Ander Altuna Gabiola: "Zientzia eta teknikarako euskaran, hitzak elkartzeko irizpideak ezagutzea eta ondo baliatzea oso garrantzitsua da kalitateko testuak idazteko"

2026ko apirilaren 16a

Ander Altuna Gabiola: "Zientzia eta teknikarako euskaran, hitzak elkartzeko irizpideak ezagutzea eta ondo baliatzea oso garrantzitsua da kalitateko testuak idazteko"

«Euskarazko komunikazio akademiko egokia: euskara idatziaren zuzentasuna» ikastaroa emango du Ander Altuna Gabiolak (Bilbo, 1964) apirilaren 16an hasita. Altuna, Euskal Filologian lizentziaduna da eta, egun, UEUko hizkuntza-orrazketen arduraduna da. UEUren GOI Ikastegiak antolatu du ikastaroa eta prezio berezia izango dute doktoretza egiten ari diren ikasleek. Izen-ematea irekita dago.

Zer behar du testu batek euskara zuzenean eta egokian idatzita egoteko?

Ikastaroaren testuingurua euskarazko komunikazio akademikoa da. Komunikazio akademikoan testu espezializatuak sortzen ditugu, baina hizkuntza natural baten gramatika erabiltzen dugu. Hortaz, testu orokorrek eta testu espezializatuek alderdi komun batzuk dituzte: fonologia, morfologia, sintaxia eta hiztegiaren zati handi bat.

Testu espezializatuek hizkuntzaren kode estandarra erabili ohi dute, bai eta estandarraren estilo zaindua aukeratu ere. Gurean, euskara batuak ekarri du estandarra, eta, beraz, komunikazio zientifikoan sortzen diren testuen zuzentasuna bermatzeko Euskaltzaindiak eman dituen arauak, gomendioak eta irizpenak (morfologiakoak, sintaxikoak, ortografikoak, onomastikoak, hiztegikoak) aplikatu behar dira.

Hirugarren ezaugarri bat ere aintzat hartu behar du testuak: komunikatibotasuna.

Komunikatibotasuna edo ulergarritasuna. Zer esan nahi du horrek? Testua irakurri ahala eragozpenik gabe ulertzea. Horretarako, zenbait estilo-zuzenketa ulergarritasunaren mesederako izan daitezke, hala nola aditza gehiegi ez atzeratzea, aditza aurreratzea, zenbait kalko desegoki saihestea... Atal honetan osagaien ordena egokia, erakusleen erabilera anaforikoa eta kataforikoa, hirugarren pertsonako genitiboen erabilera (genitibo arrunta zein bihurkaria) eta beste erabilera zalantzazko batzuk lantzen ditugu. Kontuan izan behar da auzi hauetan Euskaltzaindiak ez duela araurik eman, baina, gramatika eta estilo-liburuetan, nabarmendu direla joera jakin batzuk hizkuntza idatzi bateratuari begira.

Nola lortu hiruren arteko konbinazioa? Zeintzuk dira gakoak?

Zuzentasuna, oro har, ortografia eta gramatikarekin lotu izan da, eta horiek garrantzitsuak badira ere, hortik gora ere bada zer landu. Hizkera orokorreko *liburu erosi dugu zein hizkera berezituko *erreakzioan oxigeno askatzen da irakurtzean berehala ohartzen gara liburua erosi dugu eta erreakzioan oxigenoa askatzen da behar dutela. Baina badira beste egitura batzuk gramatikalki zuzenak izan arren, desegokiak izan daitezkeenak. Adibide bat aipatzearren, gerundio narratiboa deiturikoa daukagu: *kolpe bat eman zion, hilda utziz esaldia gramatikaltzat hartu daitekeen arren, ez da egokia. Gerundioak modua eta aldiberekotasuna adierazten ditu, baina ez da egokia ekintza bat bestearen ondoren gertatzen dela adierazteko. Kolpe bat eman zion, eta hil behar du horrek (Kolpe bat eman zion, eta hil zuen / Kolpe bat eman eta hil egin zuen...).

Zeintzuk dira zure ikastaroko ikasleek izaten dituzten zalantza nagusiak?

Esan dudan bezala, testu espezializatuek ezaugarri jakin batzuk izaten dituzte, adibidez, jakintza-arlo batzuetako testu askotan sinboloak, laburdurak, siglak eta antzeko elementu espezifikoak erabili behar izaten dira eta zalantza izaten da zelan integratu halako elementuak testu nagusian. Izan ere, halakoei kasu-markak eransteko unean zenbait jarraibide hartu behar dira kontuan eta horiek dagoeneko arautu ditu Euskaltzaindiak euskara batuaren ortotipografiari eskainitako arauetan.

Bestalde, perpausetik gorako mailan diskurtsoa antolatzeko moduak ere zalantza-iturri izan daitezke zenbait kasutan eta helburua da pista batzuk ematea antolaketa hori errazteko.

Zientzia eta teknikarako euskaran, adibidez, lexikoa sortzeko bideen artean oso baliabide emankorra da hitz-elkarketa. Hitzak elkartzeko irizpide batzuk daude eta horiek ezagutzea eta ondo baliatzea oso garrantzitsua da kalitateko testuak idazteko.

Era berean, zalantzak argitzeko eskura dauden zenbait kontsultaguneri erreparatuko diegu, hala nola ikasmaterialetako estilo-liburuei edota sareko baliabide batzuei (zuzentzaileak, itzultzaileak, hizkuntza-baliabideak...).

Nori dago zuzenduta?

Ikastaro hau doktoretza egiten edo ikerketa-munduan ari direnei zuzendua dago.

Nabarmentzeko zerbait?

Espero dut prestatutako azalpenak eta proposatutako ariketak astunak ez izatea eta ikasleak ondo egokitzea ikastarora.

Jakintza-arloak