Irati Alkezar Etxeberria: «Tesi-proiektua martxan jarri arteko "linbo" horretan, Euskara eta Digitalitatea graduondokoan aurkitu nuen nire interesei erantzuteko toki egokia»
2026ko irailaren 9a

Euskal literaturan oinarritutako film luze eta ertainak: ibilbidea eta datu-bisualizazioa azterlana aurkeztu du Irati Alkezar Etxeberriak (Donostia, 2002) UEUren GOI ikastegiak ematen duen Euskara eta Digitalitatea graduondokoan. Alkezar Euskal Ikasketetan graduatua eta doktoregaia da EHUn. Aurkeztutako ikerlanaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Euskal literaturan oinarritutako filmak aztertu dituzu. Nola sortu da aukera?
Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Masterra amaitu nuenean, literaturaren eta zinemaren arteko harremanetan sakontzeko gogoarekin gelditu nintzen, Master Amaierako Lanerako hiru egokitzapen zinematografikoren analisia egin eta gero. Orduan, doktorego-tesiaren ibilbideari ekitea erabaki nuen, baina doktoratu aurreko kontratua lortu arte, UEUren Euskara eta Digitalitatea graduondokoan izena ematea pentsatu nuen. Horrela, tesi-proiektua martxan jarri arteko “linbo” horretan, graduondokoan aurkitu nuen nire interesei erantzuteko toki egokia.
Zer dira egokitzapen zinematografikoak? Zer ezaugarri dituzte?
Ez da erraza egokitzapen zinematografikoak zer diren esaldi bakarrean azaltzea, termino bakarrak hamaika ñabardura eta ulerkera izan ditzake-eta. Funtsean, egokitzapen zinematografikoa sorkuntza artistiko bat bitarteko edo euskarri zinematografiko batera pasatzea izango litzateke. Bai jatorrizko obraren, bai egokitutako obraren ezaugarrien arabera, egokitzapenak ere ezaugarri desberdinak izango lituzke; hau da, ez dira berdinak izango eleberri historiko batean oinarritutako fikziozko film luze batek dituen ezaugarriak, edo ipuin batean oinarritutako animaziozko film labur batek dituenak.
Euskal literaturan oinarritutako filmak identifikatu nahi izan dituzu zuk. Zein izan da prozedura?
Lehenik eta behin, euskal literaturan oinarritutako egokitzapen zinematografikoen inguruko bibliografiaren hustuketa egin nuen. Ondoren, gaiaren inguruko azterketa bateratu eta eguneratu gutxi zegoela ikusita, Interneteko katalogoetan bilatzeari ekin nion. Hala ere, Interneten eta plataforma digitaletan topatutako informazioa ere nahiko mugatua izan zen, eta hedabideetan ere arakatu nuen. Gainera, tutore izan dudan Libe Mimenza Castillo irakasleak egokitzapenak identifikatu ahal izateko eskura zituen bestelako informazio-iturriak ezagutarazi zizkidan.
Informazio zabal eta nahaspila horren erdian, konturatu nintzen egokitzapenak mota askotakoak eta amaigabeak izan zitezkeela. Horregatik, hurrengo pausoa azterketa egiteko kontuan hartuko nituen egokitzapen zinematografiko motak zein izango ziren erabakitzea izan zen. Horrela, erabaki nuen euskarazko narratiban oinarritutako irudi errealeko fikziozko film luze eta ertainetan ezarriko nuela fokua. Izan ere, askoz ere lan zailagoa izango litzateke film laburrak, dokumentalak, animaziozko lanak, etab. identifikatzea, alde batetik, zirkuitu industrial eta komertzialetatik kanpo ere asko mugitzen direlako, eta bestetik, zentsatu gabe daudelako. Nolabait esateko, nik euskal literaturan oinarritutako egokitzapen zinematografiko «errazenak» identifikatu ditut, baina azpimarratu nahiko nuke nire arakatzetik kanpo askoz ere gehiago daudela.
Zenbat film identifikatu dituzu? Eta zeintzuk dira haien ezaugarriak? Berezitasunen bat?
Bilaketa egiteko erabili ditudan irizpideak kontuan hartuta, orotara 16 film identifikatu ditut. Aipatu dudan bezala, aztertutako obrak industria zinematografikoaren baitan ekoitzitako fikziozko filmak dira, zehazki, 13 film luze eta 3 ertain. Gainera, euskaraz nahiz gaztelaniaz egindako filmak identifikatu dira, baita katalana erabiltzen duen bat ere.
Zein izan da euskal literaturan oinarritutako ekoizpenen bilakaera?
Nik egindako azterketak 40 urte barne bildu ditu, 1985etik 2025era, eta ezin da esan urte luze horietan zehar bilakaera nabarmenik gertatu denik egokitzapen zinematografikoei dagokienez. Euskal zinemarekin gertatu bezala, 2000ko hamarkadaren hasieratik aurrera egonkortasun- eta jarraitutasun-egoera bat soma daiteke egokitzapenen ekoizpenean, baina kopuruz hain obra gutxi izanda, ezin daiteke ondorio irmorik atera. Izan ere, 80-90eko hamarkaden artean 4 egokitzapen egin ziren, eta 2005etik aurrera 12. Nahiz eta kopuruari dagokionez bilakaerarik ez hauteman, genero-parekidetasunerantz bilakaera positiboa soma daiteke: 2013ra arte, emakumezko idazle bakar baten obra egokitu zuten zinemara (Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik Panpox), eta 2013tik aurrera, 4 izan dira emakumezkoen liburuak zinemara egokitu dituzten zuzendariak. Pentsatu nahi dut ez dela kasualitatea…
Datuak modu praktikoan eta bisualean eskuragarri jartzea izan da beste helburuetako bat. Non daude eskuragarri?
Bai, azkenean, graduondokoan egindako lanaren helburuetako bat topatutako informazioa herritarrentzat modu eskuragarri eta erakargarri batean helaraztea izan zen, literaturan eta zineman interesa duen orok katalogo moduko bat eskura izan zezan. Katalogo hori ikus-entzunezko tresna batzuen bitartez osatu nuen, baina zoritxarrez, momentuz, datuak ez daude eskuragarri. Modua topatu nahi dut katalogo hori publiko egiteko, baina oraindik ez dut argi ikusten nola egin. Norbaitek informazio hori nahiko balu, noski, pertsonalki pasa niezaioke nik prestatu nuen datu-bisualizazioa.
UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Esperientzia aberasgarria izan da dudarik gabe. Digitalizazioak gaur egun hartzen duen tokia, eta euskarak hor non eta nola jokatu behar duen erakutsi digute, eta orain arte hutsunea sumatzen nuen esparru horretan. Gainera, irakaskuntza-eredua erosoa eta bestelako kontuekin uztartzeko aproposa izan da, eta halakoetan asko eskertzen da eskainitako malgutasuna.