Aritz Olagoi Olazabal: «Testuinguru informaletan, arau formalik ez dagoenean, hizkuntza-ohiturak errotzeko eta aldatzeko aukerak sortzen dira»

2026ko uztailaren 7a

Aritz Olagoi Olazabalen argazkia

«Euskarazko kirola ehuntzen: pertsonak, esperientziak, aukerak» jardunaldia egiten ari da gaur Eibarren, UEUren Udako Ikastaroen barruan. Kirolaren munduan euskaraz ari den edo aritu nahi duen edonorentzako topagunea da gaurkoa, esparru horretan dihardutenak saretzea helburu nagusi duena. Aritz Olagoi Olazabal (Usurbil, 1978) aritu da antolaketa-lanetan. Olagoiren ibilbide profesionalak psikologiaren, kirolaren eta euskararen arteko lotura du ardatz, Kirolean Aholkulab Kooperatibaren sortzaile eta bazkidea da eta UEUkidea. Harekin izan gara.

Kirola euskararen erabilerarako gune estrategikoa dela diozu. Zergatik da giltzarri?

Kirola eguneroko bizitzaren parte da milaka pertsonarentzat, gaur egun esan genezake Euskal Herriko haur eta gazte gehienen eskolaz kanpoko jardueren eremu eta sozializazio-gune nagusia dela eta hori da, hain zuzen ere, bere indarra hizkuntzaren ikuspegitik. Entrenamenduetan, lehiaketetan, aldageletan, zuzendaritza-bileretan... hizkuntza erabiltzen da etengabe, modu naturalean. Ez da lanaren testuinguru formala, ez da ikasgelako egituratutako giroa: kirola hirugarren esparru bat da, bere kode propioak, bere erritualak eta bere komunitate-loturak dituena. Eta hain zuzen ere, testuinguru informaletan, arau formalik ez dagoenean, hizkuntza-ohiturak errotzeko eta aldatzeko aukerak sortzen dira, hizkuntza-ohiturak mantendu edo berriak sortzeko eremua izan daiteke.

Garrantzirik ematen zaio?

Gero eta gehiago, eta azken urteetan pauso sendoak eman dira. Erakunde publikoen aldetik bultzada nabarmena da, Eusko Jaurlaritzaren 2021-2025 Kirolean EuskaraSustatzekoPlana bultzada handia izan zen, Euskal Kirol Federazioen Batasunetik ere egitasmoak martxan jarri dira ildo horretan eta erakundeetatik behera kirol-elkarte askotan gero eta kontzientzia handiagoa dago euskara kontuan hartzeko. Kirol-elkarte eta entrenatzaileen euskararekiko sentsibilizazioa eta praktika hazten ari dira, eta federazioen aldetik ekimen esanguratsuak ikusi ditugu. Adibide argia da futboleko entrenatzaile-titulazioa: UEFA C eta UEFA B mailako ikastaroak euskaraz eskaintzen hasi dira, eta beste kirol batzuetako entrenatzaile-tituluetan ere urrats berak ematen ari dira.

Hala ere, oraindik bide luzea dago egiteko. Federazio eta elkarte askotan euskara oraindik bigarren mailan geratzen da, eta askotan ez da planteamendu kontziente baten ondorioa, ohitura eta inertzien kontua baizik. Eremu batzuetan aurrerakada handiak ikusten diren bitartean, beste batzuetan oraindik hutsuneak nabarmenak dira. Hori da, hain zuzen ere, erronka: pauso horien gainean eraikitzen jarraitzea, kontzientzia eta tresnak zabalduz, eta indar hori sakabanatuta gelditu ez dadin.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Erronkarik handiena ikusgarritasuna da: badago praktika, baina sakabanatuta. Pertsona batek euskaraz entrenatzen du Nafarroan, beste batek Bizkaian proiektu interesgarri bat darama aurrera edo entrenamendu-fitxa interesgarriak sortzen ditu, eta ez dute elkarren berri. Ekimen eta esperientzia ugari daude, baina konektatuta ez badaude, batak bestearen berri ez duenean eta biak ildo berean doazela ez dakitenean, talde-indarra galtzen ari gara, isolatutako ekintza baten.

Horri lotuta, baliabide eta materialen ezagutza falta ere nabaria da. Entrenatzaile askok ez dituzte euskaraz lan egiteko tresnak ezagutzen, egon badauden arren: hiztegi espezializatuak, kirol bakoitzeko teknifikazio-liburuak, prestakuntza-materialak... Baliabideak badaude, baina hedapen eta zabalkundea falta zaie. Hori ere zubi-lana da: dagoeneko sortutakoa ezagutzera ematea eta elkarrekin partekatzea.

Eta, jakina, ohiturei lotutako erronka ere ez da txikia. Ohiturak aldatzea ez da erraza, zailagoa oraindik ingurune elebidun edo erdaldunagoetan lan egiten dutenentzat.

Askotan ez da borondate ezaren kontua, testuinguru eta baliabide egokien falta baizik. Hori da, hain zuzen ere, topaketa honen helburuetako bat: erresistentzia horiei izena jartzea, elkarrekin aztertzea eta aurre egiteko estrategiak partekatzea.

Kirolaren esparruan euskaraz jarduten duten edo jardun nahi duten eragileak saretzea da helburu nagusietakoa. Zergatik?

Aurreko erronketatik zuzenean dator erantzuna: uste dugu sakabanaketa dela arazo nagusia, eta sarea irtenbide posible bat izan daitekeela. Isolamendua ahultasuna da. Pertsona batek bakarrik egiten duena erraz gelditzen da bidean, ez du erreferentziarik, ez du norekin partekatu, eta askotan ez daki bere esperientzia baliotsua denik ere. Baina hainbat pertsonak elkar ezagutzen dutenean, materialak eta ikasketak partekatzen dituztenean, batak besteari indarra ematen dionean, iraunkortasuna handiagoa izan daiteke eta jasangarriagoa.

Sare bat eratzea, gainera, ez da biltzea soilik. Konfiantza-harremanak sortzea da, eta horrek bide luzera ekintza kolektiboa ahalbidetzen du. Gaur topaketa batean elkar ezagutzen duten bi entrenatzailek bihar elkarrekin material bat sor dezakete, edo federazio batean pausoren bat emateko babesa eman diezaiokete elkarri. Hori da apustu nagusia: bakoitzaren esperientzia eta ikaskuntza mahai gainean jartzea, denak aberasteko eta bidea elkarrekin laburtzeko.

Nori dago zuzenduta?

Kirolaren munduan euskaraz ari den edo aritu nahi duen edonori. Entrenatzaileei, kirolariei, kirol-elkarteetako eta federazioetako kideei, udaletako kirol-teknikariei eta zuzendaritzakoei. Profil zabala da nahita: uste dugu elkarrizketa aberasgarriena gertatzen dela maila eta arlo desberdinetako pertsonak elkarrekin daudenean.

Ez da prestakuntza tekniko bat, eta ez da maila jakin bat eskatzen. Baldintza bakarra da euskara eta kirola uztartzen dituen norbait izatea, dagoeneko egiten duen zerbait duelako partekatzeko, edo egiten hasi nahi duelako eta laguntzeko prest dauden pertsonak bilatu nahi dituelako.

Zerbait nabarmentzeko?

Jardunaldi hau ez da hitzaldi-sorta bat, eta parte-hartzaileak ez dira entzule hutsak. Protagonistak dira. Formatuak berak hori bermatzen du: aurkezpen laburrak, talde txikietako lana, eztabaida irekia. Helburua ez da erantzunak ematea goitik behera, baizik eta elkarrekin galderak planteatzea eta bide posibleak irudikatzea.

Hemendik ateratakoak ez du topaketa honekin amaitu behar. Sortzen diren harremanak, partekatzen diren baliabideak, identifikatzen diren elkarlan posibleak... hori guztia da benetako emaitza. Topaketa hau lehen urratsa izatea nahi genuke, ez hasi eta bukatzen den zerbait.

Jakintza-arloak