukagu behar handi bat gure gaiei buruz hitz egiteko, eta hitz egiten dugunean sekulako zama jartzen diegu geure buruei eta batzuetan hortik eskapatzea ere zaila da. Artistikoki edo sorkuntzari dagokionez, momentu batzuetan egin behar duzu, bestela jaten zaituelako bai denborak, bai jendeak eta iritziak, eta periferian gaudenok eta errelatoa sortzen ari garenok ere nondik ari garen, eta zer espero den gutaz. Beraz, oso adi egon behar duzu prozesu guztian zurekin eraman behar duzun motxila bat delako, baina motxila hori uzten ere jakin behar duzu lanean jarraitzeko.

Jakintza-arloak