"Doktoregai eta ikertzaileen belaunaldi asko egon dira isilean ondoezik bizitzen"

2023ko maiatzaren 18a

Eider Saragueta eta Beñat Garaio

"Ikertzaileen osasun mentala: gakoak eta konponbideak" gaia landu dute Ikergazterako Eider Saragueta (Ibarra, 1989) eta Beñat Garaio (Gasteiz, 1990) ikertzaileek. Saragueta, Hezkuntzan da doktorea eta Garaio berriz, Soziolinguistikan. Gaiaren gainean gehiago jakiteko izan gara haiekin.

Ikertzaileen osasun mentalaz ariko zarete Ikergazte kongresuan. Behar beste lantzen ez den gaia da?

Eider: Oro har, osasun mentala azken urteetan hasi da ikusgarriago bihurtzen, esango nuke pandemiak horretan eragina izan duela. Baina hala ere, oraindik asko dago lantzeko. Era berean, ikertzaileen osasun mentala lantzeko hainbat azterlan egin izan dira, badira hainbat ikerketa hori aztertu dutenak, adibidez depresioarekin eta herstura edo antsietatearekin lotura dutenak. Baina esango nuke gurean oraindik ikerketa asko egiteke dagoela gai honen inguruan. Ikerketa eginda aukera gehiago daude gertatzen ari dena bideratzeko.

Beñat: Eiderrek esandakoaren harira, doktoregai eta ikertzaileen belaunaldi asko egon dira isilean ondoezik bizitzen, eta ordaindu beharreko bidesari moduko bat zela onartzen zen. Garaiak aldatu dira eta ez da onargarria sufrimendu hori bere horretan onartzea eta, horretarako, egoera ezagutu behar da eta esku-hartzeak jarri behar dira martxan. EHUko OPIK taldea ikerketa bat ari da egiten doktoregaien osasun mentalaren egoera aztertzeko eta esan liteke beraiek ari direla bidea zabaltzen. Bestalde, pasa den martxoan, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailetik gai hau jorratuko zuen mintegi bat egiteko proposatu zidaten doktoretza-programako doktoregaiei begira, eta Yolanda González OPIK ikerketa-taldeko kidearekin eta Leire Pinedo psikologoarekin batera saio polit bat egin genuen. Gurean horrelako hitzaldi bat egiten zen lehen aldia izan zela esango nuke.

Zeintzuk dira osasun mentalean eragiten duten adierazleak?

E: Osasun mentala osasun-baldintzatzaile askori dago lotuta, ez da bat-batean gertatzen. Estresa izan daiteke adierazle bat, baina ez soilik tesiari lotutakoa, baizik eta norbanako horrek inguruan duen egoeragatik ere gerta daiteke. Osasun-baldintzatzaileak inguruari lotuta egon daitezke: herri ala hiri batean bizi garen. Elikadurak ere eragina du: zer-nolako elikadura izateko aukera dugu? Aisialdirako aukera dugu? Hori jasotzen dugun ordainsariari lotuta egongo da. Generoa ere baldintzatzaile nagusi bat da, desberdin sozializatzen gaituztelako eta jasotzen dugun presioa desberdina delako.

Hortaz, gure lanean nahiko egoera egonkorra badugu, lankideekin harreman ona edo adeitsua badugu, bizi garen ingurua atsegina bada, elikagai osasuntsuak kontsumitzeko aukera badugu eta aisialdiaz gozatu badezakegu, horrek gure osasun mentalean eragin zuzena izango du.

Baina gure lanbideak horietako asko baldintzatu ditzake. Hau da, etorkizuneko lan-ziurgabetasunak, lanean karga handia izateak (kasu askotan doktoregai bati dagokiona baino gehiago), bizitzeko ordainsari duina ez izateak (pisua partekatzeko beharra izatea ―eta ez nahia―), etengabeko publikatzeko presioa izateak... ekar dezakete arnas faltaren sentsazioa izatea, kezka kontrolaezinak izatea, lo egiteko arazoak izatea, zerbait behin eta berriz egiaztatu behar izatea, neke -sentsazioa izatea, errudun sentitzea, kontzentratzeko zailtasunak izatea, suizidio-ideiak izatea...

Alarma -seinaleak ere aipatuko dituzue.

E: Horiek izango lirateke alarma-seinaleak, hau da, luzaroan triste egotea, gehiegizko nekea izatea, loaren, janguraren edo sexu-desiraren arazoak, etengabeko kezka izatea buruan... badira gehiago baina gehienak lotuta daude antsietate edo depresioaren sintomei.

Ni tesia egiten aritu nintzen bitartean horietako asko sentitu izan nituen, baina ez nekien zer gertatzen zitzaidan. Orain beste era batera ikusten dut eta inguruan era horretara dagoen norbait badago argi esaten diot ez dagoela ondo eta zaindu behar duela, laguntza eskatu behar duela. Tesi-garaian sentitutako alarma-seinale asko lausotu dira, baina ondorioak landu ezean, ezin da aurrera egin. Gaur egun, irakasle moduan sentitzen badut horrelako seinaleren bat askoz arreta gehiago jartzen dut eta konponbidea lehenbailehen ematen saiatzen naiz, baina orain adibidez ahalmen ekonomiko handiagoa dudalako aukera dut horretarako.

B: Nire kasuan, tesiak iraun zuen 5 urteetatik ia 4 urte eman nituen ondoezik, egunerokoa aurrera ateratzeko zailtasun handiekin eta etorkizun hurbilera begira guztiz lotuta. Alarma-seinaleak jaso nituen horren aurretik, baina ez nintzen gai izan horiek garaiz identifikatzeko eta gerora oso zaila egin zitzaidan nire egoera emozionala kudeatzea. Zorionez, eta lanketa askorekin, tesia depositatu eta egun gutxi batzuetara hasi nintzen berreskuratzen eta geroztik nahiko ondo, ondo edota oso ondo nagoela sentitzen dut, tesi aurreko Beñat identifika dezaket nire baitan, oraingoan gauza askotan zeharo pertsona ezberdina naizen arren. Alarma-seinaleak iristen zaizkit tarteka, ia gehienetan ikerketa-eremuan eta gaur egungo gizartean dugun gehiegizko lan-kargarekin lotuta, baina beste egoera emozional bat eta tresna batzuk ditut momentuan bertan neure burua erregulatzeko.

Egoera ez da ona. Hori diote datuek.

B: Yolanda Gonzálezek partekatu zituen datuak ekarriko ditut, azken urteetan hainbat hedabidetan adierazle eta estatistika kezkagarri ugari agertu diren arren. OPIK ikerketa-taldeak egindako lanetan ikusi da, emaitza hauek oraindik behin-behinekoak diren arren, depresioa doktoregaien % 38k dutela eta antsietatea, berriz, % 50ek. Halaber, MHI-5 Indizea, azaldu zigunez osasun mentalaren adierazlea dena, 51,1 puntukoa da UPV/EHUko doktoregaien kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoan datu hori % 74,9 denean. Badago aldea.

Egoera aldatu eta hobetzeko irtenbideak ematea da zuen helburua. Betiere modu eraikitzailean.

E: Gizartean ikusten ari gara gaiak geroz eta garrantzia gehiago duela eta, adibidez, UPV/EHUn arreta psikologikoko zerbitzua badago. Hala ere, oraindik bide luzea geratzen zaigu egiteko. Uste dut hainbat alorretan kontzientzia falta handia dagoela tesi-zuzendarien partetik. Belaunaldi-aldaketa handia egon ohi da doktoregai eta zuzendarien artean eta arrakala horrek eragina du mundu-ikuskeran. Gainera, ikertzaile hasi berri batek izan ditzakeen ziurgabetasunak, zalantzak edota kezkak akonpainatu egin behar dira eta merezi duten espazioa eskaini. Ikergazte moduko kongresu batean gaiari espazioa ematea bada pauso bat. Agian askok ez dute jakingo oso ondo zer gertatzen zaien, baina badakite lo egiteko arazoak dituztela, umore-aldaketa erradikalak dituztela edota etengabeko kezka sentitzen dutela. Garrantzitsua da konturatzea horiek osasun mentalari lotutako sintomak direla eta lehenbailehen heltzea beharrezkoa dela.

Kongresura hurreratuko diren ikertzaileekin iritziak partekatzea nahi duzue.

B: Ordubeteko tartea dugu IkerGazteko saiorako eta, horrelakoetan gertatu ohi zaigun bezala, hamaika gauza esan eta txertatu nahiko ditugu. Dena dela, garrantzia ematen diogu norberak bere bizipenak partekatzeari eta bilduko garenontzako baliagarriak izango diren testigantzak kontatzeari. Kontatzea bezain garrantzitsua da entzutea eta uste dugu on egingo digula denoi, orain artekoa modu osasuntsuan barneratu eta aurrera begira indarrak irtenbideetara bideratzeko.

Zergatik dira garrantzitsuak Ikergazte bezalako topaguneak?

E: Horrelako topaguneek aukera ematen dute alde batetik, pertsonak ezagutzeko. Arlo oso desberdinetako pertsonak ezagutuz aukera dugu ikasteko haien ikerketa egiteko modutik, baina batez ere, egunerokoa nola kudeatzen duten ikasi eta parteka dezakegu. Gainera, egunerokoan ikerketa-lerro eta -gaiak oso banandurik egoten gara eta elkartzeko aukera honek eskaintzen digu kolektibotasun edo talde-izaera hori garatzea. Eta zerbaiten parte garela sentitzen garenean gure osasun mentalean eragin dezakegu. Ikergaztek aukera ematen du diziplina oso desberdinetako pertsonak ezagutzeko eta haien lanari beste begirada bat eskaintzeko. Agian ez dut ulertuko fisika teorikoari buruzko aurkezpen guzti-guztia, baina egileek ahalegin handia egiten dute dibulgazio-lana egiteko eta aurkezpena egin duen pertsonarekin bazkalorduan banago gai izango naiz nire begirada eskaintzeko eta ziurrenik espero gabea izango da beste alor batekoa naizelako. Uste dut horrek egiten duela berezi Ikergazte, alor desberdinetako ikertzaileak elkartu eta elkarren artean sortzen den sinergiak.