Eider Goiburu Moreno: "Hezkuntza, botereak zeharkatutako fenomeno sozial eta politikoa da"

2026ko otsailaren 19a

Eider Goiburu Moreno: "Hezkuntza, botereak zeharkatutako fenomeno sozial eta politikoa da"

"Ikasgelak bazterretatik eraikitzen" jardunaldia antolatu du Iruñean UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Martxoaren 14an da hitzordua eta Eider Goiburu Moreno (Orio, 1980) ari da jardunaldiaren koordinazio-lanetan. Goiburu Pedagogian doktorea da eta UEUren GOI ikastegiko irakaslea eta ikertzailea. "Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratz" graduondokoaren zuzendaria ere bada. Harekin izan gara.

Normalitatetik at dauden gorputzen ahotsa jaso nahi duzue jardunaldian. Zergatik?

Jardunaldi hauetan dugun helburu nagusietako bat normalitatea bera zalantzan jartzea delako. Hau da, hezkuntza-sistema normala (edo arautua) den horretan oinarrituta eraiki da. Hortaz, normala/arautua ez dena baztertua da. Esate baterako, zenbat idazle ijito ezagutarazten eta irakasten dira gure ikasgeletan? Ikastetxeak diseinatuta daude gurpildun aulkietan mugitzen direnak aske eta eroso mugitu daitezen ikastetxe osotik? Gorputz trans edo intersexualei buruz hitz egiten da biologiako testuliburuetan? Eta gorputz-hezkuntzan?

Jardunaldi hauetan, begirada egituran jarri nahi dugu. Hau da, egiturak berak arautik at dauden gorputzak baztertzeko erabiltzen dituen mekanismoak identifikatu nahi ditugu.

Zeintzuk dira euskal hezkuntza-sistemako ikasgeletan gertatzen diren dinamika baztertzaileak?

Askotan dinamika baztertzaileetan pentsatzean indarkeria-egoerak irudikatzen ditugu. Indarkeriaerabiltzenda noski, baina dinamika baztertzaileak oso modu ezberdinetaraazaltzendira.Batzuetan, oso modu zuzen eta esplizituan ematen dira,eraso fisikoen bitartez esate baterako. Besteetan, berriz, dinamikak sotilagoak dira eta gehiago kostatzen zaigu identifikatu eta izena jartzea. Gainera, bazterketen oinarriak ere askotarikoak dira: matxismoan, arrazakerian, kapazitismoan, hizkuntzan, aporafobian eta beste hainbat ardatzetan oinarritzen dira.Eta elkarren artean eragiten dute.

Nola eraiki bazterretatik guztiontzat izango den hezkuntza-eredu bat?

Hezkuntzatik joera izan da bazterretan dauden gorputzak arauan sartu edota araura egokitu nahi izatea hezkuntza-sistema bera auzitan jarri gabe. Baina horrek gorputzak baztertzeko dinamiketara garamatza.

Hezkuntza guztiona izan dadin guztion artean eraiki behar dugu. Guztion ahotsak eta beharrak jaso eta eraikuntza kolektiborako espazio eta baliabideak eskaini behar ditugu. Hori da hain zuzen ere jardunaldi hauekin eskaini nahi duguna.

Zein izan beharko litzateke irakasleek ikasgelak bazterretatik eraikitzeko duten ardura eta ahalmena?

Irakasleok hezkuntza-sistemaren egiturako eragile oso garrantzitsuak gara. Hezkuntza-komunitate osoarekin dugun harremanari esker, eragiteko ahalmena dugu. Guretzat oso garrantzitsua da irakasleok gure rolari buruzko kontzientzia hartzea. Aurreko ikasturtean, “Pedagogia Konprometituak” jardunaldiak antolatu genituen. Jardunaldi horietan, irakasle, pedagogo eta hainbat hezkuntza-eragilek hezkuntza, botereak zeharkatutako fenomeno sozial eta politiko gisa definitu genuen.

Hezkuntza-prozesuetan gertatzen den gauzarik garrantzitsuenetakoa sozializazioa da. Jendarte eta kulturaren arau zehatzen transmisioa egiten da eta irakasleok arau, sinismen eta jarrera horien guztien transmisioan parte hartzen dugu. Horrexegatik, ezinbestekoa da irakasleok eraldaketa sozialerako ditugun aukerak identifikatzea, dagozkigun ardurak hartzea eta pedagogia konprometituen bideari jarraitzea.

Zergatik da garrantzitsua pedagogia feministen gaia lantzea?

Jardunaldi hau pedagogia feministen markoan kokatzen dugu. Pedagogia feministak pedagogia kritikoak dira. Ondorioz, hezkuntza fenomeno politiko gisa ulertzen dute eta eraldaketa soziala dute helburu. Desoreka eta botere-harremanetan jartzen dute begirada. Horregatik, justizia soziala bilatzen duten estrategiak garatzen dituzte. Jardunaldi honen xedea ez da pedagogia feministen gaia lantzea, baizik eta pedagogia feministek proposatzen duten ikuspegi kritiko hori zabaltzea eta guztiontzat izango den hezkuntza-sistema eraikitzeko urratsak ematea.

Nori dago zuzenduta?

Interesa duen orori. Bereziki Bigarren Hezkuntzako komunitateari: eraldaketa soziala bultzatzeko prest dauden irakasle, hezitzaile zein irakaslegaiei.

Nabarmentzeko zerbait?

Jardunaldi hauen helburuetako bat pedagogia feministak jendarteratzea da. Horregatik, jardunaldietan pedagogia feministen oinarri eta edukiak lantzeaz gain, pedagogia feministetatik arituko gara. Hau da, jardunaldien lehenengo zatian bazterreko ahotsak entzuteko eta hausnarketa kolektiboa egiteko aukera izango dugu. Bigarren zatian gorputzak erdigunean jarriko ditugu eta zapalduen antzerki bitartez landuko ditugu ikasgelan gertatzen diren hainbat egoera. Azkenik, adierazpen artistiko zein kulturalak pedagogia feministen ardatz izanik, bertsondorio bitartez emango diogu amaiera jardunaldiari.

Jakintza-arloak