Amaia Zubeldia Rodriguez: «Hemendik aurrerako bidean ortzi-muga izan daitezkeenak izendatu ditugu graduondokoan, ikasgaiaren helburuak birformulatuz eta proposamen didaktiko bat eginez»
2026ko urriaren 27a

«Batzen gaitu(zt)en sarea(k) josten jarraituko dugulako, hariak nortzuek eman dizkiguten ahaztu gabe» proiektua aurkeztu du Amaia Zubeldia Rodriguezek (Donostia, 1972) Hezkidetzatik Pedagogia Feministetara: Euskal Curriculuma iparrorratza graduondokoan. Filologia Hispanikoko ikasketak ditu Zubeldiak eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea da Mutriku BHIn. UEUren GOI ikastegiak ematen duen graduondokoan aurkeztutako lanean Mutriku BHIko «Hesigabezi» ikasgaia izan du begi-puntuan eta haren inguruan hitz egiteko izan gara harekin.
Mutriku BHIko «Hesigabezi» hautazko irakasgaia izan duzu azterlanean protagonista. Zergatik?
Mutriku BHIko «Hesigabezi» ikasgaia Batxilergoko 1. mailako hautazko ikasgai ofiziala da, Hezkuntza Saileko Berrikuntza arloak 2018an onartu ziguna eta pedagogia feministen lanketa curriculumaren markoan egitea baliatzen duena.
«Hezkidetzatik pedagogia feministetara» graduondokoa egiteko erabakia hartzeko unean argi genuen eskolan egiten ari ginen lanaren analisi kritikoa egiteko helduleku izatea nahi genuela. Mutriku BHIn bide luzea egin dugu hezkidetzaren eremuan, baina bide horretan geldiune bat egin eta egiten ari ginen lana aberastu eta doitzeko aukera eskaintzea nahi genuen hastear genuen bide honek. Izan ere, lankide den Itsaso Aramendi Urbietak eskolako Hezkidetza Planaren berrikusketa kritikoa egin zuen graduondoko azken proiektu gisa, eta nik ikasgaiaren analisia egiteko baliatu nuen.
Ikasgaia sortu genuen garaia aukera berri ugariz betetako garaia izan zen, deserosotasunak eragin eta, aldi berean, indar edo ilusioak pizteko aukerak sortu zituena, eta indar horrekin eutsi diogu, gorabeherak gorabehera, orain arte. Hala ere, ikasgaiaren bilakaerarekin batera guk ere prozesu bat jarraitu dugu, eta sortu zenez geroztik genituen uste eta jakintzak, egun, berrikusi eta eraldatzeko unera iritsi gara. Eta graduondokoak aukera paregabea eskaini digu berrikusketa eta eraldaketa-prozesu horri ekiteko.
Urteetako lana berrikusi duzu. Zertan jarri duzu azpimarra? Zein izan da metodologia?
Ikasgaiaren izenaren beraren analisia egitetik abiatu naiz: ikasgaiari eman genion izenak berak ikasgaia sortu genueneko unea zein zen identifikatzen laguntzen digu, eta egin dugun bidearen analisirako aztarnak ere eskaini: Posible al da hesirik gabeko heziketa? Ez al lukete, hesi horien kontzientzia izatetik, horiei aurre egin eta borrokatzeko estrategiek ikasgaiaren helburu nagusi izan behar? Eta modu kolektiboan eta komunitatean sortzen dugun jakintza den heinean, «hezten» ari al gara? Ala taldea sortzen dugunon artean «ikasteko» prozesu batean murgiltzen gara, urtero-urtero? «Hezi» barik, ez al gara «hazteko» aukera eskaintzen eskola komunitateari? Ez al genuke ezagutza «eraiki»tzeaz jardun beharko? Izen-proposamen berri baten aurrean al gaude? Beharrezkoa al da?
Abiapuntu horri tiraka, Oihana Arana Cardenal antropologo eta idazleari entzundako «begirada arroztu» esamoldeaz baliatu naiz, nire lanean egindako bidea oso ongi islatzen duela uste baitut: egiten dugunarekiko distantzia hartu eta modu kritikoan azter dezagun; solta ditzagun sortu ditugunekiko loturak eta gaur egun arte egin dugunaren zentzua, balioa, helburuak zeintzuk izan diren eta zeintzuk izatea nahi dugun araka dezagun. Horretarako, Mutriku BHIko 2026-2030 urteetarako diseinatu dugun Hezkidetza Planean jaso ditugun gako batzuetatik abiatu naiz, pedagogia feministetan aritzetik eratorritako gakoak. Hala, indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta hemendik aurrerako erronkak definitzearekin eman diot lanari forma.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Alde batetik, pedagogia feministetan aritzeak duen esanahiaz jabetuta —hezkuntza askatasunerako praktika eta kontzientzia kritikoa eraikitzeko espazio gisa ulertuta (Hooks, 2023)—, urte hauetan egin dugun lanaren eremu batzuei, pedagogia feministen ikuspegitik, dagokien balioa eman diegu, urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortzari hitzak jarri eta partekatuz.
Hala, aurrera eraman izan ditugun jarduera eta ekimenen bitartez ikasleen ahalduntzean eta ezagutza eta botere kolektiboaren eraikuntzan aritu garela identifikatu dugu: ikasleak eraldaketa-prozesuen protagonista bilakatu ditugu eta eskolako espazio zaindu(ago)en sorrera sustatu dugu; tokiko erreferenteen memoriaren lanketa eta aitortza egin dugu; euskal erreferentzialtasuna zaintzeko ahalegina eginez, transgresiorako aukerak zabaldu eta bizi izan ditugu; errealitatea zalantzan jarri, eraldatu eta alternatibak irudikatzeko lanketa egin dugu, eta herri hezkidetzailean lehen urratsak eman izan ditugu, sareak eraikiz.
Zeintzuk dira hutsune nagusiak?
Urte hauetako guztietako lanaren analisia egiteak hutsuneak identifikatzen ere lagundu digu. Pedagogia feministetan aritzeak esan nahi duenaz jabetzeko aukera izateak ikasgaian txertatu beharreko ezagutzak eta egin beharreko egokitzapen zein berrikusketak egiten lagundu digu, ikasgaia eraldaketaren giltza gisa ulertzera iritsiz.
Hala, eremu digitalean egiteko dugun lana handia dela identifikatu dugu, mundu digital inklusiboago, transfeministago eta euskaldunago bat izatearen borrokak ikasgaiaren ardatzetako bat izan behar duela jabetuz. Euskal curriculumaren begirada modu sistematikoan txertatu behar dugula ikusi dugu, eta euskal genealogiaren kontzepzioa ere landu. Lanketa kritikoa intersekzionalitatearen begiradatik egitea gure lanaren ardatz bilakatu behar dugula argi dugu, arrazakeriarekiko jarrera kritikoa ezinbesteko eremu bihurtuz. Zaintzaren etikaren lanketaren ikuspegi integrala eta sistematikoa ere behar dugu, zaintzaren ulerkera hezkuntzaren oinarri pedagogiko eta politiko gisa identifikatu eta praktikara eramanez eta ikasgelako espazioaren eta lan-prozesuen oinarri pedagogiko eta politiko gisa ulertuz. Azkenik, gure ikasgaia queer pedagogien begiradak gurutzatu behar duela argi dugu, identitateak eraikitzeko eta bizitzeko askotariko moduak legitimatu eta aldarrikatuz, eta gure gorputzek gure jardunean duten presentziaz jabetu eta gorpuzten dugunaren kontzientzia izanik.
Eta aurrera begira, zer?
Edozein dela ere ikasgaiari jarriko geniokeen izena (ez da erraza izango izena asmatu eta aldatzea, eta, horregatik, «Marimatraka» zein beste edozein hitzekin jolasean aritzea izan daiteke abiapuntua, umoreak duen eragiteko gaitasunaz baliatuz), hemendik aurrerako bidean ortzi-muga izan daitezkeenak izendatu ditugu, ikasgaiaren helburuak birformulatuz eta proposamen didaktiko bat eginez.
Dena den, ezin dugu zehaztu nora eramango gaituen egiten ari garen bide honek. Badakigu nola eta nondik, baina ez zer egingo dugun. Eta ez dugu, eta ezin dugu, gainera, zehaztu nahi: Euskal Herritik eta ezagutza partekatu eta kolektiboaz, hizkuntza artistikoak erabiliz, pentsamendu kritikoa oinarri izanda, botere-harremanek ezartzen dituzten logikak identifikatu eta erauntsiz eta bakoitzaren identitate eta bizitzeko era propioak aldarrikatu eta zainduz egingo dugu, zer aldarrikatu testuinguruak, kideek, gatazkek, aukerek zein ilusioek markatuko diguten bitartean.
Ez dago formula magikorik. Eragiteko eta aldarrikatzeko moduak eta bideak elkarrekin, elkarlanean topatuko ditugu: galderak eginez, elkarri entzunez, inguruko ahotsak irakurriz, iritziak eraiki eta ikuspegiak partekatuz, eta, batez ere, eraldatzeko indarrari eutsiz, eskola eremu eraldatzaile eta politiko gisa ulertuta.
Eta, egia da: zailagoa da egitea esatea baino. Hemen jasotakoak etengabe presente izan eta horien aldeko berrikusketa etengabea eta borroka izan behar dira gure lanaren ardatz. Hala ere, ditugun baliabideekin aurrera eraman ditzakegun ekimenen neurria hartzen ere ikasi behar dugu, halako lan-markoek eskola ez baitute aldatuko, nahiz eta eskola egiteko moduak ulertzeko aukera handiak eskaintzen dizkiguten.
UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Graduondokoak egunerokoan beharrezkoak ditugun oinarri sendoak eskaini dizkigu, ezinbestekoak diren galderak egiteko bideak zabaldu dizkigu; hain zuzen ere, botere-harremanen, espazioen, curriculumaren, normatibitatearen, zapalkuntza-ardatz desberdinen, zaintzaren etikaren eta ezagutzaren eraikuntzaren inguruko galdera berriak egiteko bideak.
Leiho anitz zabaldu zaizkigu, hainbat aukera, amets eta erronka berri zabaldu zaizkigu, eta bidean aurrera egiteko indarra eta kemena eman dizkigu. Eskerrik asko, beraz!