"Ikaskuntza-zailtasunetan irakasleek duten papera oso garrantzitsua da, bai zailtasunak atzemateko orduan baita horiek artatzeko garaian ere"

2025eko irailaren 30a

"Ikaskuntza-zailtasunetan irakasleek duten papera oso garrantzitsua da, bai zailtasunak atzemateko orduan baita horiek artatzeko garaian ere"
Maite Redondo Zaballos eta Amaia Aierbe Pombo

"Irakurketa, idazketa eta kalkulua: zailtasunak azaleratzen direnean" online ikastaroa emango dute Maite Redondo Zaballosek (Donostia, 1989) eta Amaia Aierbe Pombok (Pasaia,1994). Redondo Psikologian lizentziatua da eta masterrak ditu Psikologia Ikerketan, Osasun Psikologia Orokorrean eta Ikaskuntzan zailtasun eta hizkuntza-nahasteetan. Aierbe Psikologian graduatua da, Neuropsikologian du masterra eta Irakurketaren ikaskuntza eta haren zailtasunetan graduondokoa. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroa da eta urriaren 6an emango zaio hasiera. Haiekin izan gara.

Ikaskuntza-zailtasun espezifikoetan jarriko duzue fokua. Zeintzuetan?

Fokua irakurketarekin, idazketarekin eta matematikarekin zerikusia duten ikaskuntza-zailtasunetan jarriko dugu. Ikasketa-prozesuez ari garenean, haurren beste alderdi eta ezaugarri batzuk ere hartu behar dira kontuan, baina ikastaro honetan hiru arlo horietan sakonduko dugu. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo ikasturteetan gaitasun horien oinarriak garatzen dira, ikasleen etorkizuneko garapen akademikorako ezinbestekoak izango direnak.

Nola atzeman nahasmendu hauek?

Zailtasunak garaiz atzemateko haurrengan hainbat zantzu ikusten direnean (eskolan edo etxean) eta zailtasunen susmoa sortzen denean, arlo horietan sakontzea komenigarria izango litzateke. Horretarako, bai irakasleak eta baita familiak ere adi egon behar dute ezaugarri horien jarraipena egiteko. Horretaz gain, hainbat tresna erabil daitezke zailtasunik dagoen aztertzeko, eta beharrezkoa balitz, haurra ebaluazio-prozesu sakonago batera bideratu beharko litzateke. Azpimarratu nahi genuke zenbateko garrantzia duen zailtasunen detekzio goiztiarra egiteak, hauei emango zaien erantzuna eraginkorra izan dadin.

Nola artatu beharko lirateke ikastetxean?

Alde batetik, ikastetxeak garrantzi handia dauka atzemate-prozesuan. Bestalde, behin zailtasunak atzeman direla, haurrek ikasketetan aurrera egin dezaten beharrezkoak diren egokitzapenak egin beharko lirateke (materialenak edota metodologiarenak, besteak beste). Ikastetxeko esku-hartzearen helburu nagusia zera da, irakurketan, idazketan eta matematikan agertzen diren zailtasun espezifikoek ahalik eta eragin gutxien izatea ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesuan. Bai zailtasunen atzemate-prozesuan eta baita esku-hartzean ere, profesional guztien arteko elkarlana oso komenigarria da.

Nahasmendu hauek lantzeko elkarlana giltzarria dela diozu. Zergatik?

Ikasketetan zailtasunak agertzen direnean, haurraren inguruan hainbat pertsona eta profesional egon daitezke lanean. Haurrekin egiten den lan horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko inguruan dauden pertsona guztiek argi izan behar dute berarekin ezarri diren helburuak zeintzuk diren, zeri eman behar zaion lehentasuna eta abar. Eskolatik kanpo esku-hartze bat martxan jartzeak ez dauka zentzurik eskolako helburuekin bat ez badator, eta gutxiago familiak ere bere kabuz beste ekintza edo jarduera batzuk egiten baditu. Haurraren onurarako jar gaitezen ados denok gure artean, guztiok ildo beretik lan eginez.

Nori dago zuzenduta?

Gai honen inguruan sakondu nahi duen edozein pertsonarentzat baliagarria izan daiteke, baina batez ere zailtasun hauek dituzten haurrekin lan egingo duten hezkuntza-profesionalei: psikologoak, orientatzaileak, irakasleak... Ikastaroa Lehen Hezkuntzako kasuetan asko oinarritzen da, aipatu dugun bezala, gaitasun hauen oinarriak ikasturte horietan eskuratzen direlako eta, aldi berean, zailtasunak garai horretan atzematen has gaitezkeelako. Hala ere, Bigarren Hezkuntzako kasuak eta haien ezaugarriak ere aipatzen ditugu.

Nabarmentzeko zerbait?

Ikaskuntza-zailtasunetan irakasleek duten papera oso garrantzitsua da, bai zailtasunak atzemateko orduan baita horiek artatzeko garaian ere. Ikasleek aurrerapen akademikoak egiteko dituzten aukerak, eta bereziki zailtasunak dituztenenak, eskolan eta eskolatik kanpo egiten denaren menpe egoten dira. Ezinbestekoa da kasu bakoitzerako laguntza aproposa eskaintzea, besteak beste, horrelako zailtasunek alderdi emozionalean dituzten ondorioak ekiditeko edo gutxitzeko.

Jakintza-arloak