Jon Ordoñez Garmendia: «Garaiz gabiltza euskara estrategia digital batekin kokatzeko, baina egin beharreko zerbait da»
2026ko irailaren 24a

Euskararen herri estrategia digital baterako abiapuntua, gakoak eta ikuspegiak azterlana aurkeztu du Jon Ordoñez Garmendiak (Beasain, 1977) UEUren GOI ikastegiak ematen duen Euskara eta Digitalitatea graduondokoan. Euskararen herri-estrategia digitalaz hitz egiten hasi behar dela dio Ordoñezek, sare bat egin eta estrategia hori diseinatzen hasi. Graduondokoan aurkeztutako ikerlanaz gehiago jakiteko izan gara berarekin. Ordoñez Kazetaritzan lizentziatua da (Nafarroako Unibertsitatea) eta 2010az geroztik BERRIAn ari da lanean, arlo digitalean, bai webgunean baita sare sozialetan ere. Gaur egun, sare sozialen koordinatzailea da.
Zergatik behar du euskarak herri-estrategia digitala?
Euskara ziklo baten amaieran dago. 1960ko hamarkadan hartu zuen bultzada agortzen ari delako zantzuak daude. Eta horrez gain, paradigma-aldaketa bat ere badago: digitalitatearen eraginez, komunikatzeko ereduak, ohiturak eta moduak aldatzen ari dira. Eta azkar eraldatzen, gainera. Ahotsa eta hizkuntzak teknologia berrien oinarrian daude orain, eta paradigma berri horretan euskarak kokatu egin behar du; horretarako da beharrezkoa herri-estrategia digital bat; duela 30 urtetik lan asko egin baita euskaraz digitalitatearen arloan, baina beharrezkoa da nora eraman nahi dugun pentsatzea, ahaleginak bateratzea eta norabide bat ezartzea.
Herri-estrategia digital horren prototipoa izan nahi du zure proposamenak. Zein izan da ikerlanaren planteamendua?
Euskara eta Digitalitatea graduondokoan estrategia horren hutsunea aztertu genuen, baina nik ez dut aurkeztu herri-estrategia baterako proiektu bat, baizik eta prototipo bat pentsatzen hasteko abiapuntu bat. Horretarako beharrak, baldintzak, ezaugarriak eta gakoak identifikatu ditut, eta hori guztia aintzat hartuta, estrategia hori abiatzeko proposamen batzuk egin ditut, bai estrategia horrek izan beharko lituzkeen diseinuari eta osaerari buruzkoak, baita izan beharko lituzkeen funtzioei edo landu beharko lituzkeen gaiei buruzkoak ere.
Lau elkarrizketa egin dituzu. Nortzuei? Eta zergatik horiei?
Bai, lau izan dira, graduondokoak proiektua egiteko ezartzen zituen epeetan ez zidalako astirik eman elkarrizketa gehiago egiteko. Baina gaiak mereziko du jarraipena ematea eta jende gehiagorekin hitz egitea. Graduondokoan landu genuen materialean oinarritu nintzen aukeraketa egiteko, lau pertsonaren ikuspegiak eta ekarpenak jasotzeko: Ion Muñoa Eusko Jaurlaritzako Komunikazio eta Berrikuntza Sozialaren idazkari nagusia, Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendaria, Lorea Arakistain PuntuEus fundazioaren Marketin eta Komunikazio zuzendaria eta Gorka Julio software garatzailea eta hacktibista. Euskararen estrategia digitalak bateratzailea izan behar duela aintzat hartuta, digitalitatearekin lotuta dauden arlo desberdinetako pertsonak aukeratu nituen euren ikuspegiak eta ekarpenak jasotzeko: instituzio publikoena, Muñoaren kasuan; erakunde komunitarioen arlokoak, Waliño eta Arakistainen kasuan; eta komunitatearena eta librezaleen esparrukoa, Juliorenean.
Zeintzuk dira elkarrizketetatik atera dituzun titularrak?
Lehenik eta behin, oraindik garaiz gabiltzala euskara estrategia digital batekin kokatzeko, baina egin beharreko zerbait dela. Lehen esan dudan bezala, euskararentzat estrategia digital bat lantzerakoan ez ginateke hutsetik hasiko. Ixa taldeak ia berrogei urte daramatza hizkuntzaren prozesamenduarekin lanean, eta Xuxen-en lehen bertsioa 1994koa da. Duela hogeita hamar urte jada, Informatikari Euskaldunen lehen bilkuran, agertu zuten «mundu berria» zeritzoten horretan («ordenadoreak, Internet, datu-baseak, editoreak…») euskarak izango zuen lekuarekiko kezka. Eta zenbait diagnostiko eginak daude.
Baina orain arte garatu den eta orain garatzen ari den lan guztiari izaera estrategikoa eman behar zaio, eta norabide bat jarri. Lan horrek guztiak datozen hamarkadetan euskarak izango dituen erronkei erantzun beharko dielako eta erantzuteko gaitasuna izan beharko duelako. Herri-estrategia bat izan behar du, estrategia nazional bat, eta bateratzailea izan behar du, euskaldun guztiak aintzat hartuko dituena eta muga administratiboen gainetik inplikatuko dituena eragileak. Horretarako ezinbestekoak izango dira elkarrizketak eta parte-hartze publiko, pribatu eta komunitarioa. Horrek emango dio zilegitasuna.
Horrez gain, erradiala izan beharko du. Gobernantzaren erdigunean egon behar du tamaina horretako erronkari erantzuteko, eta hortik gobernantzaren parte diren eremu guztietara zabaldu beharko da. Alegia, ezin da administrazioaren sail baten adar bat izan. Josu Waliñok dio Emakunde lehendakaritzan kokatuta dagoen bezala egon beharko lukeela estrategia digitalak ere, hortik departamentu edo sail guztiei eragiteko. Eta eragiteko, goitik beherakoa ere izan behar du: alegia, hor hartzen diren erabakiek bete beharrekoak izan beharko dute, ez hautazkoak, bestela, Juliok dioen moduan, konbentzituetan geratuko gara eta arlo horretan erraldoien aurka ari gara borrokan.
Zeinek izan behar du hurrengo pausoa?
Eragileak inplikatzea eta guztiek gai honi dedikazio bat eskaintzea, elkarrizketak abiatu eta abiapuntu bat ezartzeko. Honi buruz hitz egiten hasi behar da, sare bat egin eta estrategia hori diseinatzen hasi. Kanpoan badaude ereduak.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Arakistainek elkarrizketan zioen erronka nagusia zer lortu dezakegun sinestea dela, eta arrazoia du. Alegia, egia da konpainia erraldoien aurrean eta horien artean kokatu behar duela euskarak eta gurea bezalako herri txiki batentzat, erronka handia dela; baina eragiteko gaitasuna daukagu, eta horretarako kontzientzia bat sortu behar da. Horrela sortu zen PuntuEus domeinua.
Denok ulertzen dugu ezezagun baten aurrean lehen hitza euskaraz egitea zer garrantzitsua den, erabat baldintza dezakeelako ondoren datorren elkarrizketa. Teknologia berriekin berdin gertatzen da: gure klik bakoitza neurtu egiten da, hizkuntza erabakitzen dugun aldi bakoitza erregistratuta geratzen da, eta konpainia erraldoiek horren arabera ateratzen dituzte ondorioak. Oso erraza da ChatGPT, Gemini edo beste hizkuntza-eredu luze batzuk erabiltzea, baina badugu Latxa.eus ere, eta erabili egin behar dugu hori ere, zenbat eta gehiago erabili, orduan eta hobea izango delako.
Garrantzitsua da horregatik euskaraz zer aukera, tresna eta baliabide dauden ezagutaraztea eta herritarrak kontzientziatzea. Estrategia digitalak kanpoan eragin behar du, konpainia handiengan, baina baita barruan ere, eragileak eta erabiltzaileak estrategiara ekarriz.
UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Maila pertsonalean niretzat oso aberasgarria, gaurkotasun handiko gai baten inguruan interesa bideratzen eta handitzen asmatu duelako. Digitalitatea pil-pilean dagoen gai bat da, eta hainbat erpinetatik landu dugu: ikus-entzunezkoak, hezkuntza, kultura, hedabideak, sare sozialak... Eta maila profesionalean ere bai, ezagutzen ez nituen hainbat tresna ezagutu ditudalako eta teknologia berrien gainean ere eztabaidatzeko aukera eman didalako.