Joanes Lameirinhas Ortuoste: "Pornografiaren kontsumo 'arazotsuari' buruzko definizio partekatu bat eraikitzea da erronka nagusietako bat"
2026ko martxoaren 3a

"Pornografiaren kontsumoa neurtzeko tresnak eta haien ezaugarri psikometrikoak: irismen-berrikuspena" ikerlanaren inguruko artikulua argitaratu du Uztaro aldizkarian Joanes Lameirinhas Ortuostek (Elizondo, 1997). Psikologian graduatua eta doktorea (EHU) da Lameirinhas eta harekin izan gara azterlanaren inguruan hitz egiteko.
Pornografiaren kontsumoa nabarmen igo da azken hamarkadetan eta horrek izan dezakeen eraginak kezka sortu du.
Azken hamarkadetan pornografiaren kontsumoa nabarmen areagotu da mundu-mailan, bereziki Interneten hedapenagatik eta gailu adimendunen erabilera orokortuagatik. Lehenago, eduki pornografikoa kontsumitu nahi zuenak aurrez aurreko erosketara jo behar izaten zuen; gaur egun, aldiz, eduki hori erabat eskuragarria eta doakoa da, eta modu anonimoan kontsumitu daiteke nonahi.
Ikerketek iradoki dute kontsumo horrek askotariko ondorioak izan ditzakeela: norbere gorputz-irudiarekiko atsekabea garatzea, sexu-harremanekiko itxaropen irrealak sortzea, kitzikapen sexualean arazoak agertzea, indarkeriazko jokabideak normalizatzea eta barneratzea, baimenean oinarrituta ez dauden praktikak zilegitzea, eta emakumeak objektu sexual hustzat hartzea, besteak beste. Hala ere, oraindik asko dago ikertzeke, eta horretarako funtsezkoa da fenomeno hau modu zorrotzean ebaluatzeko tresnak eskuragarri izatea.
Kontsumoa ebaluatzeko tresnak identifikatu nahi izan dituzue. Datu-base desberdinetara jo duzue horretarako.
Pornografiaren kontsumoaren ondorioak aztergai zituzten artikulu zientifikoak irakurtzean, heterogeneotasun handia antzematen genuen erabilitako ebaluazio-tresnei dagokienez; izan ere, ikerketa batetik bestera tresna oso ezberdinak erabiltzen ziren pornografiaren kontsumoa ebaluatzeko. Hori zela eta, behar bat ikusi genuen helburu horretarako erabiltzen diren tresnak sistematikoki identifikatzeko eta deskribatzeko. Eta horretarako, noski, literatura zientifikoa biltzen duten hainbat datu-basetarajo genuen.
16 tresna aztertu dituzue. Zein ezaugarritan jarri duzue fokua azterketa hori egiteko?
Tresnen ezaugarri psikometrikoetan jarri dugu fokua. Zehazki, hurrengo ezaugarriak aztertu ditugu: barne-trinkotasuna, denbora-egonkortasuna, barne-egituran oinarritutako baliozkotasuna, baliozkotasun konbergentea eta beste aldagaiekiko erlazioan oinarritutako baliozkotasuna (betiere, ikerlan bakoitzean eskuragarri zegoen informazioaren arabera).
Baliagarriak al dira tresna horiek pornografiaren kontsumoa ebaluatzeko? Zer erakutsi dute emaitzek?
Oro har, literaturan identifikatutako tresnek fidagarritasun- eta baliozkotasun-ebidentzia onargarriak erakutsi dituzte. Hala ere, tresnen artean alde handiak daude, bai ebaluatzen dituzten alderdiei dagokienez (maiztasuna, konpultsibitatea, ondorioak, motibazioak…), bai kontsumo “arrunta” eta kontsumo “arazotsua” bereizteko moduan. Bestalde, ezberdintasun kulturalak ere agertu dira: herrialde kontserbadoreagoetan edo erlijioek pisu handiagoa duten herrialdeetan eraikitako tresnetan, pornografiaren kontsumo “arazotsua” ebaluatzeko erabiltzen diren adierazleak bestelakoak izan ohi dira. Azkenik, tresna ia guztiak 18 urtetik gorako pertsonekin baliozkotu dira, eta horrek nabarmen mugatzen du tresna horiek nerabeekin aplikatzeko aukera. Hori muga esanguratsua da, kontuan hartuta pornografiaren kontsumoa, kasu askotan, lehenago hasten dela. Esaterako, Euskal Autonomia Erkidegoan lehen aldia 12 urterekin izaten da, batez beste. Horrenbestez, beharrezkoa litzateke nerabeei egokitutako ebaluazio-tresnak garatzea, adin-talde horretan izan ditzakeen ondorioak ere aztertze aldera.
Pornografiaren kontsumoari buruzko definizio adostu baten beharra dagoela diozue. Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Aurrez esan bezala, pornografiaren kontsumoaren inguruan hainbat alderdi ebaluatu daitezke (maiztasuna, konpultsibitatea, ondorioak, motibazioak…). Baina gaur egun ez dago adostasunik ebaluatu beharreko alderdiei dagokienez. Eta, era berean, ez dago adostasunik pornografiaren kontsumo “arazotsua” zehazteko adierazleei dagokienez. Dagokigun konstruktua modu hain ezberdinetan definitzeak zaildu egiten du ikerketen arteko konparaketak egitea eta, oro har, pornografiaren kontsumoaren ondorioei buruzko ezagutzan aurrera egitea. Horregatik, erronka nagusietako bat da pornografiaren kontsumoari buruzko definizio partekatu bat eraikitzea, eta argi zehaztea zer den eta zer ez den kontsumo “arazotsua”. Hala ere, erronka hori ez da soilik metodologikoa. Beharrezkoa da gaiaren bueltan aritzen diren diziplina ezberdinetako adituak elkartzea, eta horrek adostasunetara iristeko borondatea eskatzen du. Hori bereziki zaila izan daiteke gai honen kasuan, non faktore ideologikoek, kulturalek eta erlijiosoek pisu handia izan dezaketen oraindik ere.
Azaldu dituzun gauza asko Psikometriaren esparruari dagozkio. Zein ekarpen egiten du Psikometriak pornografiaren kontsumoa eta haren ondorioak bezalako gai konplexuak aztertzerakoan?
Psikometria aldagai psikologikoen edo konstruktuen neurketaz arduratzen den Psikologiaren baitako diziplina da, eta bere helburua da neurketa horien kalitatea bermatzeko eredu matematikoak, metodoak, prozedurak eta kuantifikaziorako teknikak garatzea. Psikometria aplikatuaren produktu nagusia ebaluazio-tresnak dira, eta Psikometriaren kezka nagusietako bat da tresna horiek baliozkoak izatea (hau da, neurtu nahi duten hori benetan neurtzea) eta fidagarriak izatea (neurtu nahi duten hori modu zehatzean neurtzea, zorizko erroreen eragina ahalik eta gehien murriztuz).
Esan ohi den bezala, ez dago sukaldaritza onik lehengai onik gabe; ba, era berean, ez dago zientzia onik neurketa onik gabe. Eta horregatik da hain garrantzitsua Psikometria. Jakina, neurketa-tresnak ez dira perfektuak, baina pertsonen errealitatera modu sistematikoan eta zorrotzean hurbiltzeko aukera ematen digute. Hori dela eta, bereziki baliagarriak dira profesionalon jardunean, ebidentzian oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko, bai eta ezagutza zientifikoa eraikitzen jarraitzeko ere.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, oso garrantzitsuak dira, Uztaro bezalako aldizkariek aukera ematen baitute euskarazko literatura zientifikoa sortzen jarraitzeko, ezagutza zientifikoa zabaltzeko eta bertako ikerlarion lana gizarteratzeko.