"Farmakokutsadura arazo potoloa da gaur egun"

2026ko otsailaren 25a

"Farmakokutsadura arazo potoloa da gaur egun"
Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Saio Domingo Echaburu, Vladimir Akhrimenko Akhrimenko, Lidia Maeso Aragón eta Miren Carnicero Padilla

UEUk eta Badalabek IkerGazte Ikerketa-proiektuen II. deialdia deitu zuten IkerGazte kongresuan, iaz. Ikertzaile gazte euskaldunak elkarlanean jartzea eta euskarazko produkzioa sustatzea ditu helburu eta Farmakokutsaduraren gaia landuko duen proposamena izan da irabazlea. Proiektuaren atzean lau ikertzaile daude: Saioa Domingo Echaburu (1978, Bilbo), Vladimir Akhrimenko Akhrimenko (2000, Errusia), Lidia Maeso Aragón (1999, Gasteiz) eta Miren Carnicero Padilla (1998, Bergara). Domingo, Ospitale Farmazian espezialista eta Farmazian doktorea da. Debagoieneko ESIko Farmazia Zerbitzuko arduraduna da eta Basque Sustainable Pharmacy and Biotherapy ikerketa-taldeko kidea. Akhrimenko Farmazian graduatua da eta farmakokutsadura eta farmazia jasangarriarekin erlazionatutako doktore-tesia egiten ari da Basque Sustainable Pharmacy and Biotherapy taldean. Maeso Farmazian graduatua da (EHU) eta Eusko Jaurlaritzaren doktoratu aurreko bekaduna da. Egun, Basque Sustainable Pharmacy and Biotherapy ikerketa-taldean ari da doktore-tesia garatzen. Carnicero,  Biologian graduatua da eta masterra du ekosistemen biodibertsitate eta kudeaketaren inguruan. Egun, gai bera garatzen ari da bere tesian Plentziako Itsas Estazioan,  Cell Biology  in  Environmental  Toxicology  + One  Health  (CBET+) ikerketa-taldean.  Haiekin izan gara.

Badalabek eta UEUk deitutako diziplinarteko ikerketa-deialdia irabazi duzue. Zorionak! Nola hartu zenuten berria?

Milesker! Gure proiektua hautatua izan zela jakin genuenean, hasieran sorpresa handia izan zen, egia esan, ez baikenekien aukerarik izango genuen gure lana aurrera eramateko. Eta pozez eta ilusioz ere jaso genuen albistea, noski. Orain, proiektuarekin hasi garela, gogotsu gaude hura gauzatzeko.

Farmakokutsaduraren gaia izango duzue ikergai. Nola sortu da ideia?

Farmakokutsadura arazo potoloa da gaur egun. Farmakoak ingurumenera hel daitezke kontsumoaren eta horren ondorioz ematen den iraizketa dela medio, baina medikamentuen bizi-zikloaren beste edozein etapatan ere gerta daiteke produktu farmazeutikoak eta horien hondakinak ingurumenera iristea (fabrikazioan emandako igorpenak eta hondakinen kudeaketa desegokia, esaterako). Ondorioz, substantzia horiek guztiek zuzeneko inpaktua dute ur-ekosistemetan eta bertan bizi diren bizidunetan, ingurune urtarra izaten baita kutsatzaile gehienen estolda nagusia. Gainera, kutsatzaile horien presentziak ingurumenean, agerian uzten du gizakien, animalien eta ekosistemen osasunaren arteko lotura, eta horrek osasun bakarraren edo “One Health” delakoaren ikuspegia azpimarratzen du, ingurumen-kutsadura ulertzeko eta arintzeko bidean.

Lidia, Vladimir eta Saioa ikerketa-talde berean gaude, Basque Sustainable Pharmacy and Biotherapy deritzanean, eta hirurok farmazialariak garen arren, gure profilak desberdinak dira. Ikerketa-taldearen ikerketa-lerroetako bat horixe bera da, farmakokutsadura eta farmazia jasangarria. Miren biologoa da eta doktoretza-tesian buru-belarri dabil ikerketan ere, euskal kostaldeko ekosistemen osasuna ikertzen muskuiluak organismo bioindikatzaile eta zentinela gisa erabiliz. Eta Mirenekin kontaktuan jartzeko aukera izan genuenean ez genuen zalantzarik izan. Denon ikuspuntuak bateratzen dituen proiektua garatu genuen, gustukoa dugun gai horren inguruan.

Ikerketarekin hasi berri zarete. Nola antolatuko duzue lana?

Proiektuak bi zati desberdin ditu, ikerketaren bukaeran bateratzen direnak. Alde batetik, ingurumenean neurketak egingo ditugu, uretan eta biotan (muskuiluak, ostrak) farmakoak ote dauden jakiteko. Bestalde, Osakidetzako profesionalek medikamentuen ingurumen-inpaktuari buruz duten ezagutza, jarrera eta praktikak neurtuko ditugu, horretarako propio sortutako galdetegien bidez.

Lehen zatirako hasi gara neurtuko ditugun farmakoen patroiak eskatzen, iritsi orduko neurketak egiteko teknika martxan jartzeko. Hori da lehen urratsa. Eta galdetegien kasuan, hasi gara galdetegiak prestatzen eta horrelako ikerketetarako beharrezkoak diren baimenak kudeatzen (Euskadiko medikamentuen gaineko Ikerkuntza Batzorde Etikoarena eta Osakidetzarena).

Zer da proiektuarekin lortu nahi duzuena?

Ebidentzia sortzea, batez ere Euskadiko uretan eta aipatutako biotan aurki daitezkeen farmakoen inguruan. Izan ere, oro har, itsas muskuilu eta ostretan farmakoen neurketa gutxi egin dira, eta kutsatzaile emergente hauen metatzeari buruz euskal kostaldean ez da asko ezagutzen. Eta osasun-profesionalen kasuan, farmakokutsaduraren inguruan gaiari buruz zenbateraino dakiten, eta nolako jarrera duten, hori ere ez da asko neurtu. Guk gauza biak bateratu nahi ditugu, nolabait, gure ikerketaren bidez inpaktu soziala lortzeko. Pentsatzen dugu interesa adierazten duten profesionalei ikerketaren nondik norakoak partekatzeak eragina izan dezakeela haien praktikan, hartzen dituzten erabakietan, ingurumenarekiko jasangarriagoak izan daitezen, medikamentuen ingurumen-inpaktuari buruz kontzienteago izango direlako.

Diziplinarteko ikertzaileak ariko zarete elkarrekin lanean. Aberasgarriagoa egiten du horrek ikerlana?

Dudarik gabe. Arlo berean ikertzen ari bagara ere, ikuspuntu desberdinak ditugu eta hori lagungarria da aurrera egiteko orduan. Farmakokutsadura oso gai zabala da eta kasu honetan bereziki garrantzitsua da diziplina ezberdinetatik heltzea, arazoa hobeto ulertzeko eta konponbideak planteatu eta gauzatzeko.

Orain arte farmakokutsaduraren ikerketari batez ere Natura Zientzien ikuspegitik heldu zaio. Alabaina, ezinbestekoa da osasun-profesionalak kontuan hartzea, haiek baitira medikamentuen erabiltzaile nagusiak. “One Health” ikuspegia eta ingurumenaren aldetik kontzientea den medikamentuen erabilera lortzeko, beharrezkoa da bi eremuen inplikazioa eta elkarlana, Natura Zientziak eta Osasun Zientziak bateratuz. Proiektuaren izenburuan ere ideia horixe jaso dugu: Farmakokutsadura Euskadin: osasuna eta natura elkartuz.

Nabarmentzeko zerbait?

Eskerrak eman nahi dizkiegu BadaLabi eta UEUri gure proiektua garatzeko emandako aukeragatik.

Jakintza-arloak