Nor gara
Historia
Lantaldea
Kontaktua
2025eko irailaren 29a
"Ikasleen ahalduntzea proiektu sortzaileen bidez" ikastaroa emango du Idurre Ugalde Olaskoagak (Errenteria, 1970). Arte Ederretan lizentziatua da, Diseinu Grafikoan teknikaria eta Hezkuntza Sortzailean ere badu formakuntza. Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin UEUk antolatutako ikastaroa da eta urrian emango da UEUren ikasgela birtualetik. Harekin izan gara.
Zergatik da garrantzitsua ikasleen partaidetza aktiboa sustatzea?
Eskola-proiektuetan ikasleen partaidetza aktiboa sustatzen dugunean, ez dituzte soilik gai eta teknika berriak ikasten; horrez gain, bizitzarako oso baliagarriak izango zaizkien esperientziak eta tresnak barneratzen dituzte, eta hori guztia era naturalean gertatzen da.
Partaidetza taldean gauzatzen den zerbait da. Askotan helduoi ere kosta egiten zaigu taldean gure tokia aurkitzea, edo hobeto esanda, sortzea. Talde-sorkuntza prozesuetan eta lanketa komunitarioetan ohikoa da gatazkak, gaizki-ulertuak eta isilpean geratzen diren desadostasunak agertzea. Izan ere, bakoitzak pentsaera eta izaera desberdinak ditu, eta horrelako egoeretan erantzun errazena banaketa izan ohi da.
Eskolak, ordea, badu erronka eder bat: aurrera elkarrekin egitea. Batzuetan gustuko ez dudan norbaitekin, nire pentsamoldea partekatzen ez duenarekin, gauzak beste modu batean egiten dituenarekin edo zaratatsua denarekin… Hala ere, proiektu berean gaude, barku berean.
Barku horretan sortzen diren egoerak, hartu-emanak, gatazkak eta horien aurrean aurkitzen ditugun irtenbide sortzaileak dira bizitzan nabigatzen ikasteko aukera benetakoa.
Nola sustatu? Zeintzuk dira gakoak?
Ikasleei proposamen edo proiektu bat eskaintzen diegunean, lehenengo pausoa proiektu hori erakargarria bihurtzea da. Horretarako, funtsezkoa da ikasleak ezagutzea: haien afizioak, interesak eta egoerak. Ez da beharrezkoa ezagutza sakona izatea, baina bai entzuten eta behatzen jakitea, eta haien hitzetatik gure proiektua lotzeko hari txiki horiek hartzea. Askotan, ikasle baten esaldi soil bat nahikoa izaten da bidaia berri bati hasiera emateko.
Batzuetan, gerta daiteke zer egingo dugun zuzendaritzatik, udaletik edo hezkuntza aldetik erabakita etortzea. Baina nola egingo dugun zehaztea, askotan unibertso zabal eta aukera askekoa izaten da. Prozesu horretan parte-hartzaileak kontuan hartzen badira, haizea alde izango dugu bidean.
Beraz, lehenengo urratsa da bidaia eta norabidea zehaztea: zer lortu nahi dugun, nora joan nahi dugun eta nola egingo dugun argi edukitzea.
Ondoren dator funtsezkoa iruditzen zaidan beste urratsa: bidaia egiteko baldintzak eta arauak ondo pentsatu, adostu eta partekatzea.
Jolas orotan bezala, eremua, arauak, partaideen eginkizunak eta gerta daitezkeen egoerak nola kudeatuko diren argi badaude, proiektua leku segurua bihurtzen da sorkuntzarako. Eta, jakina, bidean egoera berriak sortuko dira, aurretik aurreikusi ez zirenak, eta horrek arauak eguneratzea eskatuko du.
Bakoitzaren errealitatera egokitutako proiektu parte-hartzailea sortzeko ariketa ere egingo duzue...
Bai! Ikastaro hau bera parte-hartzailea izatea nahi dugu. Bertan parte hartuko duten irakasleek aukera izango dute euren proiektua pentsatu eta lehen zirriborro bat egiteko. Horretarako, proiektua definitzeko baliabide metodikoak landuko ditugu eta proiektua martxan jarriko den eremua zehaztuko dugu.
Puntu honetan, orain arte ikastaroan egin ez dugun ibilbide bati ekingo diogu: irakaslea bera jarriko dugu erdigunean. Hau da, bidaia gidatuko duen pertsona izango da protagonista. Horretarako, gidari horren zaletasunak eta interesak aztertuko ditugu. Izan ere, irakasle bati landareak gustatzen zaizkio, beste bati musika, eta beste bati irakurketa… eta oso eraginkorra da proiektuetan gidariaren pasio horiek ere tokia izatea.
Hemen hasten dira gure “nudo-marinero” bereziak: proiektuaren garapenerako eremua, parte-hartzaileak, baldintzak eta gidaritza elkartzen dituzten korapiloak. Korapilo hitza asko gustatzen zait: askotan nahikoa izaten da korapilo sinple bat gauza asko ondo lotzeko.
Nori dago zuzenduta?
Batez ere LH eta DBHko irakasleei eta zuzendariei, baina baita proiektu komunitarioetan aritzeko gogoa edo interesa duen edonori ere.
Lantaldean, auzolanean eta talde-sorkuntza prozesuetan ari diren edo horretan aritu nahi duten guztientzat egokia iruditzen zait ikastaro hau.
Zerbait nabarmentzeko?
Parte-hartzaileek elkarrekin esperientziak partekatzeko aukera izango dute, eta hori oso aberasgarria izan daiteke. Eskola askotan ari gara proiektu zoragarriak lantzen: natura, hezkuntza, sorkuntza eta elkarbizitza kontuan hartzen dituzten ekimenak.
Oso interesgarria iruditzen zait gertatzen ari den hori ezagutzea, elkarrekin partekatzea eta saretxo bat sortzea.
Adibide bat: lagun bati aurten gure eskolan landu dugun proiektu bat azaldu nionean, esan zidan Arizkunen, bere semearen eskolan, antzeko zerbait egiten ari direla; eta Zizurkilen ere bide horretan dabiltzala aurretik ere.
Hezkuntzan kimu berri asko sortzen ari gara eta horiek zaintzea eta gure artean ezagutzea oso aberasgarria dela iruditzen zait.