Arrate Gisasola: "Helduok nahi dugu ikasleek euskara asko erabiltzea, askorekin eta egoera askotan; eta guk lagundu behar dugu horretan"
2023ko otsailaren 24a

"Euskararen erabilera indartzea Lehen Hezkuntzan" ikastaroa emango da martxoaren 13tik 16ra, Eibarren, UEUren egoitza akademikoan. Arrate Gisasolak (Eibar, 1979) gidatuko du ikastaroa, bera, Ebete hizkuntza-zerbitzuetako kidea da.
Zein da euskararen erabileraren egoera Lehen Hezkuntzako ikasleen artean?
Orokorrean denetik dagoela esango nuke. Ikasleek ikastetxetik kanpo dituzten hizkuntza ohiturak gelara eramaten dituzte. Irakasleari euskaraz egiten diote gehienetan, baina haien artean erdaretara jotzea oso ohikoa izaten da. Testuinguru “formalean” taldeko lan bat egiten dabiltzan bitartean hizkuntza akademikoan edo arloari lotutako hiztegia darabiltenean sarri euskaraz izaten da, baina hortik kanpo euskara gutxiago erabiltzeko joera dagoela esango nuke: “a mí me gustaría hacer un marrazki para la sarrera”, “venga, que ez dugu bukatu ariketa”…
Ikastetxe askotan entzun dugu ikasleak goizago hasten direla haien artean euskara alde batera uzten, edo gutxiago erabiltzen. Grafiko batean pentsatzen badugu, gora eta gero behera egiten duen irudia ikusiko genuke. Nahiko ohikoa izan daiteke Lehen Hezkuntzako (LH) lehenengo, 2. eta 3. mailetan euskararen erabilerak apur bat gorantz egitea (gaitasuna eskuratzen doazen heinean) eta LHko 3. eta 4. mailetan beheranzko joera hartzea.
Ikasle askok euskara arlo akademikoarekin lotzen dute, eta beraz, hortik kanpo dauden uneetan (guneetan), erraz asko, modu naturalean, jotzen dute erdaretara. Ikastetxeko edo gelako atetik hanka bat kanpoan ipini orduko, bat-bateko mudantza moduko bat ematen dela dirudi. Lortu beharko genuke kanpo-barru hori hain banatuta ez dauden munduak izatea.
Gela bakoitzaren errealitatea ez da berdina izaten, ikastetxe bakoitzak ere bere errealitatea du… Garrantzitsua da ikasgela zein ikastetxeko argazki erreala egitea, helburu lorgarri eta egingarriak finkatu ahal izateko, eta egitekoak ondo fokalizatzeko. Hobeto ulertzeko, irakaslearengana euskaraz nekez gerturatzen den ikasle talde batean, ezingo dut epe motzeko helburu moduan zehaztu haien artean euskaraz egitea, aurretik pasatu beharreko listoiak (helburuak) daude eta horrela egin ezean nekez ikusiko dira lorpenak. Modu progresibo eta logiko batean aritzeko ikuspegia txertatu beharko genuke euskararen erabilera sustatzeko bidean ere.
LHko irakasleek nola bizi dute? Zeintzuk dira haien zalantzak eta zailtasunak?
Kezka handia dagoela esango nuke, eta sarri frustrazioa ere agertzen da: “Hainbat ekimen eta kontu jarri ditugu martxan ikastetxean, baina egoera ez da aldatzen”. Irakasleen lanerako baldintzak ez dira egokienak: ratio oso handiak dituzte, gelako martxa hasita dagoenean euskara ez dakiten ikasleak sartzen dira, hizkuntza maila desberdinetako ikasle asko… Euskararen erabilera sustatzeko hamaika ekimen egiten dira ikastetxeetan, lan handia egin da urteetan honi begira, baina emaitzak ez dira nahiko genituzkeenak. Eguneroko jardunean zer eta nola aritu norbanako bakoitzaren esku ere gelditzen da askotan, eta erabilera sustatzeko bidea planifikatua eta adostua izatea ere garrantzitsua da.
Eskolaren eremua mugatua da hala ere eta eskolaz kanpokoek pisu handia dute. Irakasleekin izaten ditugun saio denen hasieran aipatzen dugu eskolak mugak dituela; muga kuantitatibo zein kualitatiboak. Hala ere, muga horien barruan gauzak hobeto egin daitezke, eta hori da gure jomuga. Eskolak duen tarte jakin horretan zer eta nola egin? Ikasleek kanpotik dakartzaten “motxila” horien aurrean nola jokatu? Zer bizipen eta harreman dituzte hizkuntzekin? Zer pertzepzio?... Dena ez dago eskolaren esku, baina horrek ez du esan nahi ezer egin ezin daitekeenik. Ikastetxeetan etxeko lanak egiten dabiltza. Hortik kanpo dauden espazioetan urratsak ematea ezinbestekoa da: administrazioetatik, familietatik, aisialditik… Hezkuntza komunitate oso bat dago haurren bueltan eta euskararen erabilera sustatzeko baliabideak, batean zein bestean, martxan jartzea eta norabide egokian bultzatzea ezinbestekoa da.
Horretaz gain, lehen aipatu bezala, nire ustez garrantzitsua da ikastetxeak, kaleak eta eremu pribatuak guztiz banatuta eta modu desberdinean funtzionatzen duten eremu bezala ez ulertzea, eta horretarako praktikak lantzea. Ikastetxe askotan lan egiteko modu berriak aplikatzen ari dira eta aldaketa horietan, nire ustez, behar beharrezkoa da abiapuntutik hizkuntzaren erabilera (ahozkotasuna) ardatzean kokatzea. Ardatzean jartzeaz gain, hizkuntza eta ludikotasuna eskutik joateak ere berebiziko garrantzia du. Eskolan ere ondo pasatuz asko ikas daiteke. Eta euskaraz ondo pasatzeko bideak lantzen badira, ikasleen motibazioa zein pertzepzioa desberdina izateko aukerak sortuko ditugu.
Eta gurasoen kasuan zer?
Eskolaren helburua da ikasleek hizkuntza bat baino gehiago ondo ikastea, eta bide horretan, euskara asko eta egoera askotan erabili beharko dela begi-bistakoa da. Ikastetxeen helburuak lortzeko behar beharrezkoa da gurasoen inplikazioa. Lehen esan bezala, eskolak mugak dituelako eta, gainera, eta batez ere, ikasleentzat ona delako eskolaz kanpo euskarari leku handia ematea.
Familien kasuan ere, gurasoen hizkuntzari lotutako ezaugarrien argazki erreala izatea lagungarria da. Gelako gurasoak euskaldunak diren, euskara ulertzen duten, ulertzen ez duten… Eta zein da haien jarrera?
Gurasoei aholkuak ematea eta laguntza eskaintzea garrantzitsua dela esaten diegu irakasleei. Gurasoen profilak kontuan hartuta zer esan ere zehaztea komeni da. Guraso euskaldunei batez ere eredu izatearen garrantzia azpimarratuko diegu, etxean euskara zaintzeko, baliabideak eskaintzeko… Euskara ez dakiten edo zerbait dakiten gurasoak animatzea ere garrantzitsua da. Euskara ez dakiten gurasoek sarri euskararen inguruan ezer gutxi egin dezaketela uste dute. Baina, eskolako ardatza den hizkuntza transmititzen ez badute ere, hizkuntzen aurrean jarrerak eta portaerak transmititzen dituzte, eta hori modu egokian lantzea oso garrantzitsua da, euskararen aldeko transmisioa bultzatzearen garrantzia azpimarratzea beharrezkoa da. Eta gainera, gauza praktikoak ere egin ditzakete horretarako. Gurasoek gai honetan duten garrantzia erdigunera ekartzea beharrezkoa da eta haiei ere horrela adieraztea. Eskolatik kanpo gertatzen dena, maila handi batean, familiarekin ere lotzen da, eta familiei transmititzen dieguna edo familiekin egiten duguna, modu planifikatu batean eta kurtso hasierako bileretan eskaintzen zaizkion bost minutuetatik haratago eramatea garrantzitsua da.
Gurasoei eskolaren mugak ikusaraztea garrantzitsua den bezala, duten papera erdigunean kokatzea, eta seme-alabentzako onuragarria izango den horri, bideak zabaltzeko esfortzuak egitea, ezinbestekoa dela adierazi behar zaie. Lanketa hortik bideratzea funtsezkoa da. Baina zeregin hau, berriz ere, ikastetxe eta irakasleen esku uzteko joera dago, eta hemen ere baliabideak eta bestelako formulazioak berrasmatzen eta lantzen hasteko beharra dagoelakoan nago.
Estrategien artean Hezitzaile Berritsuak aipatzen dituzu. Zer dira?
Ebete-n irakasleekin lanean hasi zen momentutik erabiltzen den figura da Hezitzaile Berritsuarena. Hezitzaile Berritsua ikasleen arteko elkarrizketak sortzen dituen hezitzailea da. Berritsu hau, ez da irakasle bakarrizketari bat. Ikasleekin elkarrizketak sortzeko bideak eskainiko dituen irakaslea da.
Badirudi gauza natural bat dela, eta maila batean hala da. Irakasleek hitz egiten dute ikasleekin, noski. Hala ere, modu kontziente batean egiteko bidea proposatzen diegu; banakako elkarrizketetan modu jakin batean eta estrategiak zainduta aritzeko (galdera ereduekin jokatuz, zailtasunak dituenari asko lagunduz…) eta haien arteko elkarrizketetan ere parte hartzeko, baina monopolizatu gabe, benetan denen arteko elkarrizketak izateko bideak eraikiz.
Hezitzaile berritsuak izan gaitezke ikasgela barruan, jarduera zehatzak proposatuz eta jarduera egiteko prozedurak modu egokian txertatuz, edo/eta irakasle berritsuak izan gaitezke testuinguru informalagoetan aritzeko moduak zainduz: gelako sarrera-irteeretan, korridoreetan, jolastokian…
Gela barruan, ahozkotasunari tarte handiak eman eta denak euskara gehiago erabiltzeko bideak lantzea beharrezko ikusten dugu. Eta horrez gain, ikasleekin harremana gerturatzeko eta asko hitz egiteko bideak lantzean bide iraunkorra izatea komeni da. Eta nago, azken garaian, eta irakasleek duten lan karga dela medio, ikasleekin lasai egoteko aukera ere ez ote doan murrizten. Ikastetxe baten baino gehiagotan entzun diet irakasleei, haien gelakoak ez diren ikasleekin egoteko aukerarik ez dutela. Niri horrek zer pentsatu handia eman dit…
Hezitzaile edo irakasle berritsu batek euskara gehiago erabiltzen laguntzen dio ikasleari. Nola? Euskara egin ahal izateko gune eta momentuak eskaintzen eta errazten. Euskararen erabileraren helburua norbaitena izatekotan gurea delako, helduona. Guk nahi dugu ikasleek euskara asko, askorekin eta egoera askotan erabiltzea. Beraz, guk lagundu eta erraztu behar dugu hori gerta dadin. Euskaraz egin esatetik euskaraz egiteko ahalegina eskatu eta bidean lagunduz. Egiten den ahaleginaren aurrean errefortzu positiboak emanez, ahal bada ondo pasatuz eta egoera erosoak sortuz.
Zer lortu nahiko zenuke ikastaroarekin?
Ikastaroekin lortu nahi nuke irakasleei baliagarriak izango zaizkien tresnak eskaintzea eta ahal bada modu dinamiko batean izatea. Ikastaroan ondo pasatzen badugu, ikasleekin ere ongi pasatu dezakegula barneratzea errazagoa izango da.
Kezka eta zailtasunak hor daudela alde batera uzteko, modu kontzientean lan eginez, lorpenak ere egon daitezkeelako ideia jasotzea ez litzateke txarra. Hala ere, irakasleek estrategia, baliabide eta bizipen ugari ekartzen dituzte horrelako saioetara. Egunero esperimentatzen dituztenak gainera. Ni ez naiz izango ikastaroko irakasle bakarra. Beraz, haiengandik ere ikastea espero dut.