Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
2025eko irailaren 19a
"Euskaldunentzako Jabetze Eskola (II). Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak" ikastaro-sorta antolatu da Gasteizen Izaskun Arrue Kulturguneko (IAK) programazioaren barruan eta UEUren laguntzarekin. Eskolaren dinamizatzailea da Manex Agirre Arriolabengoa (Aramaio, 1982). Euskal Filologian lizentziatua eta Literaturaren teorian eta Literatura konparatuan lizentziatua da. Eskolaren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin.
Euskaldunentzako Jabetze Eskolaren I. edizioa amaitu zen maiatzean. Zein izan da balorazioa?
Balorazioa ona izan zen, oro har. Hilabetez hilabete zazpi saio egin genituen, eta parte-hartzeak gorabeherak izan bazituen ere, gehienean mantendu egin zela esan dezakegu. Eskolen edukia interesgarria izan zen oso: bai hizlarien ekarpena, bai ondoren parte-hartzaileek egindako ariketak.
Hobetzekoen artean, ikasturteko saioen artean tartea murriztearen ideia nagusitu zen: bai denboraren ikuspegitik, bai edukiaren ikuspegitik. Aurrera begira, horretarako ahalegina egin dugu.
Bigarren edizioa ate joka dago. Zein helbururekin?
Jabetze-prozesuan jarri nahi genuke arreta. Gizartean euskaldunok, euskal hiztunok eta euskaraz bizi nahi dugunok dugun posizio errealaz hausnartzeko modu bezala ulertzen dugu jabetze-prozesua. Eta hori modu askotara egin daiteke: prozesu eraldatzaile bat da, jabetzeak tresnak ematen baititu norbere egoeraz kontziente izan eta egoera hori aldatzen saiatzeko. Uste dugu formazioa, ezagutza eta jakintza partekatzea, eta partekatutako horren gaineko ariketak egitea tresna egokiak izan daitezkeela, zentzu horretan. Gure eskolak horretara daude bideratuta: saio bakoitzean, hizlari bakoitzari bere esparruaz aritzeko eskatuko diogu, eta, ondoren, esandakoa jabetze-prozesu “bihurtzeko” saiakera egingo dugu.
Jabetze-prozesuen berri feminismotik jaso dugu, noski. Horrekin lotuta, azpimarratu nahi dut ikasturteari hasiera emango dion saioa: urriaren 7an, Malen Aldalurrekin, Azpeitiko Udaleko berdintasun-teknikariarekin, jabetze feministarako eskoletatik euskaldunen jabetze-eskolek zer duten ikasteko aztertuko dugu. Uste dut saio horrek argi utziko duela ikasturte osoaren norabidea.
Sei saio antolatu dituzue. Zer dakar aurtengo edizioak?
Saioak urrian eta azaroan izango dira: hori izango da berrikuntzetako bat. Hilabeteroko maiztasunetik asterokora pasako gara.
Aurreko galderan aipatutako lehenengo saio horretatik aurrera, esan bezala, euskalgintzaren eremu zabalean lanean ari diren eta interesgarri iruditzen zaizkigun hainbat begirada gonbidatu ditugu. Ondoren, jabetzearen ikuspegitik landuko ditugu egindako ekarpenak. Blanca Urgellekin atzera begira jarriko gara, euskarafobia vs euskaltzaletasun modernoaren oinarriak aztertuz; Iñigo Urrutiarekin euskararen judizializazioaz hitz egingo dugu; Maialen Lujanbiok euskarazko kultura-sortzaile eta -hartzaileengan jarriko du begirada; Esti Amorrorturekin hiztun bakoitzaren testuinguru sozialaz hausnartuko dugu; eta, ikasturteari amaiera emateko, Oskar Garcia de Bikuñak, Aritz Mtnez. De Lunak eta Jokin Larrañagak Arabako euskalgintzaren mapa egiteko moduari erreparatuko diote.
Nola har daiteke parte?
Ikastaro osoan edo saioz saio eman daiteke izena UEUren bidez, lotura honetan: "Euskaldunentzako Jabetze Eskola (II). Menpeko perpausa izateari uzteko langintzak".
Nori dago zuzenduta?
Gure ustez, jabetze-eskolak interesa du euskaltzalea den ororentzat, edo euskararen egoerarekiko nolabaiteko kezka duen edozeinentzat. Iazko edizioan kezka hori zaletasun edo lanbide duten hainbat lagunek parte hartu zuten. Ikasturte berriko erronka da taldetxo hori zabaltzea, eta datozenekin egindako ariketak probetxugarri izatea.