INGUMA datu-baseak webgune berria du

2025eko ekainaren 9a

INGUMA datu-baseak webgune berria du

INGUMA UEUk sortutako euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-baseak 25 urte beteko ditu aurten. Urte hauetan, unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz ahoz eta idatziz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa dokumentatu du, hau da, euskaraz zer egin den eta nork egin duen jaso du. Urteurren honen baitan webgune berritua estreinatu du.

Aldaketa nabarmenena itxuran nabaritu da, izan ere, webgune berriak diseinu berria eta erabilerrazagoa baitu orain. Laguntza-testuak hobetu egin ditugu datu-basearen erabilera samurtzeko helburuarekin. Horretaz gain, bilaketa sistema hobetu dugu Solr bilatzaile motorra erabiliz. Bilaketa-ekintzak gordetzeko eta inprimatzeko aukera izango dugu hemendik aurrera, bai eta Zotero moduko aipu-tresnetan erreferentziak gordetzeko aukera ere. Egileei dagokienez, beraien lanak sare sozialetan partekatzeko aukera izango dute. Datu estatistiko hobetuak eskainiko ditu webguneak, grafiko argiagoekin eta datu iturriak deskargatzeko aukerarekin.

Azkenik, datu-basea osatu eta oinarri duten proiektuei ere lekua egin zaie: Artizarra sare soziala, Wikibase, EAS (Euskararen Adierazle Sistema), Tesiker eta Ingumarekin ikertzen.