Juan Kruz Alberdi Collantes: «Eskualde-planak ez dira soilik administrazioaren tresna bat; ondo ulertuta eta erabilita, tokiko ahalduntzerako eta lurraldearen kohesiorako palanka izan daitezke»
2026ko irailaren 16a

«Landa-etorkizuna berridazten: proposamenak, mugak eta kontraesanak Euskadiko landa-garapeneko programetan» lanaren emaitzak argitaratu ditu Uztaro aldizkarian Juan Kruz Alberdi Collantesek (Donostia, 1968). Geografia eta Historian lizentziatua da (Zaragozako Unibertsitatea) eta doktorea Filologia, Geografia eta Historian (EHU). Egun, EHUko Geografia eta Lurralde Antolamenduko irakaslea da. Harekin izan gara.
Zer dira Landa Garapeneko Eskualde Programak?
Landa-eremuen etorkizuna irudikatzeko eta bideratzeko tresna nagusi dira. Lurralde bakoitzaren erronkak eta lehentasunak jasotzen dituzte, eta horiei erantzuteko ekintza zehatzak proposatzen dituzte.
2022ko Landa Garapenaren Lege berriak ezarritako testuinguruan, programa hauek eskualdeko landa-garapenerako plangintzaren ezinbesteko tresna dira, horien bidez zer egingo den, non, nola eta zein baliabiderekin zehazten delako.
Landa Garapeneko Eskualde Programak tokiko komunitateek beren erronkak identifikatzeko, beren lehentasunak adierazteko eta beren ikuspegia eraikitzeko aukera ematen dute. Tokiko eragileen eta biztanleen ahotsa jasotzeko eta artikulatzeko espazio izan beharko lukete.
Plan hauek aztertu dituzu. Zertan jarri duzu fokua?
Ikerketa honetan ez nuen bakarrik jakin nahi zer esaten duten planek, baizik eta nola sortu diren, nork parte hartu duen, eta zer-nolako autonomia izan duten eskualdeek beren lehentasunak eta erronkak definitzeko orduan.
Fokua hiru dimentsiotan banatu dut: lehenik, planek jasotzen dituzten edukiak aztertu ditut, hau da, zer erronka eta lehentasun agertzen diren, eta nola aldatu diren azken hamarkadetan. Bigarrenik, prozesu metodologikoan sakondu dut: nola antolatu diren parte-hartze dinamikak, zer rol izan duten tokiko eragileek, eta zein izan den HAZIren eta Eusko Jaurlaritzaren gidaritza. Eta hirugarrenik, arreta berezia jarri diot tokiko eragileen posizionamenduari: nola bizi duten prozesua, zer espazio duten erabakietan, eta nola ikusten duten beren etorkizuneko rola.
Zein izan da metodologia?
Metodologia mistoa erabili dut, ikuspegi kuantitatiboak eta kualitatiboak uztartuz. Alde batetik, dokumentuen azterketa sistematikoa egin dut, bai planak berak, bai HAZIk ezarritako metodologiak. Adimen artifizialaren laguntza ere baliatu dut testu bolumen handiak prozesatzeko eta joerak identifikatzeko.
Baina funtsezkoak izan dira Landa Garapeneko Elkarteetako gerenteekin egindako elkarrizketak. Haien esperientzia eta iritziak ezinbestekoak izan dira emaitzak kontrastatzeko eta ñabardurak jasotzeko.
Azken batean, metodologia honek aukera eman dit ikuspegi instituzionala eta tokiko errealitatea uztartzeko, eta, batez ere, plan hauen atzean dauden logikak, mugak eta aukerak hobeto ulertzeko.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Aldaketa nabarmen bat gertatzen ari dela gure landa-eremuen ikuspegian eta garapen-estrategian. Lehen, planak gehiago ziren gabeziak estaltzera bideratutako tresnak: garraio publikoa, osasun-zerbitzuak edo etxebizitza bezalako oinarrizko beharrak asetzea zen helburu nagusia. Gaur egun, ordea, eskualdeek askoz ikuspegi proaktiboagoa hartu dute, eta etorkizunera begira dauden proposamenak egiten dituzte, dimentsio sozial, ekonomiko eta ingurumenekoak integratuz.
Adibidez, belaunaldi-erreleboa ez da jada gazteen faltaren inguruko kezkaren adierazpen hutsa. Orain, gazteak erakartzeko eta finkatzeko estrategia integralak planteatzen dira: etxebizitza eskuragarria, lan-aukerak, prestakuntza eta bizitzeko eredu berriak uztartzen dituztenak. Era berean, energia-burujabetza, elikadura-burujabetza edo trantsizio ekologikoa kontzeptuak indarrez sartu dira agendan, eta horrek erakusten du landa-eremuek badutela gaitasuna jasangarritasun globalaren erronkei aurre egiteko.
Bestalde, planek erakusten dute tokiko komunitateek ez dutela soilik beren gabeziak identifikatzen, baizik eta gero eta gaitasun handiagoa dutela beren etorkizuna modu estrategikoan irudikatzeko eta bideratzeko. Diagnostikoaren eta ekintzaren arteko koherentzia handitu da, eta horrek adierazten du plangintza-prozesuak heldutasun puntu batera iritsi direla. Hori guztia, noski, tokiko eragileen konpromisoari eta urteetako esperientziari esker da posible izan.
Hala ere, tentsioak ere azaleratu dira.
Bai, hala da. Plan hauen azterketan, tentsio batzuk nabarmen agertu dira, eta horiek ezin dira alde batera utzi. Tentsio nagusietako bat parte-hartze diskurtsoaren eta egiturazko zurruntasunaren artekoa da. Diskurtso ofizialean behetik gorako ikuspegia aldarrikatzen da, baina praktikan, planak egiteko metodologia estandarizatua da, eta tokiko ekarpenek ez dute beti eragin erabakigarria.
Eskualdeek badute tarte bat edukiak egokitzeko, baina ez dute askatasun handirik esparrua birdefinitzeko. Ezarritako egitura metodologikoak, faseak, adierazleak, ardatz estrategikoak, oso zehaztuta daude, eta horrek mugatu egiten du tokiko berrikuntza eta sormena. Elkarrizketatutako askok planak egiteko epeak oso laburrak izan direla adierazi dute, eta parte-hartze prozesuak, askotan, kontsulta hutsetan geratu direla, ez benetako deliberazio-espazioetan.
Bestalde, tokiko eragileen rolaren inguruan tentsioa sumatzen da. Lege berriarekin, Landa Garapenerako Elkarteen eginkizuna murriztu egin dela diote egile askok, eta ez dira gutxi beren ahotsa ez dela behar bezala entzuten sentitzen dutenak. Sakoneko galdera dago airean: nork erabakitzen du zer den garrantzitsua landa-eremuan? Eta nola bermatzen dugu tokiko komunitateen ahalduntzea?
Garrantzitsuak dira eskualde-planak?
Bai, nire ustez oso garrantzitsuak dira edo izan beharko lukete. Eta ez bakarrik edukiengatik, baizik eta eskaintzen duten aukeragatik: tokiko komunitateek beren etorkizuna irudikatzeko eta bideratzeko espazio bat sortzen dutelako. Eskualde-planak ez dira soilik administrazioaren tresna bat; ondo ulertuta eta erabilita, tokiko ahalduntzerako eta lurraldearen kohesiorako palanka izan daitezke.
Plan hauek aukera ematen dute tokiko errealitateak ikusgarri egiteko, erronkak izendatzeko eta proposamenak artikulatzeko. Eta hori, berez, balio handikoa da. Gainera, azken urteetan ikusi dugu eskualdeek gaitasun handia dutela beren egoera aztertzeko eta proposamen koherenteak egiteko. Diagnostikoaren eta ekintzaren arteko lotura gero eta sendoagoa da, eta horrek erakusten du plangintza-prozesuak heldutasun puntu batera iritsi direla.
Hala ere, plan hauek benetan eraginkorrak izateko, ezinbestekoa da baldintza batzuk betetzea: parte-hartze erreal eta deliberatiboa bermatzea, metodologia malgutzea eta tokiko autonomia aitortzea. Eta ondoren, administrazio ezberdinetatik, bertan aipatzen dena betetzen laguntzea. Bestela, planak paperean geratzeko arriskua dago, eta ez errealitatean.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka nagusiak askotarikoak dira, baina hiru multzotan bana daitezke: demografikoak, sozialak eta instituzionalak. Lehenik eta behin, demografiari dagokionez, belaunaldi-erreleboa da zalantzarik gabe kezka nagusietako bat. Landa-eremu askotan gazte gutxi bizi dira, eta horrek jarduera ekonomikoen jarraipena arriskuan jartzen du, eta ez bakarrik lehen sektorean. Horri lotuta, etxebizitza eskuragarriaren gabezia, zerbitzuen urritasuna eta mugikortasun-arazoak daude, eta horiek guztiek gazteek landa-eremuan bizitza-proiektua garatzea zailtzen dute.
Bigarrenik, erronka sozialak daude: kohesio soziala, zaintza-sareen sendotzea, biztanle berrien integrazioa edo komunitatearen dinamismoa. Landa-eremua ez da soilik ekoizpen-espazio bat; bizitzeko eta komunitatea eraikitzeko lekua ere bada. Eta horretarako, ezinbestekoa da gizarte-sare sendoak izatea, adinekoen ongizatea bermatzea eta aniztasunari irekitako herri biziak sustatzea.
Eta azkenik, erronka instituzionalak daude. Tokiko gobernantza indartzea, parte-hartze erreal eta eraginkorra bermatzea, eta tokiko eragileei protagonismoa aitortzea funtsezkoa da. Gaur egun, planifikazioaren logika oso zentralizatua da, eta horrek mugatu egiten du tokiko berrikuntza eta sormena. Erronka nagusietako bat da, beraz, nola uztartu eraginkortasuna eta koherentzia instituzionala, tokiko autonomia eta ahalduntzearekin.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso garrantzitsuak dira. Nire kasuan, urte asko daramatzat ikerkuntza egiten, eta egia da, orain arte, lan gehienak gaztelaniaz argitaratu ditudala, batez ere ebaluazio akademikoak kontuan hartuta. Hala ere, nire eguneroko jardunean, klaseak ematean, ikasleekin harremanean, eta tokiko eragileekin lanean, euskara da nire lan-hizkuntza nagusia. Eta horrek kontraesan bat sortzen du: zergatik ez dugu gure ikerkuntza euskaraz ere partekatzen, gure komunitateari zuzenean begira?
Uztaro bezalako aldizkariak funtsezkoak dira zentzu horretan. Ez bakarrik euskarazko ekoizpena bultzatzen dutelako, baizik eta gure ikerkuntza-lanak gure inguruko jendeari helarazteko aukera ematen digutelako. Askotan, ikerkuntza akademikoa nazioarteko ranking eta indexazio-logiketan harrapatuta dago, eta horrek urrundu egiten gaitu gure benetako publikoetatik: ikasleengandik, tokiko eragileengandik, eta gure lurraldeko komunitateetatik.
Bada garaia ikerkuntzaren norabidea birpentsatzeko. Oreka berriak bilatu behar ditugu: gure komunitateari begirako ekoizpena sustatu, euskarazko zientzia garatu, eta gure ezagutza partekatu, ez bakarrik nazioarteko foroetan, baizik eta gure inguruko eragileekin ere. Horregatik, Uztaro bezalako plataformek zeregin estrategikoa dute: ezagutza ekoizteko ez ezik, ezagutza partekatzeko eta komunitatearekin konektatzeko ere bai.