"Ikaskuntza-zailtasunetan irakasleek duten papera oso garrantzitsua da, bai zailtasunak antzemateko orduan eta baita hauek artatzeko garaian ere"
2026ko martxoaren 6a

"Irakurketa, idazketa eta kalkulua: zailtasunak azaleratzen direnean" online ikastaroa emango dute UEUrekin Maite Redondo Zaballosek (Donostia, 1989) eta Amaia Aierbe Pombok (Pasaia,1994). Redondo Psikologian lizentziatua da eta masterrak ditu Psikologia Ikerketan, Osasun Psikologia Orokorrean eta Ikaskuntza-zailtasun eta hizkuntza-nahasteetan. Aierbe Psikologian graduatua da, Neuropsikologian du masterra eta Irakurketaren ikaskuntza eta haren zailtasunetan graduondokoa. Apirilaren 15ean hasiko da ikastaroa, Zornotzako Barnetegiko irakasleei zuzendutakoa. Haiekin izan gara.
Ikaskuntza-zailtasun espezifikoetan jarriko duzue arreta. Zeintzuetan?
Fokua irakurketarekin, idazketarekin eta matematikekin zerikusia duten ikaskuntza-zailtasunetan jarriko dugu. Ikasketa-prozesuez ari garenean haurren beste alderdi eta ezaugarri batzuk ere hartu behar dira kontuan, baina ikastaro honetan hiru arlo horietan sakonduko dugu. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo ikasturteetan gaitasun horien oinarriak garatzen dira, ikasleen etorkizuneko garapen akademikorako ezinbestekoak izango direnak.
Horiek antzemateko ezinbestekoa da formazioa. Irakasleek badute horien inguruko informaziorik?
Hezkuntza-arloan profil oso desberdinak daude. Irakasle batzuek beren beste ikasketengatik (logopedia, psikologia, pedagogia,...) arlo honen inguruko ezagutzak dituzte, baina beste profesional askok beren formakuntzetan hutsune bat nabaritzen dutela onartzen dute, eta lan-munduan daudenean gai honen inguruko ikastaroak eta formakuntzak egiteko beharra sentitzen dute.
Nola erantzun beharko litzaieke ikasle horien beharrei?
Alde batetik, antzemate-prozesuak garrantzi handia dauka, zailtasunak dituzten haurrak lehenbailehen identifikatzea ezinbestekoa baita erantzun azkar eta eraginkor bat eman ahal izateko. Bestalde, behin zailtasunak antzeman direla, haurrek ikasketetan aurrera egin dezaten beharrezkoak diren egokitzapenak egin beharko lirateke (materialenak edota metodologiarenak, besteak beste). Ikastetxeko esku-hartzearen helburu nagusia zera da: irakurketan, idazketan eta matematiketan agertzen diren zailtasun espezifikoek ikasle bakoitzaren ikaskuntza-prozesuan ahalik eta eragin gutxien izatea. Kasu askotan, eskolatik kanpoko esku-hartze baten beharra egoten da eta, bai zailtasunen antzemate-prozesuan bai esku-hartzean, zenbait profesionalen arteko elkarlana oso komenigarria da.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Gaur egun, erronka nagusia antzemate eta esku-hartze goiztiarra ematea da. Horretarako hezkuntzako profesionalek prest egon behar dute, eta gai hauen inguruan ezagutzak izan behar dituzte. Bestalde, benetako inklusioa lortzea izango litzateke beste erronka nagusi bat.
Nabarmentzeko zerbait?
Ikaskuntza-zailtasunetan irakasleek duten papera oso garrantzitsua da, bai zailtasunak antzemateko orduan eta baita hauek artatzeko garaian ere. Ikasleek aurrerapen akademikoak egiteko dituzten aukerak, eta bereziki zailtasunak dituztenenak, eskolan eta eskolatik kanpo egiten denaren menpe egoten dira. Ezinbestekoa da kasu bakoitzerako laguntza aproposa eskaintzea, besteak beste, horrelako zailtasunek alderdi emozionalean dituzten ondorioak ekiditeko edo gutxitzeko.