«Material digitalen irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da zabaldu nahi den informazioa eta baliabideak guztion eskura egon daitezen»
2026ko irailaren 2a

«Material digital irisgarrien sorrera» ikastaroa eskainiko du UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin irailean hasita. Online emango da ikastaroa eta Myriam Arrue Recondo (Tolosa, 1975) eta Nestor Garay Vitoria (Gasteiz, 1967) izango dira irakasleak. Arrue Informatikan doktorea (EHU) eta EHUko irakasle agregatua da. Unibertsitate bereko Egokituz ikerketa-taldeko kidea da eta haren ikerketa-lerro nagusia web irisgarritasunaren ebaluazioa eta web aplikazioekin elkarrekintza hobetzeko tekniken garapena da. UEUkidea da. Garay, Informatikan doktorea (EHU) eta EHUko irakasle titularra da. Egokituz ikerketa-taldeko (EHU) kidea da eta 2021eko azarotik taldeko zuzendaria da. Bertan irisgarritasun digitala hobetzeko ikerketetan ari dira, Informatika Guztiontzatizateko asmoarekin. UEUkidea da.
Zergatik da garrantzitsua material digitalen irisgarritasuna bermatzea?
Material digitalen irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da zabaldu nahi den informazioa eta baliabideak guztion eskura egon daitezen, pertsona bakoitzaren egoera (ezaugarriak, gaitasunak edo desgaitasunak) edozein izanda ere. Gizarte ekitatiboa eta inklusiboa izate aldera, legediak eskatzen du administrazio publikoetako inguruneak eta materialak irisgarriak izatea, bai mundu fisikoan eta bai digitalean. Horrek ikaskuntza/irakaskuntza arloari ere eragiten dio. Hala ere, askotan ez da material guztiz irisgarria sortzen eta oztopo nabarmenak aurkitu daitezke.
Entitate pribatuetan arazo gehiago egoten dira, irisgarritasuna bermatzeko legediak ez baititu behartzen horretara. Material irisgarria izateak dakartzan onurak gehienetan ez dira ezagutzen, hala nola guztiontzako arreta eta zerbitzua bermatzen da, erakundearen irudi publikoa hobetzen da, erabiltzaile gehiagotara iristen da, egoera gehiagotan.
Nola egin material digitalak irisgarri?
Dokumentu mota anitz (testuak, aurkezpenak, PDFak, ...) irisgarriak sortzeko eskura dauden tresna eta gidak ezagututa, irisgarritasuna garatzeko eta ebaluatzeko dauden baliabide tekniko eta metodologiko nagusiak aplikatu behar dira, urratsez urrats. Dokumentuak irisgarri egiteko prozesua barneratu behar da eta modu praktikoan aplikatu, norberaren lan-eremuan erabili ahal izateko.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Maiz, irisgarritasuna ikusten da hertsiki erlazionatuta desgaitasunarekin, eta jendeak pentsatzen du soilik populazioaren kopuru txiki bati eragiten diola. Benetan, irisgarritasunaren arazo asko pertsonen arteko berezitasunen alderditzat hartu behar dira. Pertsonen arteko berezitasunak fisikoki eta kognitiboki ematen dira eta horietako batzuk mugak dira, aldi baterako edo betirako. Baina teknologiarekin zerikusia duten berezitasunak ere badaude. Mugetako batzuk testuinguru sozioekonomiko jakin batzuekin lotuta daude eta bazterkeria handia ekar dezakete.
Desgaitasuna duten pertsonen beharrak ulertzea guztion beharrak ulertzea da, moldagarritasuna eta malgutasuna lortzeko asmoz, norbere gustuetara, baldintzetara eta beharretara egokituz. Irisgarritasun-eskakizun gehienek erabilgarritasuna hobetzea ekartzen dute eta, beraz, horren onurak erabiltzaile GUZTIOK jasotzen ditugu, desgaitasuna eduki ala ez.
Zein izango da ikastaroaren dinamika?
Ikastaroa online eskaintzen da eta UEUren irakaskuntza-baliabideak erabiltzen dira jarraipena egiteko.
Nori dago zuzenduta?
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) edo Batxilergoko irakasle direnei, zein etorkizunean izango direnei. Baita administrazio publikotik datorrenari ere.
Nabarmentzeko zerbait?
Aurten bigarren edizioa izanda, espero dugu aurreko edizioan ikusi eta ikasitakoek balio dezaketela irakaskuntza-prozesua hobetzeko.