Goizane Urrutia Gutiérrez: «Egiptok emakumeari lotutako papiro mordoa gorde ditu eta emakumeen historia ikertzeko iturri pribilegiatuak dira»

2026ko ekainaren 3a

Goizane Urrutia Gutiérrezen lehen planoa

Emakumeak eta nekazaritza-lana Egipto erromatarrean: ebidentziak eta isiluneak ikerlanaren emaitzak argitaratu ditu Uztaro aldizkarian Goizane Urrutia Gutiérrezek (Algorta, 1991). Zuzenbideko (Deustuko Unibertsitatea) eta Historiako (EHU) graduak ditu eta doktorea da 2024tik. La capacidad económica de las mujeres en el nomo oxirrinquita. Un estudio desde las fuentes papirológicas (siglos I a. C. ¿ III d. C.) izenburua du haren tesiak eta 2025etik Erromatar Zuzenbideko irakasle laguntzaile doktorea da EHUko Zuzenbideko Fakultatean. Harekin izan gara.

Antzinateko emakume nekazariaren irudia baztertzeko joera egon da?

Orokorrean Antzinateko emakume txiroak baztertzeko joera egon da, baina emakume nekazarien kasuan joera hori areagotu egin da. Errealitate horren atzean hainbat faktore daude, batzuk halabeharrezkoak, baina beste batzuk, berriz, gizakiak erabakitakoak. Orokorrean, oso informazio gutxi dago haien inguruan, Antzinateko idazleak egitate historiko handiez eta pertsonaia boteretsuez, gehienetan gizonezkoak, idazteaz arduratu zirelako. Ezinbestean, historiografia modernoak ere lehentasun hori erakutsi du, ikerketaren fokua nagusiki figura eta egitate berdintsuetan jarriz. Hala ere, informazio eskasiarekin batera, Antzinako Egipton nahiz egungo gizartean sakon errotuta dagoen genero-bereizketa eta gizonen eta emakumeen artean argi eta garbi mugatutako okupazio-rolen iruditeria ere aipatu behar dira. Emakumea etxe barruko espazioarekin erabat lotu da eta, ondorioz, bertatik kanpo gauzatzen diren jarduera produktibo eta fisikoetatik automatikoki baztertua izan da, nekazaritza kasu.

Egipto erromatarrean jarri duzu fokua. Zergatik?

Egipto erromatarra Antzinateko emakume nekazariak ezagutzeko leku aproposa izan daiteke. Lehenik eta behin, nekazaritza probintzia horretako ekonomiaren muina zen eta biztanleriaren zati handi bat nekazaria zen. Bestalde, emakumeen papera esparru ekonomikoan nahiko nabarmena da: besteak beste, lurren, etxeen eta beste hainbat ondasunen jabe izan ziren, gizonezkoen herentzia-eskubide berdinak zituzten eta dirua maileguan eman eta hartzeko gaitasuna zuten; halaber, soldata baten truke lan egiten zuten emakume profesional asko dokumentatu dira, hala nola dantzariak, ehuleak edo inudeak. Bere hitzak tentuz hartu behar baditugu ere, Herodoto historialari greziarrak harrituta kontatzen zuen «emakume egiptoarrak merkatura joaten zirela salerosketak egitera, senarrak etxean josten geratzen ziren bitartean». Beraz, Egiptok leku aproposa dirudi nekazaritzan aritu ziren emakumeak identifikatu eta aztertu ahal izateko. Bukatzeko, garai honetako Egiptok emakumeari lotutako papiro mordoa gorde ditu eta emakumeen historia ikertzeko iturri pribilegiatuak dira.

Zein iturri aztertu dituzu?

Nagusiki grezieraz idatzitako papiroekin egin dut lan, eta zehatzago papiro dokumentalekin, hots, erabilera praktikoa zuten dokumentuekin, eta ez helburu literarioarekin idatzitako obrekin, hala nola errentamendu-kontratuekin, erregistro publikoekin, gutunekin…. Dokumentu horiek duten balioa gertakari eta pertsona historikoekin duten hurbiltasunean datza, aurretik aipatu dudan ugaritasun eta kontserbatu izanaz gain. Horri esker, batzuetan, emakumeek ekonomian eta gizartean bete zuten rola xehetasun handiz eta objektibotasunez azter daiteke, garai hartako diskurtso moralistak iragazi gabe. Neurri txikiagoan, iturri literarioez eta ikonografikoez ere baliatu naiz, papiroek utzitako hutsuneak osatzeko asmoz.

Dokumentu horien azterketak paradoxa esanguratsua utzi du agerian. Zein?

Nire ustez, agian, paradoxa handiena da lurren jabe edo errentatzaile gisa agertzen diren emakumeak ugariak diren bitartean, ia ez dagoela nekazaritza-lanetan zuzenean parte hartu zutenen ebidentzia espliziturik. Horrek iradokitzen du garai hartako gizarteak onar zezakeela emakumeek nekazaritza-munduarekin harremana izatea, baina betiere zeharkako posizio batetik. Aldiz, lurra lantzea, aire zabalean eta gorputzarekin eta lan fisikoarekin gauzatutako jarduera gisa, gizonezkoen eremuan sartzen zen. Hitz gutxitan esan daiteke emakumeen presentzia onargarria zela nekazaritza-ekonomian, beren eskuak besteen aurrean «zikintzen» ez zituzten bitartean.

Zein izan zen Egipto erromatarrean emakume nekazariek izan zuten papera? Badago jakiterik?

Egia esanda, ez dago emakume nekazariek Egipto erromatarrean izan zuten papera ziurtasun osoz berreraikitzerik, iturriek ez baitute haien lana modu esplizituan jasotzen. Esan bezala, papiroetan emakumeak maiz agertzen dira lur-jabe edo errentatzaile gisa, baina ia inoiz ez errentari edo nekazari gisa. Beraz, iturriak literalki hartuz gero, nekazaritza gizonezkoen jarduera zela iradoki liteke. Hala ere, uste dut irakurketa hori sinplistegia dela. Arrazoibide logikoa erabilita eta garai hartako errealitate sozioekonomikoa ondo ezagututa eta beste testuinguru batzuetako iturriak uztartuta, zaila da sostengatzea landa-ingurune xumeetan emakumeen parte-hartzea ukatu zitekeela, esku guztiak baitziren ezinbestekoak.

Iturrien interpretazio-mugak ere mahai gainean jarri nahi izan dituzu.

Bai; izan ere, papiro dokumentalek, oro har, dokumentu ofizialak edo administratiboak izan arren, ez dute beti errealitate sozial osoa islatzen. Iraganean zein gaur egun, emakumeak ofizialtasunetik kanpo geratzen dira sarri, bereziki jarduera ekonomikoei dagokienez, eta dokumentuetan maiz gizonen izenak baino ez dira agertzen, beraiekin batera lanetan parte hartzen duten arren. Horregatik, papiroetako isiltasunak ez dira automatikoki absentzia erreal gisa ulertu behar. Hala ere, Egiptoren alderdi positiboetako bat da papiro eta aztarna arkeologiko berriak urtero agertzen direla eta horrek, agian, artikuluan planteatu diren zenbait zalantza argitzeko aukera emango du etorkizunean.

Uztaro aldizkarian argitaratu dituzu ikerketaren emaitzak. Garrantzitsuak dira horrelako plataformak?

Bai, zalantzarik gabe. Horrelako plataformek aukera ematen digute ikertzaile euskaldunoi ikerketa espezializatua euskaraz zabaltzeko eta jakintza akademikoa hizkuntza horretan ere garatzeko. Nire kasuan, gainera, Egipto erromatarreko emakumeari eta papirologiari buruz ikertzen dut, hots, gure inguruan oihartzun handirik ez duten ikerketa-ildoei buruz. Horrenbestez, Uztaro aldizkarian argitaratu ahal izateak euskarari eta euskal gizarteari arlo horietako terminologia eta eztabaida akademikoa hurbiltzeko aukera ia paregabea eskaintzen dit.

Jakintza-arloak