Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez: «Herri zatikatua gara, eta hezkuntza-curriculumetan gure historiak pisu txikia du»
2026ko ekainaren 27a

«Euskal Herria, ezagutza, historiografia» jardunaldia egingo da gaur Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. UEUko Historia Sailak antolatu du eta Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez (Gasteiz, 1973) sailkidea aritu da haren koordinazio-lanetan. Lopez de Luzuriaga historiako ikertzailea eta dibulgatzailea da eta euskara irakaslea. Harekin izan gara.
Euskal Herriko historia ikertua izan da, baina haren gizarteratzea ez dela erraza diozu. Zeintzuk dira euskal historiaren interpretazio-problemak?
Interpretazio-problemak dira estatu-nazio bakoitzak iraganaren bidez bere burua justifikatzeko markoa ondu duela hamarkada luzetan, eta une bakoitzeko administrazio-egoera iraganera proiektatu duela. Ondorioz, historia aztertzeko metodoak, sistema editorialak eta lehen mailako iturriek berek ikuspegi hegemonikoa babestu dute, aski determinista eta zentralizatua. Herriek, berriz, ahozkoak edo erdiahozkoak, ez dute berentzako moduko paradigma bat aurkitzen. Euskaldunak beti zerbaiten periferian agertzen gara, bandolero, outsider. Guk, berriz, Euskal Herria, edo euskaldunak, subjektu historiko gisa ikusten ditugu.
Euskal Herriaren historiografiaren diagnostiko kritikoa egin nahi duzue. Zein da egoera?
Kritikoa diogunean, ezagutzan eta ikuspegi poliedrikoan jartzen dugu indarra. Horrek esan nahi du historiari buruzko narrazioek askotan sortu dituzten dualismoetatik eta determinismoetatik ihes egitea, metodologiei eta alderdi epistemikoei erreparatzea, ikerkuntzatik dibulgaziora doan prozesuari. Zirkunstantzia guztiak hartu behar dira kontuan. Adibidez, dokumentuak idazten direneko garaia, irakurleak eta autorea bera. Demagun Vita Karoli Magni kronika karolingioa. Informazio-iturri ederra izan daiteke (778ko Orreaga edo Errozabalgo Gudua azaltzen du), baina kontrastatu beharrekoa. Berez, boterean zen dinastiaren propagandarako bitartekoa da.
Euskal Herri gehienean, Erdi Aroan, agiriak bertakoa ez zen hizkuntzan idazten ziren, ia inork ulertzen ez zuena. Alegia, eliteen arteko komunikaziorako edo ad extra ontzen ziren, eta hori ezin da oharkabean joan. Ahozkoa eta ohitura ziren nagusi.
Diziplinartekotasunik eta genero-ikuspegitik bide berriak zabaldu nahi dituzue. Zergatik da garrantzitsua?
Egia esateko, elkarrizketa sustatu nahi dugu, ateak zabaldu. Gurea bezalako herri batean, herri gutxituan, ikerkuntzak gai epistemikoak eta metodologikoak hartu behar ditu kontuan. Hizkuntza bera, onomastika, ezin da bazterrean utzi, kontzeptu batzuk erdaraz existitzen direlako, baina euskaraz ez, edo itzulpenak dira. Gainera, erdal izendapenak bertako berezkoen gainetik ezarri dira maiz. Ondarearen zabalkundea, halaber, gero eta gehiago lantzen da gure kultur testuinguruan, baina arlo hau ere ez da arantzarik gabea.
Akademian lan handia egin da, baina ez da denetara heltzen. Hutsune bat eta egonezina sumatzen da, eta ez da faktore bakar bat. Euskal Herriaren historiari buruz asko dira galderak, eta beti izan da handia herri-ekimena. Herri-ikerketa eta -dibulgazioa balioetsi behar da, eta aintzat hartu dagokion neurrian. Bestalde, diziplinarteko eragin handi batez, feminismotik, genero-gaiak gero eta presenteago daude historiografian. XIX eta XX. mendeko ikerkuntzak guztiz bazter utzi du emakumeen protagonismoa, mende horietako gizarte-eredu biziki patriarkala proiektatu du iraganera ere. Generoa ia anekdotikoa izan da, edo ikuspegi aski desitxuratuak eman dira, hala nola sorginkeriaren gaian. Hori alderantzikatzeko bidea zabaldu nahi dugu, bultzada bat eman.
Nola egin gure historiaren inguruko dibulgazioa? Zeintzuk dira gakoak?
Euskal Herriaren historia bidegurutze batean kokatzen da. Alde batetik, tokian tokiko ikerketak eta dibulgazioa daude, lokalismoa, esateko moduan, eta bestetik, marko handi bat dago: estatuena, Espainiakoa eta Frantziakoa. Esan daiteke horien zabalkunderako kanalak badaudela, eta ez dira gutxi, hala nola aldizkariak, irratiak eta hezkuntza bera. Euskal Herria eta euskaldunak aztergai gisa, ordea, bazterrean gelditu dira, gehigarri gisa eta ia borondatezkoa. Ondorioz, transmisioa zinez urria da, oro har euskal kulturari buruz identifikatu den bezala. Herri zatikatua gara, eta hezkuntza-curriculumetan gure historiak pisu txikia du, desberdina, eremuaren arabera. Nola egin Euskal Herriaren historiak haietan pisu handiagoa izateko? Hori ere aztertuko dugu.
Bestalde, gure historiari buruzko ekoizpena, maila guztietan, erdaratik bideratu da, eta irakaskuntza eta dibulgazioa neurri handi batean halaxe egiten da. Ez da kontu txikia. Azkenean, hizkuntzak eta atzean duen sistema guztiak (hezkuntza, literatura, argitaletxeak, erreferentzia kultural eta akademikoak, irakurle potentzialen multzoa) baldintzatu egiten du geure buruaz kolektiboki jasotzen dugun ikuspegia. Horren harira, gure historiari buruzko aldizkari dibulgatibo bat behar dugu? Nolakoa? Agian bai, baina landu beharreko gaia da.
Halaber, ondarea ikertuz, lagundu egiten dugu gure historiaren berri hedatzen, eta bitarteko teknologiko berriek asko demokratizatu dute Euskal Herriaren historiaren zabalkundea. Euskal ikuspegitik, Euskal Wikipedia eta haren proiektu paraleloak oso garrantzitsutzat jotzen ditut, belaunaldi askotara heltzen dira: era arinagoan, Ikusgelako ikus-entzunezkoen bidez, eta era serioagoan, artikuluetako testuen bidez, irakurlea erreferentzia bibliografiko zehatzekin (euskarazkoak edo ez) harremanetan jarriz. Proiektu horietako batean, ondareari loturik, hor dugu “Euskal Herriko historia 100 objektutan” programa interesgarria.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaroa Historiako irakasleei, ikasleei eta gure herriaren historian interesa duten euskaldun guztiei zuzenduta dago.
Zerbait nabarmentzeko?
Nahiko genuke hitzordu hau Euskal Herriaren historia irakasten, ikertzen eta dibulgatzen dabiltzan maila askotako talde eta norbanakoen topagune izatea, elkarrizketa zabaltzea eta, agian, diziplinarteko sinergia berriak sortzea, arlo zehatzagoak landu ahal izateko.