Asier Urio Larrea: "Adimen artifizial sortzaileak eragina izango du eguneroko bizitzako arlo askotan, irakaskuntza-prozesua barne"
2025eko irailaren 8a

"Adimen artifiziala ikas-irakaskuntza prozesuetan" ikastaroa emango du Asier Urio Larreak (Aranguren, 1980) Iruñean. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ikastaroa da eta irailaren 27an emango zaio hasiera. Uriok, Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen (NUP), baita Informatika Ingeniaritza Teknikoko ikasketak ere, Sistema eta Kudeaketan (UNED). 2012an Adimen Artifizialeko masterra eginzuen (UNED) eta 2025etik da doktorea Adimen Artifizialaren arloan (NUP). Harekin izan gara.
Zergatik trebatu adimen artifizialean?
Denborarekin tresna berriak agertzen dira: lehen Internet izan zen, eta orain, adimen artifizial (AA) sortzailea dugu. AA sortzaileak eragina izango du eguneroko bizitzako arlo askotan, irakaskuntza-prozesua barne. Horregatik, garrantzitsua da tresna hau ezagutzea eta ulertzea.
Beste edozein tresnaren antzera, AA sortzaileak erabilera anitz eskaintzen ditu, baina arrisku batzuk ere baditu. Etorkizunean gure eguneroko bizitzan eta lanean presente egongo denez, ezinbestekoa da haren funtzionamendua ulertzea, bai gure jardun profesionalerako, bai ikasleen prestakuntza egokirako.
AAren eskaintza eta erronkei aurre egiteko prest egotea funtsezkoa da, gure lanbidea hobetzeko eta ikasleei etorkizuneko erronkei aurre egiteko tresnak eskaintzeko.
Nola aplikatu adimen artifiziala ikas-irakaskuntza prozesuetan?
Adimen artifiziala (AA) ikas-irakaskuntza prozesuetan aplikatzeko hainbat modu daude, betiere kontuan hartuta laguntzaile gisa erabili behar dela, eta haren erantzunak irakasleen begiradapean egon behar direla.
Erabilera horien artean, ikasketa pertsonalizatua nabarmentzen da. AAri kontzeptuak modu ezberdinetan azaltzeko eska dakioke, ikasleek hobeto ulertzeko moduan jasotzeko. Halaber, ikasleek galderak egin diezazkiokete gai bati buruz, eta AAk zuzendu ditzake.
Beste erabilera batzuk ere badaude: arazoen ebazpenean ikasleak erantzunaren bila gidatzea, betiere zuzena zuzenean eman gabe, irudiak sortzea kontzeptuak argitzeko, idazlanak ebaluatzea unean bertan, edo ahozko komunikazioaren erabilera lantzen laguntzea, besteak beste.
Irakasleentzat ere tresna baliotsua izan daiteke: edukiak sortzeko, ikasgaiak planifikatzeko, galdetegiak prestatzeko, eta bestelako material didaktikoak sortzeko laguntza eskaintzen du.
Adimen artifizialean trebatzeko baliabideak eskainiko dituzu. Zeintzuk?
Une oro tresna berriak sortzen ari dira, eta gehienek Hizkuntza Eredu Handiak (HEH) erabiltzen dituzte oinarri gisa. Horregatik, batez ere elkarrizketa formatuan funtzionatzen duten tresnak aurkeztuko ditut, hau da, chatbot motakoak.
Horrez gain, tresna hauekin lotuta dauden dokumentu sortzaileak, bilatzaile adimendunak eta antzeko baliabideak ere azalduko dira. Bestetik, irudiak sortzeko gaitasuna duten tresnak eta audioarekin lan egiteko aukerak eskaintzen dituzten baliabideak ere aurkeztuko ditut.
Nori dago zuzenduta?
Ikastaro hau gaian interesa duen edozeinek egin dezake. Hala ere, bereziki Bigarren Hezkuntzako irakasleentzat prestatu da, baita teknologia honen erabilerarekin lotura izango duten beste hainbat eragilerentzat ere: ILZko arduradunak, TTBB arduradunak, zuzendaritza-taldekideak eta antzeko profilak.
Landuko diren edukiak egokiak izan daitezke, era berean, Lehen Hezkuntzako azken zikloko nahiz Lanbide Heziketako irakasleentzat.
Nabarmentzeko zerbait?
Adimen artifizial sortzailea tresna bat da; ez du magiarik egiten. Ikastaro honetan, beraren oinarrizko funtzionamendua azalduko da, baita nola “ikasten” duen ere. Horrez gain, haren erabilerak dakartzan ondorio praktiko eta etikoak ere landuko dira.