Asier Basurto Arruti: "Arnasgune baten osasun soziolinguistikoa hizkuntza-komunitatearen osasun orokorraren isla izaten da"
2025eko ekainaren 10a

"Arnasguneak Hizkuntza Gutxituen Biziberritzean. Nazioarteko konferentzia" egingo da urriaren 16an eta 17an Azpeitian. Elkarlanean antolatu dute UEMAk, Soziolinguistika Klusterrak, Coppieters Fundazioak eta UEUk eta helburu nagusi bi ditu: arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean duten garrantziaz gogoeta eragitea Europako hizkuntza gutxituen eremuan, eta arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa indartzeko proposamenak eta neurriak plazaratzea. Asier Basurto Arruti Soziolinguistika Klusterreko ikertzaile eta komunikazio-arduradunarekin izan gara konferentziaz hitz egiteko.
Zer garrantzi dute arnasguneek hizkuntza gutxituen biziberritzean?
Arnasguneek zeregin estrategikoa betetzen dute hizkuntza gutxituen biziberritze-prozesuetan. Gune hauetan hizkuntza gutxitua modu naturalean erabiltzen da eta hizkuntzaz gain, hizkuntza-ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititzen dira. Halaber, hiztun berriak hizkuntzan sozializatzeko eta erabileran murgiltzeko aukera paregabeak eskaintzen dituzte. Hizkuntzaren prestigioa eta erabilera aktiboa sustatzen duten ingurune geografikoak dira.
Zein da arnasguneetan hizkuntza gutxituek duten egoera soziolinguistikoa?
Arnasguneetan hizkuntza gutxituaren egoera soziolinguistikoa orokorrean sendoagoa da beste inguruneetan baino. Bertan, hizkuntza gutxituaren erabilera nagusi da eguneroko komunikazioan eta hiztunak diskriminazio- eta menderakuntza-egoeretatik babestuago daude; erosoago. Hala ere, arnasguneetan hizkuntza gutxituen egoera beste gune batzuetan baino sendoagoa izan arren, gaur egun Europako hizkuntza komunitate gutxitu gehienetan arnasguneak galduta edo arriskuan daude. Euskal Herrian bertan ere, azken urteetan, euskararen inguruko zenbait adierazleren beherakada sumatu da arnasguneetan. Arnasguneetako baldintzak ez dira berez bermatzen, eta babesa eta etengabeko dinamizazioa eskatzen dute. Arnasgune baten osasun soziolinguistikoa hizkuntza-komunitatearen osasun orokorraren isla izaten da.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka nagusien artean daude joera demografikoek hizkuntza-ukipenean dituzten ondorioak, beste eremu geografikoekiko hartu-emanaren eraginak eta hizkuntza gutxituaren presentzia bermatzea hezkuntza, ekonomia eta kulturaren arloetan, esaterako. Gainera, hiztunen kontzientziazioa eta aktibazioa ere funtsezkoak dira. Arnasguneen iraupenak eta garapen integralak eskatzen du erronka hauei erantzungo dieten estrategia zabalak eta bateratuak martxan jartzea.
Nazioarteko topaketa antolatu duzue. Zein da nazioartetik jaso nahi duzuen ekarpena?
Topaketaren helburu nagusien artean dago nazioarteko hizkuntza gutxituen arnasguneei buruzko esperientziak ezagutzea eta Euskal Herriko esperientziekin alderatzea. Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia, Serbia eta Hego Tiroleko adituak gonbidatu dira beren ikuspegia partekatzera. Haien ekarpenak arnasguneen inguruko politika eta praktika berritzaileak garatzeko inspirazio izango dira. Euskal Herrian azken hamarkadetan arnasguneei arreta handia eskaini zaie, bai soziolinguistika-ikerketan, bai euskararen biziberritzerako ekinaldietan. Topaketa honek aukera bat izan nahi du beste hizkuntza gutxituen bueltan antzeko gaiekin eta kezkekin dabiltzan ikertzaile, teknikari, arduradun politiko eta ekintzaileekin konektatzeko, elkarrengandik eta elkarrekin ikasteko, eta nazioarteko soziolinguistikan arnasguneen inguruko azterketa-marko bat partekatzeko.
Zerbait nabarmentzeko?
Arnasguneek ez dute soilik babesleku gisa funtzionatzen, baizik eta hizkuntza gutxituak aktibatzeko eta indartzeko laborategi sozial eta komunitarioak ere izan daitezke; hizkuntza-praktikak esperimentatu, sendotu eta zabaltzeko espazio aproposak dira. Konferentzia honen bidez Euskal Herriko hainbat eragilek ekarpena egin nahi izan dugu elkarlanetik hizkuntza gutxituen biziberritzean jauzi kualitatiboak emateko oinarriak sortzeko lanean.