"Bizitza eta egitasmoen izateko arrazoia, zergatia edo norabidea, etekinaren eremutik harago, ez da kontuan hartzen oro har"
2025eko azaroaren 4a

Euskal gizabidearen emarian liburua argitaratu berri dute Andoni Eizagirre Eizagirrek eta Jon Mentxakatorre Odriozolak UEUrekin eta EHUrekin koedizioan. Eizagirre Filosofian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakasle titularra da eta Herrigintzaren berrikuntzan egitasmoaren zuzendaria. Mentxakatorre Filosofian eta Filologian doktorea da eta Mondragon Unibertsitateko irakasle titularra; Euskal Kulturaren Eragiletza masterrean euskal pentsamendua irakasten du eta UEUko Filosofiako sailburua da. Haiekin izan gara liburuaz hitz egiteko.
Gaur egungo munduan gero eta jakitunago eta ezjakinago garela diozue. Zein zentzutan?
Zientzia sekularren bidean gero eta gehiago dakigu, bai atomo azpiko mailan, bai gure galaxiatik haragoko mailan. Baina barnatasun, balio, bertute eta norbere giza lanketaren eremuan ez; arlo horretan gero eta gutxiago. Gure aurreko belaunaldiekin alderatuz gero, materia- eta zerbitzu-ongizatean askoz aurreratuago gaude, baina gizatasun eta komunitatea eratzeko arloetan, askoz atzeratuago.
Gizakia ezin da bizi haren existentziaren gaineko zentzuaz galderarik egin gabe. Hori diote autore askok. Gaur egun hausnartzen da zentzuaren gainean?
Ziurtasun handiz: ez. Bizitza eta egitasmoen izateko arrazoia, zergatia edo norabidea, etekinaren eremutik harago, ez da kontuan hartzen oro har, norbanakoaren mailan zein talde-mailan. Eta horrek hutsune handiak sortzen ditu. Gure ekimenetan sustraiko helbururik ez badago, geure burua eta mundua agortu besterik ez dugu egiten.
Testuinguru honetan gizabideaz hitz egiteko beharra ikusi duzue, eta horretara dator argitaratu berri duzuen liburua.
Gizabidea nondik gatozen, zer garen eta nora goazen jakin dezagun bidea da. Gure tradizioko hainbat autoreri helduz, horren garrantzia nabarmendu nahi dugu, eta gerogintzarako balioen eta barne-lanketaren heldulekuak eman.
Zer da liburuarekin lortu nahi duzuena?
Gure aurreko pentsalariak ezagutzea —Barandiaran, Arizmendiarrieta, Azurmendi—, eta haiek geure burua eta bidea argitzeko asmoz egindako lanaren garrantziaz ohartzea, geroa irudikatzeko gakoak ematearekin batera. Gogoeta antropologiko, filosofiko eta soziologikoak eskaini ditugu.
Nori dago zuzenduta?
Euskal pentsamenduaz jakin-mina duen orori, XX. mendean zer gertatu zaigun interesatzen zaionari, gure egoeraz eta geroaz kezkatuta dagoenari.
Zerbait nabarmenduko zenukete?
Gaiaz plazan hitzegin dezagun gonbita dugu liburua.
