"Liburua irakurri ondoren irakurleak zuhaitzei beste modu batera begiratzea espero dugu"
2025eko azaroaren 18a

Peter Wohllebenen Zuhaitzen bizitza ezkutua liburua euskaratu dute Patxo Larrinoa Anzak (Galdakao, 1973) eta Maider Etxebarria Akaiturrik (Bilbo, 1975). Duela hiru-lau urte irakurri zuten liburua eta liluratuta geratu ziren: "Irakurri ondoren, garbiago ikusi genuen zein onuragarriak diren basoak, eta liburua euskarara ekartzea pentsatu genuen". Euskal filologoa da Larrinoa eta Etxebarria Geologian doktorea. UEUrekin argitaratu dute itzulpen-lana eta liburuaz hitz egiteko izan gara haiekin.
Peter Wohllebenen Zuhaitzen bizitza ezkutua liburua euskaratu duzue. Zerk eraman zaituzte itzulpen-lan honetara?
Orain dela hiru-lau urte, liburua irakurri eta liluratu egin gintuen. Naturazaleak gara, eta gustuko ditugu zuhaitzak eta basoak. Irakurri ondoren, garbiago ikusi genuen zein onuragarriak diren basoak, eta liburua euskarara ekartzea pentsatu genuen. Alde batetik, liburua interesgarria delako berez edonorentzat, eta, bestetik, euskaldunok gure zuhaitz-masari buruz hausnartu behar dugulako. Inguruotan zuhaitz-landaketak dira nagusi; egia da horren inguruan badagoela jarduera ekonomiko bat, eta hortik bizi den jendea, baina kudeaketa hobetu behar dugu, ikusi besterik ez dago intsinis pinuarekin zer gertatu den.
Wohlleben zuhaitzei buruz ezer gutxi zekiela ohartu zen basozaina zela. Nola hasi zen zuhaitzen ezagutza jasotzen?
Peter Wohlleben basozaina da ikasketaz, baina kritikoa da basozain-eskolan irakatsi ziotenaz hitz egiten duenean. Eskolan ustiaketara bideratzen dituzte basozainak; metro kubikoak eta epe laburreko etekina dute buruan. Lanean hasi, eta berehala konturatu zen ez zegoela gustura egiten ari zenarekin. Behatzaile ona da Peter, eta hori egiten hasi zen; ikusi, aztertu, irakurri, ikasi. Orduan ikusi zuen basoak ez direla zuhaitz-ilarak, milaka espeziez osatutako sistema integratuak baizik, ekosistema aberatsak eta, garbi ikusi zuen basoa osasuntsu egoteko ekosistema osoa zaindu behar zela. Eta, egin daitekeen gauzarik onena hasi zen egiten, beste kudeaketa mota bat posible dela erakutsi.
Ezagutza hori jendarteratzea izan da haren helburuetako bat, zuhaitzen garrantzia zabaltzea... Nori zuzenduta dago?
Dibulgazio-liburua da, edonork irakurtzeko modukoa. Hizkera errazean dago idatzita, baina aberatsa da aldi berean, Peterrek naturaren inguruan duen ezagutza ere hala da eta. Orain dela hamar urte argitaratutako liburua da, baina gaurkotasun handia duena, lehen aipatu dugun bezala. Zuhaitz asko dugu Euskal Herrian, azalera izugarria dago zuhaitzez estalita, baina, basoak dira? Zeintzuk dira onurak? Eta, kalteak? Kudeaketa aldatu behar dugu, eta Peterren irakaspenak baliagarriak izan daitezke norabidea aldatzen hasteko; garbi dago eukaliptoa ez dela bidea. Gainera, klima-aldaketa hain presente dugun honetan, berebiziko garrantzia izango dute basoek klima erregulatzeko duten gaitasunagatik.
Zer-nolakoa izan da itzulpen-lana?
Talde-lana izan da liburua itzultzea. Itzulpen-lana konplexua izan da. Originala alemanez dago, baina beste hiru bertsio ere erabili ditugu; ingelesa, frantsesa eta gaztelaniazkoa. Liburua euskara irakurterrazean ematen saiatu gara, baina ezer sinplifikatu gabe. Peterrek ez du lan poetiko bat egin nahi izan; zuzena da azalpenetan. Irakurleak ez du zailtasun berezirik izango liburua irakurtzeko, baina, arlo jakin bati dagokion lana izanik, agian egunerokoan erabiltzen ez dituen hitz batzuk aurkituko ditu. Edonola ere, irakurketa atsegina izango dela uste dugu.
Zerbait nabarmenduko zenukete?
Zuhaitzen bizitzari buruz ikasi nahi duenak edo jakin-mina duenak azalpen interesgarri piloa aurkituko du liburuan: zuhaitzek elkarri bidaltzen dizkioten mezuak, onddoekin nola aritzen diren elkarlanean, benetako baso zaharretan zuhaitz gazteek duten heziketa zorrotza, zuhaitzek ugaltzeko dituzten estrategiak, defentsa-sistema, zuhaitz aitzindarien bizimodua, hirietako zuhaitzen patu latza… Espero dugu liburua irakurri ondoren irakurleak beste modu batera begiratzea zuhaitzei. Ea haiek ere liluratzen dituen liburu honek!
