Iñaki Alegria Loinaz: "Inguman kontsultagarri dago unibertsitate-mailako euskarazko ekoizpen zientifiko-tekniko ia osoaren deskribapen bibliografikoa"

2025eko otsailaren 18a

Iñaki Alegria Loinaz: "Inguman kontsultagarri dago unibertsitate-mailako euskarazko ekoizpen zientifiko-tekniko ia osoaren deskribapen bibliografikoa"

Inguma Euskal Komunitate Zientifikoaren datu-baseak 25 urte bete ditu aurten. Urteurren-urtean proiektuaren sorreraz, ibilbideaz eta aurrera begirako erronkez hitz egin dugu Iñaki Alegria Loinazekin (Donostia,1957), Ingumaren sortzaileetako batekin. Informatikan doktorea, UPV/EHUko Informatika Saileko irakaslea eta ikertzailea eta UEUko zuzendaria izandakoa da. Egun UEUko Talde Eragileko kidea da eta Adimen Artifizialean, Hizkuntza Teknologian eta IKTetan aditua.

Ingumak 25 urte beteko ditu aurten. Zer helbururekin sortu zen?

Euskal komunitate zientifiko-teknikoa trinkotzea eta harekin lankidetzan aritzea izan da UEUren helburu estrategikoa hasieratik. Interneten online datu-baseak agertzen hasiak zeudenean iruditu zitzaigun egingarria zela alor zientifiko-teknikoan euskaraz argitaratutakoa katalogatu eta Interneten jartzea. Argitaratutakoa eta emandako eskolak/hitzaldiak bildu eta horien bitartez adituak identifikatzea. Adituen identifikazioarekin hiru helburu bete nahi izan ditugu: adituak ezagutaraztea, egiten duten lanari balioa ematea eta haiekin harremanetan jartzeko aukera ematea. Diziplinen arteko proiektu europar gisa sortu zen, eta finantzaketarik lortu ez genuen arren, UEU barruko auzolanaren bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, aurrera egitea lortu genuen.

Zer eskaintzen du Ingumak 25 urte eta gero?

Kontsultagarri dago unibertsitate-mailako euskarazko ekoizpen zientifiko-tekniko ia osoaren deskribapen bibliografikoa. Idatzitakoa oso-osorik eta ahozkoaren (eskolak, hitzaldiak, etab.) atal garrantzitsu adierazgarri bat. Gainera, ahal den kasu guztietan (irekian eskaintzen delako), fitxa bibliografikoaz gain eduki bera ere estekatuta dago, beraz, bertatik irakur daiteke liburua, artikulua, tesia edo lana. Esan bezala, egileei ere garrantzia ematen zaie eta gai baten inguruan dauden adituak kontsultatu eta haiekin harremanetan jartzeko aukera eskaintzen da. Hau oso erabilgarria da hitzaldi/jardunaldien antolatzaileentzat, kazetarientzat, adituen edo ebaluatzaileen bila dabiltzan administrazio/enpresentzat...

Ingumako datuak adierazle aitortuak izatea ere aipagarria da, bertatik ateratako datuek erabilera ofiziala baitute irakasle/ikertzaileen curriculumari begira eta EASen (Euskararen Adierazle Sistema).

Eusko Jaurlaritzaren Tesiker egitasmoa ere (Euskarazko doktorego-tesiak), Ingumaren nolabaiteko kumea da, Inguman bildutako fitxa bibliografikoak izan baitziren edukiak digitalki argitaratzeko ernamuina.

"Ingumak 25 urte" ikerketa-beka deialdia zabaldu da. Zer helbururekin?

UEUn ikerketari garrantzi handiagoa eman nahi diogu eta lerro horretan uste dugu Ingumaren datuak oso interesgarriak direla ikerketa bideratzeko hainbat arlotan: bibliotekonomia, soziolinguistika, hizkuntzalaritza, historia, soziologia, hizkuntza-teknologia... Aukera zabala da. www.inguma.eus webguneko “datuak” atalean sartuta nahiko agerian geratzen dira aukerak.

Gu gehien kezkatzen gaituena da inoiz baino irakasle/ikertzaile euskaldun gauden honetan zergatik ekoizpena ez den hazten, eta nola bultza daitekeen hazkuntza. Karmele Artetxe Sanchez, bere tesian, izan zen lehena horri ekin ziona, baina ordutik 15 urte pasa dira azterketa hartatik.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Bi erronka nagusi ditugu, zabalkundea/erabilera batetik, eta garapen teknologiko berria bestetik.

Uste dugu ez dela nahiko erabiltzen duen oinarrizko helbururako, hau da, euskarazko bibliografia bilatzeko. Ikertzaile bat artikulu bat idazten ari bada, edo irakasle bat eskola prestatzen dagoenean, euskarazko bibliografiari lehentasuna eman beharko lioke, eta euskarazko bibliografia bilatzeko Inguma tresna onena da. Antzera gertatzen da adituen aldetik, kultura-jardunaldietarako, komunikabideetarako edo bestelako lanetarako aditu euskaldunak bilatzeko oso tresna egokia da, eta gutxi erabiltzen da horretarako. Arazoaren parte bat izan liteke Inguma nahiko ezaguna ez izatea, eta hori konponbidean jartzeko ere erabili nahi dugu 25. urteurrena.

Garapen teknologikoari dagokionez hainbat ideia ditugu, eta espero dugu epe laburrean finantzaketa lortu eta martxan jarriko ditugula. Lehena da estekatutako testuak biltzea eta horrekin zerbitzu berriak ematea. Bildutako testuekin bilaketa hobetu daiteke bilaketa semantikoa erabiliz, eta, bibliografiaren aipuak eskuratuta, ustia daitezke Google-Scholar-ek egiten duen moduan. Horrez gain, iraupen edo preserbazio digitalaren zerbitzua ere eskaini nahiko genuke, euskarazko archive.org moduko bat, digitalki argitaratuko testu asko denboraren poderioz desagertzen joaten direlako. Hori saihesteko gure biltegia erabiliko genuke.

Zerbait azpimarratzerik nahi?

Ikergazten artikuluak aurkezteko garaian gaudenez, artikulua idazteko edo hobetzeko urratsean ikergazteak animatu nahi ditut euskarazko bibliografia kontsulta eta aipa dezaten. Eta horretarako Inguma erabil dezaten. Bestalde, Inguman barneratzen ez diren material pedagogiko interesgarriak ere biltzeko asmoa dugu, batez ere multimedia-izaera dutenak (bideoak, podcastak, diapositibak...). Ohiko datu-base bibliografikoetan jasota egon ez arren, gero eta erabiliagoak dira eta UEUren helburu pedagogikoetarako ere oso interesgarriak dira.

Jakintza-arloak