Irati Becerril Atxikallende: «Teknologia digitalak oso erabilgarriak dira eta gure bizitza errazten lagundu digute, baina horiek ere arriskuak dituztela ukaezina da»
2026ko ekainaren 8a

Teknologia digitalen erabilerari buruzko pertzepzio soziala izan du ikergai Irati Becerril Atxikallendek (Bilbo, 2000). Eguneroko bizitzan gehien erabiltzen diren tresnetan jarri du arreta: telefono mugikor adimendunak, erloju adimendunak, sare sozialak... Eta azterlanaren nondik norakoak argitaratu ditu Uztaro aldizkarian. Lehen Hezkuntzan graduatua da eta masterra du Psikodidaktikan. Gaur egun, EHUko doktoregaia da Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologian, eta PSIDES ikerketa-taldeko kidea da. Harekin izan gara.
Teknologia digitalen erabilera izan duzu aztergai. Zein teknologietan jarri duzu azpimarra?
Teknologia digitalak orokorrean kontuan hartu izan ditugu, hala nola ordenagailuak, telefono mugikor adimendunak (smartphoneak), tabletak, erloju adimendunak (smartwatch-ak), sare sozialak, Internet, adimen artifiziala, etab. Bereziki, eguneroko bizitzan gehien erabiltzen diren tresnetan jarri dugu arreta.
Horien erabileraren abantailen eta desabantailen inguruko pertzepzioa jasotzeko adina eta generoa hartu dituzu kontutan. Zergatik?
Aldagai horiek kontuan hartu izan ditugu teknologia digitalen erabilera ezberdina izan daitekeela ikusi izan dugulako. Adibidez, gure ikerketan ikusi izan denez, haur eta gazteek batez ere aisialdirako eta sozializatzeko erabiltzen dituzte teknologia digitalak; helduek, aldiz, lanerako, informazioa bilatzeko eta eguneroko bizitza kudeatzeko erabiltzen dituzte gehiago. Talde guztiek ez dute erabilera bera egiten eta ez dituzte kezka berak; beraz, desberdintasun horiek ikertzea ezinbestekoa da fenomenoa hobeto deskribatzeko.
Zein izan da azterketarako erabili duzun lagina eta metodologia?
41 lagunek osatu zuten lagina, haurrak, gazteak eta helduak barne. Teknologia digitalen abantailei eta desabantailei buruzko galdera irekietan oinarritutako metodologia kualitatiboa erabili zen, ondoren, kategorizazio-prozesu baten bidez aztertu zirenak. Datu-bilketa Ikertzaileen Europako Gauean egin zen. Urtero irailaren amaieran Bilboko Areatzan egiten den zientzia-dibulgazio ekitaldia da, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Europako beste erakunde batzuekin batera antolatua. Gure kasuan, Conecction: IKTen erabilera aztertzen haur, nerabe eta gazteetan izeneko txokoan parte hartu genuen, PSIDES ikerketa-taldeko kide gisa (IP: Joana Jaureguizar). Ekimen horren helburu nagusia da zientzia herritarrei hurbiltzea, ikertzaileen lana ezagutaraztea eta gizarteari egiten dizkioten ekarpenak balioan jartzea, eta gazteen artean bokazio zientifikoak sustatzea. Arratsalde bakarrean, hainbat gune edo txoko antolatzen dira, eta ikertzaileek modu ulergarri eta hurbilean haien lanak azaltzen dizkiete bertatik igarotzen diren pertsonei. Beraz, hori kontuan izanda, edonork parte har zezakeen borondatez gure ikerketan, adina edozein izanik. Horri esker, gizartean dauden askotariko pertzepzioak jaso genituen. Horrelako ekitaldi eta ekintzak oso interesgarriak eta baliagarriak dira ezagutza zientifikoaren transferentzia sustatzeko eta zientzia gizartera hurbiltzeko.
Zeintzuk dira abantailak? Zeintzuk desabantailak? Zer erakutsi dute emaitzek?
Identifikatutako abantaila nagusiak hauek dira: informazioa berehala eta azkar eskuratzea, entretenitzea eta ikasteko zein komunikatzeko erraztasuna. Desabantailei dagokienez, informazio-gainkarga, egiazko informazioa bereizteko zailtasuna, mendekotasun teknologikoa eta osasun mentalean izan dezakeen eragin negatiboa nabarmentzen dira. Oro har, egoera honek dituen bi «aurpegiak» erakusten dituzte emaitzek: teknologia digitalak oso erabilgarriak dira eta gure bizitza errazten lagundu digute, baina horiek ere arriskuak dituztela ukaezina da.
Generoaren eta adinaren araberako desberdintasunik aurkitu duzu?
Bai, pertzepzio desberdinak aurkitu genituen. Alde batetik, abantailak aztertu genituenean, helduek teknologien erabilgarritasun praktikoa baloratu zuten; haur eta gazteek, aldiz, aisialdian eta sozializazioan duten rola nabarmendu zuten. Sexua kontuan hartzean, mutilek eta gizonek ikasteko eta sozializatzeko baliagarriak direla nabarmendu zuten, eta neskek zein emakumeek, berriz, informazioa eguneratuta etengabe izateko edo larrialdi-egoeretan erabiltzeko.
Bestalde, desabantailak ikertzean, helduek informazio-gainkarga eta horren egiazkotasuna azpimarratu zuten; haur eta gazteek, aldiz, teknologia digitalekiko mendekotasuna, sarean aurki daitezkeen egoera arriskutsuak (adibidez, ezezagunekin hitz egitea) eta errealitatearen deskonexioa aipatu zituzten. Mutil eta gizonen diskurtsoa aztertzean, kezka handia adierazi zuten gizarte-harremanetan edo emozioetan duten eraginaz; neska eta emakumeek, berriz, tresna horiek arretan, errealitate fisikoaren deskonexioan eta informazio faltsua (fake news) zabaltzean duten eragina azpimarratu zuten.
Txilen zaude egonaldi bat egiten... Zertan zehazki?
Txilen nago doktore-tesiaren barruan nazioarteko egonaldi bat egiten, Txileko Unibertsitateak duen hezkuntzan espezializatutako ikerketa-zentro batean. Egonaldi hau nire ikertzaile-formakuntzaren parte da eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da; nire tesiaren gaiarekin lotutako nazioarteko ikerketa testuinguru batean lan egiteko eta ikasten jarraitzeko aukera bizitzen nabil. Bertan, nire ikerketa-ildoarekin (tresna digitalen erabilera haur eta gazteetan) lotura duen proiektu batean parte hartzen ari naiz bertako ikertzaileekin batera. Uztailaren amaierara arte izango naiz Txilen, ia bost hilabeteko egonaldia egiten.
Egonaldi honek aukera ematen dit nazioarteko ikertzaileekin harremanak sendotzeko, ikuspegi eta ideia berriak ezagutzeko, baita beste metodologia, analisi eta ikerketa-modu batzuk ikasteko ere. Aldi berean, nire esperientziatik eta ikerketetatik abiatuta, nire ekarpena egiteko aukera ere izaten ari naiz. Azken finean, elkarrekiko ikaskuntza eta elkar-elikatzea oinarri dituen esperientzia da.
Gainera, testuinguru eta errealitate desberdinak ezagutzea nire ikerketarako oso aberasgarria dela esango nuke, haur zein gazteen eta teknologia digitalen erabileraren inguruko ikuspegi berriak lantzeko aukera ematen didalako. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da, bai ikerketa-mailan bai maila pertsonalean, eta etorkizuneko lankidetza eta proiektu berrietarako aukera interesgarriak irekitzen ari zaizkit.
Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?
Bai, horrelako plataformak funtsezkoak dira ikerketaren emaitzak komunitate zientifikoari zein gizarte osoari zabaltzeko aukera ematen dutelako. Gainera, euskarazko ekoizpen zientifikoa indartzen laguntzen dute, sortutako ezagutza eskuragarria izatea ahalbidetzen dute, eta ezagutza esparru zientifikotik haratago hedatzea bermatzen dute, adibidez gizarte- eta hezkuntza-alorretan eragina izanik.