«Espazioak diseinatzean benetako beharretan arreta jartzea inportantea da, nahiak alde batera utzita»

2026ko ekainaren 25a

Argazkian Ander Zangitu Orbea, Aitziber Leoz Etxarri eta Txusma Azkona Mendizabal ageri dira ezkerretik hasita
Ezkerretik hasita: Ander Zangitu Orbea, Aitziber Leoz Etxarri eta Txusma Azkona Mendizabal

«Agur natura, ongi etorri zementua! Espazioen birnaturalizazioaren inguruko hausnarketa eta ekintza» jardunaldia antolatu dute Oinherrik eta UEUk elkarlanean gaur, Iruñean. Udako Ikastaroen barruan egiten ari da jardunaldia eta haren antolaketa-lanetan aritu dira Aitziber Leoz Etxarri (1994, Altsasu), Ander Zangitu Orbea (1990, Bergara) eta Txusma Azkona Mendizabal (1965, Donostia). Hirurekin izan gara.

Zergatik da garrantzitsua hezkuntzaren eta hirigintzaren arteko harremana?

Hirigintzak espazioak diseinatzen eta hornitzen ditu. Espazio horiek erabilera anitzekoak izan daitezke, haurrei zuzendutakoak, helduei, adinekoei… Espazio horietan mugitzen den jendearen beharretara egon behar du egokitua espazioak eta ez alderantziz. Mugitzen garen espazioak esanahia dauka, mezuak transmititzen dizkigu… Espazioak diseinatzean benetako beharretan arreta jartzea inportantea da, nahiak alde batera utzita. Gure beharrak asetzen uzten diguten espazioak behar ditugu: salto egin, hitz egin, lasai egon, oreka bilatu, arriskatu, beldurrekin jolastu, busti, zikindu, jolastu… Espazio guztiek balioak transmititzen dizkigute beraz, eta balio horiek zeintzuk izatea nahi dugun erabakitzea eta horren arabera espazioa diseinatzea gure eskuetan dago. Herria osatzen duten pertsona guztiak hezkuntzarako eduki, testuinguru eta eragile dira (Trilla, 1990). Herria bere alde gogor eta bigunarekin lotzen dugu. Espazio batean aurki ditzakegun egitura gogorrek harremanetan jartzeko eta hezteko modu ezberdinak susta ditzakete. Eta harremanen sistema horretan (herriko pertsonak) finkatuta dauden edo lantzen diren balioak kontuan hartuta eraiki daitezke espazioak. Beraz, biak elkarri lotuta daude eta elkar baldintzatzen dute; nahiz eta lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan-arlo direla pentsatu, bi egiteko modu desberdin badira ere, elkartu eta elkarrekin espazio hezitzaileak sortzeko aukera ematen digute.

Zeintzuk dira espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak?

Hiritik At kooperatibak lurraldea antolatzeko zehaztuta dituen 5 dimentsioekin eta Oinherrik herri hezitzailearen filosofiaren baitan egituratzen dituen 7 giltzarriekin nahastuta planteatzen ditugu espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak.

Bat, herri-antolamendua. Honen eginkizuna bizitzaren edozein fasetarako (haurtzarotik hasi eta zahartzarora arte) espazio eta giro hezitzaile egokiak eskaintzea da. Eta horretarako modu bakarra zaurgarriaren neurrira egindako herri bat izango da. Pertsona guztiak sartzen direnean bakarrik dutelako herriek pertsona guztioi zerbait emateko gaitasuna.

Bi, hirigintza parte-hartzaile feminista. Espazio hezitzaileak eraikitzeko modua parte hartzea da. Entzute hutsetik haratago, elkarrekin espazio hauek eraikitzera bideraturiko parte-hartzea. Parte-hartze prozesuak ehun publikoa eta komunitatea osatzen dugun eragileok, elkarrekin, diseinatu behar ditugu. Izan ere, hirigintza hezitzailea komunitatea berregituratzeko eta berriz ere komunitate izaten ikasteko balio duen erreminta da, gobernantza kolaboratiborako erreminta. Horrek esperientzia komunitario txikiak martxan jartzeko aukera ematen du. Hirigintza parte-hartzaile feminista bermatzeko hartu beharreko pausoak, kontzeptuak eta prozedurak kontuan hartuko ditugu. Parte-hartze prozesuak osotasun batean lantzea planteatzen da, aurrelanketa bat eginez eta gerora jarraipena emanez. Lehenik prozesuak behin ireki behar dira eta gerora, labur, hauek dira aintzat hartu beharreko proposatzen ditugun urratsak: prestatu, kontatu, erabaki, eraiki eta erabili. Bost urrats, hamaika erronkari aurre egiteko!

Eta hiru, herriko espazio bat hezitzailea izan dadin kontuan izan beharreko lau abiapuntuak eta horien arteko elkarrekintza. Jolasa: jolas libre eta espontaneorako aukera eskaini behar dute. Autonomia: haurrak bakarrik eta seguru (fisikoki eta psikologikoki) sentitu eta mugitzeko aukera bermatu behar dute. Natura: eremu ahalik eta naturalenak izan behar dute. Topalekuak: belaunaldiartekotasuna eta kulturartekotasuna bermatzeko, ezberdinen arteko elkarguneak izan behar dute.

Eta erronkak?

Alde batetik, gure herri edo hirietako espazioak patxadaz begiratu eta aztertzen baditugu, ikus genezake erronka ugari ditugula begien aurrean. Nolakoak dira espazioak? Zer materialekin eraikiak izan dira? Nork erabiltzen ditu? Eta zer helbururekin eraiki dira? Orain arte egin diren espazioen inguruko irakurketa kritikoa beharrezkoa dugu modu hezitzaile batean eraikitzeko. Erronka ugari daude, baina esan genezake espazio hezitzaileen bidez gure bizitzak hobetu, parte-hartzea sustatu eta aktibazio komunitarioari erantzutea beharrezkoa dela egun.

Bestetik, paradigma-aldaketa bat egiteko beharrezkoa da besteak beste komunitatea termino hauetan heztea, espazioa eraldatzeko lanketak soseguz egitea, eta parte-hartze ahalik eta protagonikoenarekin proiektuak garatzea eta denon ahotsa entzun eta aintzat hartzea.

Espazioekiko atxikimendua sortzea komunitateak berak gozatzen dituen edo diseinatzen dituen espazioetan bizitzearekin lotzen da. Espazio bat gero eta gehiago ezagutuz gero, horrekiko harremana eta zainketa handituko da. Inguratzen gaituzten espazio naturalak ezagutzeak, haietan bizipen positiboak izateak, kontaktuan egoteak… espazio horiek zaintzera eta maitatzera garamatzate zuzenean. Eta gauza bera gertatzen da guk, herrikideok (haurrak, nerabeak, helduak, adinekoak…), gure beharretara egokitzen diren espazioak diseinatzen, gauzatzen eta erabiltzen ditugunean. Gako edo erronka nagusietako bat da fokua desbideratu eta pertsonon eta inguratzen gaituen naturaren beharretan arreta jartzea. Fokua hemen egonda, komunitatearen parte-hartzetik abiatuta espazio hezitzaileak sortzeko prest gaude.

Espazio hezitzaile desberdinak ezagutzeko parada egongo da jardunaldian.

Bai, jada martxan dauden edo bukatuta dauden proiektuak ezagutzeko aukera izango dugu. Alde batetik, Lesakako alkateak, Lesakan aurrera eramandako espazio baten eraldaketa azalduko digu. Ondoren, Baztango Eskolako irakasleak etorriko zaizkigu eskolako kanpo-espazioaren proiektuaz hitz egitera. Bukatzeko, Orekari arkitektura-estudioko kideek gaur arte gauzatutako proiektuen berri emango digute. Beraz, espazio hezitzaile anitz ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen orori zuzenduta dago: irakasleak, hezkuntza formaleko eragileak, hezkuntza ez-formaleko eragileak, hezitzaileak, pedagogoak, arkitektoak, udal-teknikariak, zinegotziak, ingurumen-profesionalak… Ahots guztiak ongietorriak izango dira. Izan ere, aintzat hartu beharrekoak dira espazio hezitzaileak denon artean eraikitzea nahi badugu.

Zerbait nabarmentzeko?

Euskal Herrian proiektu asko daude termino hauetan eta funtsezkoa iruditzen zaigu elkarrengandik ikastea. Saretzea, proiektu berriak sortzea, kolaborazioan aritzea, formakuntzak eta laguntza eskaintzea… gure artean elkar ezagutzea eta aurrera begirako puntu amankomunak identifikatzea dira ilusio eta gogo handiz prestatutako jardunaldi honetatik espero ditugunak.

Jakintza-arloak