«Euskararen jauzi digitala ez da soilik teknologia-kontua; hizkuntza-politikaren eta komunitatearen etorkizunarekin lotutako erronka estrategikoa da»

2026ko uztailaren 9a

Maddi Juanikorena Diaz eta Patxi Martin Arregiren argazkia
Maddi Juanikorena Diaz eta Patxi Martin Arregi

«Euskararen jauzi digitala: hausnarketak eta elkarguneak» jardunaldia antolatu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta UEUk Tolosan, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Euskal hiztun-komunitatearen eta eremu digitalean lanean ari diren eragile eta norbanakoen arteko elkarrizketa sustatzea du helburu eta jardunaldiaren antolaketa-lanetan aritu diren Maddi Juanikorena Diaz (Donostia, 1991) eta Patxi Martin Arregirekin (Doneztebe, 2000) izan gara.

Euskal hiztun-komunitatea eta komunitate digitala elkarrizketan jarri nahi dituzue jardunaldian. Zergatik da garrantzitsua horren inguruan hausnartzea?

Eremu digitala gaur egun gure bizitzaren erdigunean dago: bertan komunikatzen gara, informatzen gara, kultura kontsumitzen dugu eta harremanak eraikitzen ditugu. Beraz, euskararen normalizazioak eta biziberritzeak ezin du errealitate hori alde batera utzi. Kalean, hezkuntzan edo administrazioan euskararen presentzia bermatzea beharrezkoa den bezala, eremu digitalean ere euskaraz bizitzeko baldintzak sortzea ezinbestekoa da.

Jardunaldi hauen bidez, euskal hiztun-komunitatearen eta eremu digitalean lanean ari diren eragile eta norbanakoen arteko elkarrizketa sustatu nahi dugu. Izan ere, badugu urteetan eraikitako ezagutza eta ekosistema digital baliotsua, baina orain erronka da ikuspegi partekatua eraikitzea eta euskararen jauzi digitala modu estrategikoan egitea.

Zeintzuk dira eremu digitalak euskararen normalizazio eta biziberritzerako eskaintzen dituen aukerak?

Eremu digitalak aukera handiak eskaintzen ditu euskararen normalizazioan eta biziberritzean. Alde batetik, inoiz baino errazagoa da euskarazko edukiak sortzea eta mundu osora zabaltzea: ikus-entzunezkoak, sare sozialetako edukiak, podcastak, webguneak edo bestelako espazio digitalak sortzeko aukerak gero eta handiagoak dira.

Bestetik, adimen artifizialaren eta hizkuntza-teknologien garapenak aukera berriak ireki ditu hizkuntza minorizatuentzat. Tresna horiek euskararen mesedetan jar daitezke, baina horretarako ezinbestekoa da euskarak garapen teknologiko horietan lekua izatea. Ez dugu soilik teknologia kontsumitu behar; euskararen beharretatik abiatutako garapena eta berrikuntza ere sustatu behar ditugu.

Hizkuntza-burujabetzaren eta teknologia-burujabetzaren arteko loturetan ere sakonduko duzue. Zergatik?

Gaur egun, hizkuntza baten etorkizuna gero eta lotuago dago erabiltzen ditugun tresna eta plataforma digitalei. Gure egunerokoan erabiltzen ditugun aplikazioak, bilatzaileak, adimen artifizialeko sistemak edo komunikazio-kanalak euskaraz ez badaude, arriskua dago gure hizkuntza-praktikak beste hizkuntza batzuetara lerratzeko.

Horregatik, hizkuntza-burujabetzaz hitz egiteak teknologia-burujabetzaz hitz egitea ere eskatzen du. Hau da, euskal komunitateak bere beharrei erantzungo dieten tresnak, azpiegiturak eta ezagutza garatzeko gaitasuna izatea, eta aldi berean, teknologia globalen garapenean ere euskararen presentzia eta hizkuntza-eskubideak bermatzea.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronka nagusietako bat da euskara ez geratzea atzean teknologia berrien garapenaren aurrean. Adimen artifizialean, plataforma handietan, softwarean eta eguneroko tresna digitaletan euskararen presentzia bermatzea funtsezkoa izango da datozen urteetan.

Baina erronka ez da teknologikoa soilik. Euskarazko edukien eskaintza eta kontsumoa handitu behar ditugu, sortzaileak eta erabiltzaileak aktibatu, komunitate digital euskalduna indartu eta eragile desberdinen arteko elkarlana sendotu. Gainera, horretarako beharrezkoak izango dira plangintza estrategikoa, baliabide ekonomikoak eta politika publiko ausartak.

Nori dago zuzenduta?

Jardunaldiak euskararen eta eremu digitalaren etorkizunaz hausnartu nahi duen edonorentzat dira. Batetik, euskalgintzako eragileei eta hizkuntza-politiketan lanean ari direnei; bestetik, teknologia sektoreko profesionalei, ikertzaileei, sortzaile digitalei eta komunikazioaren arloko eragileei.

Baina, azken finean, eremu digitala guztion egunerokoaren parte denez, herritar guztiei egiten diegu gonbita. Euskararen etorkizun digitala ez baita soilik adituen edo erakundeen ardura: hiztun-komunitate osoaren parte-hartzea behar duen erronka da.

Zerbait nabarmentzeko?

Nabarmenduko genuke euskararen jauzi digitala ez dela soilik teknologia-kontua; hizkuntza-politikaren eta komunitatearen etorkizunarekin lotutako erronka estrategikoa da. Euskarak badu oinarri sendo bat: hiztun-komunitate aktiboa, eragile ugari eta urteetan eraikitako ekosistema digital propioa.

Orain, ordea, testuinguru teknologikoa oso azkar aldatzen ari da, eta horrek ikuspegi berriak, elkarlan handiagoa eta estrategia partekatuak eskatzen ditu. Jardunaldi hauek, hain zuzen ere, elkargune izatea nahi dugu: eragile desberdinen arteko hausnarketa partekatua sustatzeko eta euskarak aro digitalean behar duen jauzi hori elkarrekin nola egin pentsatzeko.

Jakintza-arloak