Eider Urcola Eceiza: "Komunikazio-plan bati esker eskolako komunikazioa modu ordenatuagoan eta azkarragoan egitea lortuko du ikastetxeak"
2024ko urtarrilaren 29a

"Egingo dugu ikastetxe baten komunikazio plana?" ikastaroa emango du Eider Urcola Eceizak (Billabona, 1994 ) UEUren udaberriko eskaintzaren barruan. Bera, Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da eta doktorea Komunikazioan. Egun, Elhuyar-eko komunikazio-teknikaria da.
Komunikazioak hezkuntza-zentroetan duen garrantzia jarriko da balioan ikastaroan.
Komunikazioak orokorrean duen balioaz arituko gara hasieran, zer egiten duten inguruan ditugun entitateek eta markek. Horrela errazagoa baita, eta horren ostean pixkanaka hezkuntzara begira jarriko gara.
Zertan lagundu diezaioke komunikazio-plan batek ikastetxeari?
Komunikazio-plan bati esker eskolako komunikazioa modu ordenatuagoan eta azkarragoan egitea lortuko du ikastetxeak: helburuen arabera estrategiak finkatu, zer nahi den erabaki eta horren arabera lan egin… Gainera, horri esker sareetan eta webgunean nola lan egin ikasiko dute.
Ikastetxeko testuingurura egokitutako komunikazio-plana eta komunikazio-egutegi bat egitea izango da helburua. Nola?
Horixe da, biak batera doaz. Teoria pixka bat izango dute ikasleek hasieran, oinarriak jartzeko eta komunikazioa hobeto ulertzeko. Ondoren, pixkanaka komunikazio-planean eta -egutegian murgilduko gara, bai maila teorikoan, bai praktikoan. Horrela ikastaroa amaitzerako biak eginak izango dituzte.
Hala ere, kontuan izan behar da hau bakoitzaren beharretara moldatuta joango dela ahal den heinean. Ikastetxe guztiak ez daude puntu berean eta ez dituzte behar berdinak, hortaz, malgutasunez jokatzen da.
Online emango da ikastaroa. Zein izango da metodologia?
Teoria pixka bat izan arren, adibideak eta praktika izango dira oinarri, horrela errazago barneratzen baitira kontzeptuak. Azken proiektura heldu aurretik komunikazioan sakontzeko hainbat ariketa egingo ditugu.
Nori dago zuzenduta?
Edonolako ikastetxeetan lanean ari diren pertsonei: irakasleei, zuzendaritza-taldeari…
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?
Ikastetxeetako komunikazioa landu nahi dut: zer den, nola egiten den, nola antolatu behar den, estrategiak, helburuak… ikastetxe bakoitzaren egoera kontuan izanik komunikazio-plan eta -egutegi bat osatzea da funtsa.