"Material digitalen irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da zabaldu nahi den informazioa eta baliabideak guztion eskura egon daitezen"

2025eko irailaren 16a

"Material digitalen irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da zabaldu nahi den informazioa eta baliabideak guztion eskura egon daitezen"
Nestor Garay Vitoria eta Myriam Arrue Recondo

"Material digital irisgarrien sorrera" ikastaroa eskainiko du UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin urrian hasita. Online emango da ikastaroa eta Myriam Arrue Recondo (Tolosa, 1975) eta Nestor Garay Vitoria (Gasteiz, 1967) izango dira irakasleak. Arrue Informatikan doktorea (EHU) eta EHUko Unibertsitate Irakasle Agregatua da. Unibertsitate bereko Egokituz ikerketa-taldeko kidea da eta haren ikerketa-lerro nagusia web irisgarritasunaren ebaluazioa eta web aplikazioekin elkarrekintza hobetzeko tekniken garapena da. UEUkidea da. Garay, Informatikan doktorea (EHU) eta EHUko Unibertsitate Irakasle Titularra da. Egokituz ikerketa-taldeko (EHU) kidea da eta 2021eko azarotik taldeko zuzendaria da. Bertan irisgarritasun digitala hobetzeko ikerketetan ari dira, Informatika Guztiontzat izateko asmoarekin. UEUkidea da.

Zer ezaugarri izan behar ditu material digital irisgarriak?

Material digital bat irisgarria dela esaten da, haren eduki eta zerbitzu guztiak edozein pertsonak eskuratu eta erabil ditzan diseinatuta eta eraikita dagoenean, albo batera utzita pertsonaren ikusmen, entzumen, kognizio eta mugimendu-ahalmenak, ingurumenaren baldintzak eta baita erabiltzen den teknologia ere.

Bermatzen da material digitalen irisgarritasuna?

Material digitalen irisgarritasuna bermatzea funtsezkoa da zabaldu nahi den informazioa eta baliabideak guztion eskura egon daitezen, pertsona bakoitzaren egoera (ezaugarriak, gaitasunak edo desgaitasunak) edozein izanda ere. Gizarte ekitatiboa eta inklusiboa izate aldera, legediak eskatzen du administrazio publikoetako inguruneak eta materialak irisgarriak izatea, bai mundu fisikoan eta baita digitalean ere. Horrek ikaskuntza/irakaskuntza arloari ere eragiten dio. Hala ere, askotan ez da material guztiz irisgarria sortzen eta oztopo nabarmenak aurkitu daitezke.

Entitate pribatuetan arazo gehiago egoten dira irisgarritasuna bermatzeko, legediak ere ez baitu behartzen horretara. Material irisgarria izateak dakartzan onurak gehienetan ez dira ezagutzen, hala nola guztiontzako arreta eta zerbitzua bermatzen da, erakundearen irudi publikoa hobetzen da, erabiltzaile gehiagotara iristen baitira, egoera gehiagotan.

Nola egin material digitalak irisgarri?

Dokumentu mota anitz (testuak, aurkezpenak, PDFak...) irisgarriak sortzeko eskura dauden tresna eta gidak ezagututa, irisgarritasuna garatzeko eta ebaluatzeko dauden baliabide tekniko eta metodologiko nagusiak aplikatu behar dira, urratsez urrats. Dokumentuak irisgarri egiteko prozesua barneratu behar da eta modu praktikoan aplikatu, norberaren lan-eremuan erabili ahal izateko.

Nori dago zuzenduta?

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) edo Batxilergoko irakasle direnei, zein etorkizunean izango direnei. Baita administrazio publikotik datorrenari ere.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikastaroa online eskaintzen da eta UEUren irakaskuntza-baliabideak erabiltzen dira jarraipena egiteko.


Jakintza-arloak