Ane Kortabarria Perez: «Bizidunek eta prozesu biologikoek nola funtzionatzen duten ulertzea ezinbestekoa dela iruditzen zait»

2026ko azaroaren 24a

Ane Kortabarria Perezen argazkia

Berpizte-landare moduan ezagutzen den Ramonda myconi landarea du ikergai Ane Kortabarria Perez (Bergara, 2001) biologoak. «Astiro bizi eta zahar hil: Ramonda myconi landarearen hostoen fisiologiaren garapen-aldaketak» aurkezpena egin zuen UEUk antolatzen duen IkerGazte kongresuan eta bere ikerketaren inguruan hitz egiteko izan gara berarekin. Kortabarriak Biologiako gradua du, Ingurugiroaren Agrobiologian masterra, eta egun doktorego-tesiaren bigarren urtea egiten ari da.



Biologiako ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero. Zergatik Biologia? Zergatik ikerketa?

Betidanik izan dut lotura estua naturarekin, eta uste dut mendia eta baserria gertu izateak naturaren zikloak, urtaroen aldaketak, landareen eta animalien portaerak, eta horiek ingurunearekin duten harremana gertutik bizitzeko aukera eman didala. Horrez gain, klima-aldaketak beti arduratu eta kezkatu izan nau. Naturan ikusten ditugun fenomenoen atzean zer dagoen ulertu nahi nuen, eta biologiak maila molekularretik ekosistema-mailaraino ikasteko eta aztertzeko aukera ematen du. Biologia aukeratzea, beraz, nahiko modu naturalean etorri zitzaidan.

Ikerketaren mundura hurbildu nintzen biologiarekiko jakin-min hori beste modu batean bideratzeko aukera ematen zidalako. Ikerketa oraindik erantzunik ez duten galderak planteatzea, hipotesiak formulatzea eta horiek metodo zientifikoaren bidez egiaztatzea da. Prozesu horrek erakarri ninduen. Niretzat, ikertzea naturarekiko lotura hori mantentzeko modu bat da. Behaketatik abiatuta, bizidunek eta prozesu biologikoek nola funtzionatzen duten ulertzea ezinbestekoa dela iruditzen zait, ez bakarrik ikertzaileontzat, mundu hau habitatzen dugun pertsonentzat ere bai.

Ramonda myconi landarea ikertzen ari zara. Aurkeztu iezaguzu... «Nor» da Ramonda myconi?

Ramonda myconi landare berezi bat da. Erroseta moduan hazten da, eta urte guztian itxura apala izan arren, udaberrian lore lila ederrekin betetzen da. Hemendik gertu, Pirinioetan, aurkitu dezakegu. Iberiar Penintsulako landare endemiko bat izanik, banaketa geografiko mugatua du, hau da, espezie hori ez dugu beste inon topatzerik izango modu naturalean. Horrek interes berezia ematen dio ikuspegi biogeografikotik eta ebolutibotik.

Zerk egiten du berezi?

Bere berezitasuna baldintza gogorretan bizirauteko duen gaitasunean dago. Berpizte-landare gisa ezagutzen da, ihartzearekiko tolerantea delako. Hemen garrantzitsua da lehortearekiko tolerantziatik bereiztea; izan ere, ihartze-tolerantziak landarea bera lehortu arren bizirik mantentzen dela esan nahi du; eta lehorte-tolerantziak, berriz, landareak ingurune lehorretan bizitzeko gaitasuna duela, adibidez, hostoetan ura metatuz. Ramonda myconi-k ur-galera oso handia jasan dezake, eta ura berriro eskuragarri duenean bere funtzio fisiologiko eta metabolikoak denbora oso laburrean berreskuratzeko gai da hainbat mekanismori esker. Gainera, izoztearekiko tolerantea ere bada. Beste berezitasun bat espezie honen bizialdi luzea da, 200-250 urte bizi daitekeela uste da.

Zein izan da mekanismo horiek ezagutzeko egin duzun esku-hartzea?

Guretzat garrantzitsua zen habitat naturalean espezie honek duen portaera ikustea. Horretarako, Ramonda myconi-ren populazio naturaletan landa-ikerketa bat egin genuen hiru urteetan zehar. Hasteko, laginketa aldietan hainbat indibiduoren hazkundearen jarraipena egin zen argazki bidez, espezie honen hosto baten biziraupena estimatzeko. Hostoen hiru adin bereizi ziren (gazteak, helduak eta zaharrak) hostoen adinaren arteko desberdintasunak ikusteko helburuarekin. Horrela, hostoen hiru adin desberdinetan fotosintesia neurtu genuen, ihartzearekiko eta izoztearekiko tolerantzia aztertu genuen, eta pigmentu fotosintetizatzaileak eta tokoferolak kuantifikatu genituen.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Emaitzek erakutsi dute Ramonda myconi-k fotosintesi-tasa baxua duela eta, horregatik, ondo egokituta dagoela argi gutxirekin eta eremu itzaltsuetan bizitzeko. Hostoen adina hiru urtetik gorakoa dela kalkulatu da; beraz, ihartze- eta hidratazio-zikloak behin eta berriz jasan behar dituzte. Ihartzeari dagokionez, adin guztietako hostoak toleranteak dira, adina edo urtaroa edozein dela ere. Izoztearen aurrean, berriz, hosto zaharrak toleranteagoak dira, eta landareak neguan erakusten du erresistentzia handiena, hotzera pixkanaka aklimatatzen delako. Gainera, hosto zaharrek babes handiagoa dute oxidazioaren aurrean, eta horrek ihartzeak eta izozteak eragin ditzaketen kalteak murrizten laguntzen du. Beraz, hostoen bizitza luzeari eta adinaren araberako desberdintasunei esker, Ramonda myconi ihartzeari eta izozteari aurre egiteko gai da. Nolabait esateko, hosto zaharrek esperientzia handiagoa dute, eta horrek landarearen biziraupenean laguntzen du.

Ikerketaren zein fasetan zaude? Zein izango da hurrengo urratsa?

Hostoen hazkundea epe luzeagoan neurtzen jarraitzea da asmoa, haien bizi-iraupena zehaztasun handiagoz ezagutzeko. Izan ere, kalkuluen arabera, hostoek hiru urte baino gehiago iraun dezakete, baina jarraipen luzeagoa behar da hori zehaztasunez baieztatzeko. Bestetik, ihartzeak sustraiei nola eragiten dien aztertu nahi dugu.

Ikertzen den hori dibulgatzea garrantzitsua dela uste duzu?

Bai, nire ustez dibulgazio zientifikoak ikerketaren beraren parte izan behar du, eta ez jarduera osagarri huts bat. Zientziaren ezagutza gizartera iritsi behar da. Horregatik, gure erantzukizuna gure lana beste ikertzaile batzuei ez ezik, gizarteari ere azaltzea da. Horrek ez du esan nahi emaitzak sinplifikatu behar direnik zehaztasuna galdu arte; erronka nagusia konplexutasun zientifikoa modu ulergarrian komunikatzea da. Gainera, azpimarratu nahiko nuke ikerketa eta dibulgazioa euskaraz zein beste edozein hizkuntzatan egin daitezkeela, eta hori sustatu behar dugula.

Zeintzuk dira esku artean dituzun erronkak?

Erronka nagusia Ramonda myconi-rekin laborategian lan egitea da, oso-oso motel hazten denez, asko zailtzen eta luzatzen du lana eta, gehienetan, habitat naturaleko populazioetara jo behar dugu lagin bila. Hortaz, laborategiko esperimentu bat espezie honekin diseinatzeak imajinazio asko eta alternatibak bilatzea dakar. Hori gutxi balitz bezala, ikerketak pazientzia, iraunkortasuna eta ziurgabetasunarekin bizitzeko gaitasuna eskatzen ditu, eta hori kudeatzen ikastea da beste erronketako bat.

Jakintza-arloak