"Hezkidetzatik pedagogia feministetara" egiteko 4 laguntza oso graduatu berrientzat
2025eko urriaren 14a

"Hezkidetzatik pedagogia feministetara: euskal curriculuma iparrorratz" graduondokoa egiteko 4 laguntza oso emango ditu UEUk 2023/2024 eta 2024/2025 ikasturteetan graduatu direnentzat. Laguntzak eskatzeko epea urriaren 26an amaituko da. Esleipena espediente akademikoaren arabera egingo da.
Azken hamarkadetan hezkuntza arautuan zein ez-arautuan hezkidetzaren oinarriak egituratzeko eta sustatzeko ekimen ugari jarri dira abian Hego Euskal Herrian. Gainera, LOMLOEk hezkidetza eta genero-ikuspegia hezkuntza arautuan zehar-lerro bilakatu du, eta ondorioz, jakintza-alor guztien edukietan, prozeduretan zein jarduteko moduetan izan behar luke eragina. Ondorioz, orain artean hezkidetzak askotan ikastetxeko eremu orokorrak izan baditu langai (patioa, tutoretza, taldeko harremanak...), hemendik aurrera, jakintza-alor zehatzetako edukietan, erreferentzietan edo prozeduretan jarri beharko du arreta. Hutsune hau are eta nabariagoa izan da Derrigorrezko Bigarren hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan.
Bestalde, Euskal Curriculuma 2007. urtetik aurrera garatuz joan den esparrua izan arren, azken urteotan Euskal Herrian indarberritu egin dira Genero Ikerketak eta Ikerketa Feministak, eta hortaz, ezagutza feminista hori aintzat hartuta, Euskal Curriculuma hezkidetzaren begiradatik zein begirada feministatik elikatzeko premiaz jardun da hainbat forotan.
Hezkidetzatik pedagogia feministetara graduondokoak irakasteko zein ikasteko modu feministak zein jarduteko modu feministak identifikatzen, praktikan jartzeko eta egituratzen joateko koordenatuak eskaini nahi ditu, beti ere, Euskal Curriculuma iparrorratz duelarik.
Interesatuek idatzi e.goiburu@ueu.eus helbidera, izen-abizenak eta NANa adierazita eta titulazioko espedientea erantsita.