Leire Lizarzategui Elu: «Amicitia sareak jatorri sozial oso ezberdina zeukaten emakumeek baliatzen zituzten»

2026ko apirilaren 22a

Leire Lizarzategui Eluren lehen planoa

Leire Lizarzategui Elu (Ondarroa, 1993) ikertzaileak «Emakume erromatarrena amicitia sareak eta haien erabilera politikoa» artikulua argitaratu du Uztaro aldizkarian. Historia ikasi zuen Gasteizen eta hasieratik Antzinaroa eta, bereziki, garai hartako emakumeen agentzia politikoa interesatu zitzaizkion. Beraz, Elena Torregaray irakaslearen gomendioei jarraikiz, andre erromatarren amicitia sareen eta garaiko praktika diplomatikoen arteko lotura ikertzen espezializatu da doktoretzan. Doktoretza ondoko ikerketan erromatar garaiko diplomazia ikertzen jarraitzen du, beti genero-perspektiba aplikatuz. Erromatarren amicitia sareen inguruan gehiago jakiteko izan gara harekin.

Zer zen amicitia?

Adiskidetasuna litzateke, hitz latindar horren esanahi literala. Baina Uztaroko artikuluan haren erabilera politikoa aztertzen dut. Gizarte erromatarrean ohikoak (eta onartuak) ziren influentzia-sare pribatuak. Faboreak eskatzeko zein boterea erakusteko erabiltzen ziren eta, oro har, patronatu edo amicitia sare moduan identifikatzen ditugu, sare horietako kideek patronus/cliens edo amicus/amica hitzak baliatzen zituztelako sare barruko harremanen hierarkia adierazteko.

Sare horien funtzionamendu aztertu duzu. Zein iturritara jo duzu?

Artikulu honetan gehienbat iturri literarioak baliatu ditut (Zizeron, Valerio Maximo, Apiano, etab.), nire helburua emakume erromatarren amicitia sareek politikan zeukaten eragina ikertzea zelako. Baina hauek ez dira eskura ditugun baliabide bakarrak. Iturri epigrafikoak, adibidez, bereziki lagungarriak dira sare hauen konplexutasuna ulertzeko, batzuetan andreen esperientzia pertsonalak kontatzen baitituzte, haien beharrak zein sentimenduak. Esaterako, Veleia aldizkariko azken zenbakian Carmen Ruiz Vivas ikertzaileak Vindolandan (Hadrianoren Harresian) aurkitako taulatxo batzuk aztertzen ditu, matrona erromatarren arteko solidaritate-sentimendua baloratzeko.

Zertarako antolatzen ziren?

Amicitia sareak jatorri sozial oso ezberdina zeukaten emakumeek baliatzen zituzten, bakoitzak haien behar espezifikoei erantzuteko. Baina bi testuingurutan sarri aurkitzen ditugu iturri idatzietan. Alde batetik, emakume erromatar libre batek bortxa eta/edo indarkeria politikoa sufritzen zuenean. Kasu hauetan ohikoa da beste matronak hura publikoki defendatzen agertzea. Bestetik, fabore politikoak eskatzeko ere sarri baliatzen ziren sare hauek. Etxeak bilkura-gune moduan hartuta, andreek familia boteretsuenetako matronak bisitatzen zituzten, haien bidez hiriko erabaki politikoetan eragin ahal izateko.

Zein zen politikan egiten zuten esku-hartzea?

Sare hauek lobby moduan jarduten zuten, gehienetan interes indibidualen alde, eta zenbait kasu azpimarragarritan matrona talde baten interes kolektiboen alde. Erabaki ofizialak Senatuan eta hiritar asanbladetan hartzen ziren, eta haietan emakumeek ez zeukaten bozka-eskubiderik. Alabaina, atzerritarrek eta beste talde batzuek egiten zuten moduan, amicitia sareek egituratzen zituzten harreman pribatuen bidez emakume erromatarrek erabaki politiko, sozial eta ekonomikoetan eragitea lortzen zuten. Influentzia hori, oro har, pribatua zen, baina ohiko prozedurek huts egin zuten zenbait kasutan emakume erromatarrek protesta publiko arrakastatsuak ere burutu zituzten haien interesak entzunarazteko. Artikuluan protesta haien kasu ezagunenetakoa aipatzen dut: K.a. 42. urtean Hortensiaketa beste 1.400 andre erromatarrek burututakoa zerga politiko baten kontra.

Emakumeek politikan parte hartzearen kontra agertu ziren autoreen testuak ere aztertu dituzu. Zer erakutsi dute?

Kontraesan sakonak. Autore latindar gehienen idatziek tonu misoginoa hartzen dute emakumeei buruz idaztean. Autore askori ohitura guztiz arrotza (haien hitzetan, barbaroa) iruditzen zitzaien emakumeek politikan zein esparru militarrean aginterik izatea. Legeek zein idatzi filosofikoek argi erakusten dute oposizio hori. Baina, Errepublikaren amaieratik aurrera, narratiba historikoetan eta iturri pribatuetan ñabardura garrantzitsuak ikusten ditugu.

Izan ere, K.a. I. mendean zehar erromatarrek sufritu zituzten barne-gatazketan emakumeak berebizikoak izan ziren haien familiakideak salbatzeko zein erbestera joan behar izan zutenei bizirauten laguntzeko. Iturri askok goraipatzen dituzte emakume haiek, eta antzeko eginkizunak burutu zituzten beste garai batzuetako andre erromatarrak, berebizikoak izan zirelako momentu traumatiko haiek eragindako odolustea murrizteko. Hala ere, diskurtso laudagarri hauek emakumeek politikan zeukaten esku-hartzea kontrolatzeko ere balio zuten. Azken finean, praktika egokien eredu bat sortzen baitzuten. Matrona haien ekintzak egokitzat hartzeko, arrisku handiko testuinguru baten gertatu behar ziren, estetika eta tonu jakin batzuk erabiliz, eta espazio publikoaren erabilera kontrolatuarekin; aldiz, bizitza publikoan gizonen antzera jarduten zuten emakumeak gogor iraintzen zituzten iturri hauek.

Zein izan zen haien bilakaera? Noiz iritsi zen bukaera?

Ez nuke esango emakumeen arteko amicitia sare hauek guztiz desagertzera iritsi zirenik. Azken finean, sare hauen prozedura oso oinarrizkoa zen: etxeetan pribatuan biltzen ziren haien interesen aldeko faboreak eskatzeko, eta gero bakoitzak bere kontaktuak baliatzen zituen hiriko erabaki publikoetan eragin ahal izateko. Ia aro guztietan, eta testuinguru oso desberdinetan, aurki ditzakegu emakumeak halako gizarte-antolamenduak baliatzen. Hori bai, tokian tokiko berezitasunekin. Hala, erromatar sareei dagokienez, esango nuke desagertu ordez aldatu egin zirela, kristautasunak eta ideia filosofiko berriek ezartzen zizkieten mugetara egokitzeko. Hilabete honetan Veleia aldizkarian ere dosier bat publikatu dugu amicitia erromatarraren zenbait alderdi ikertzeko, eta Maite Muñoz García de Iturrospe irakasleak sakon aztertzen du aldaketaz beteriko garai horretan nola eraldatu ziren amicitia sare hauek.

Zer ikas dezakegu sare haiengandik?

Historiatik «moraleja» ateratzen saiatzea beti da arriskutsua; izan ere, jarrera horrek ikerketa zientifikotik urrundu eta komenigarriak ziren narratiba politikoak bultzatzera eraman ditu asko. Horren ordez, amicitia ikertzearen prozesutik zer ikas dezakegun proposatu dezaket.

Iaz bete ziren 50 urte Sara Pomeroy-k Goddesses, Whores, Wives, and Slaves: Women in Classical Antiquity liburua publikatu zuenetik. Beraz, esan dezakegu Antzinaroa genero-perspektibatik ikertzeko ildo akademikoak mende erdi bete duela. Pomeroy-ren proposamenei jarraituz, haren publikazioaren osteko lehen hamarkadetan ohikoa izan zen Antzinaroko emakumeak (baita erromatarrak ere) Historiaren biktima moduan ulertzea. Ez dut esango perspektiba hura endaz okerra zenik, zoritxarrez ez baitira falta diskurtso misoginoak, bortxak eta feminizidioak aro hartan. Baina, azken urteetan, iturrien berrirakurketak bistaratu digunez, zapaltzen zituzten testuinguruetan ere andre askok agentzia izateko modua aurkitu zuten. Hemen aipatutako emakume erromatarren amicitia sareen inguruko ikerketak ildo horretan txertatzen dira erabat, eta ikuspegi-aldaketa horretan sakontzea baimentzen digute. Izan ere, gizarteko arlo konkretu baten (politikan, ekonomian, hezkuntzan, etab.) emakumeek izan zuten eragina erakutsi ordez, esparru horietan jasaten zituzten mugak gainditzeko nola antolatzen ziren erakusten digute sare hauek. Hori bai, salbuespen aipagarriak baldin badaude ere, agentzia-bilaketa hori, oro har, indibiduala zen; gehienetan arauen kontra joatean helburu pertsonal konkretuak bilatzen zituzten, eta ez araua bera aldatzea.

Herbereetan eman duzu denboraldi bat. Nolakoa izan da esperientzia?

Eusko Jaurlaritzaren doktoretza ondoko ikerketarako beka bati esker egon naiz Herbehereetan 2024tik pasa den otsailera arte, Radboud Unibertsitatean. Bertako irakaslea da Lien Foubert, eta nire ikerketarako garrantzitsua zen berarekin lepoz lepo lan egiteko aukera hau izatea. Egun Lienek erromatar garaiko emakumeen mugikortasunaren inguruan lan egiten du, haien bidaiak aztertzen. Nire ikerketa-proiektua erromatar garaiko praktika diplomatikoen inguruan izanik beraren ikuspuntua bereziki lagungarria izango zela iruditzen zitzaidan, diplomaziaren alde legala baino areago alde praktikoa (mugikortasuna eta hospitalitatearekin lotuta) ulertzen lagunduko zidalakoan. Horrez gain, Lienen aspaldiko artikuluetako bat («Crowded and emptied houses as status markers of aristocratic women in Rome: the literary commonplace of the domus frequentata») inspirazio handia izan zen tesian zehar egin dudan amicitia-ren inguruko ikerketarako, berak argudiatzen baitzuen sare hauek emakumeentzat prestigioa eskuratzeko bide bat ere bazirela.

Berarekin izan dudan harremana bikaina izan da, eta batera emakume erromatarrek diplomazian izandako agentziari buruzko lan dezente ditugu oraindik martxan. Horrez gain, oso esperientzia polita izan da beste kultura akademiko bat sakon ezagutu eta jada aurreikusten ditugun erronken aurrean (zientziaren debaluazioa, balio demokratikoen gainbehera, etab.) beste komunitate batzuek zein erantzun proposatzen dituzten ezagutzeko.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Bai, asko. Hizkuntza bat bere osotasunean bizitzeko beharrezkoa da adierazpen zientifikoa ere hizkuntza horretan egin ahal izateko plataforma egokiak izatea, eta Uztaro aldizkariak aukera hori ematen digu testuinguru akademikoak eskatzen dizkigun emaitzei uko egitera behartu gabe.

Jakintza-arloak