Aitor Bedialauneta Arrate: «Zeinu-hizkuntza ez da bigarren mailako baliabide gisa ulertu behar, haur gorraren garapen integralerako hizkuntza-bektore gisa baizik»
2026ko uztailaren 6a

Haur gorren hizkuntza-gabeziaren egoera jarriko dute mahai gainean gaur UEUren Udako Ikastaroen barruan Euskal Gorrak elkarteak eta UEUk antolatutako jardunaldian. Haur gor batek bere lehen urteetatik hizkuntza natural bat eskuratzeko aukera ez izateak ekar ditzakeen arazo larriez argi hitz egin nahi dutela gaur Bilbon esan digu Aitor Bedialauneta Arrate (Ondarroa, 1991) jardunaldiko antolatzaileak. Bedialauneta pedagogoa da eta Euskal Gorrak erakundeko kidea. Pertsona gorren hizkuntza-eskubideen aldeko lanean eta zeinu-hizkuntzaren garrantziaz sentsibilizatzeko ekimenetan parte hartzen du. Harekin izan gara.
Haur gorren hizkuntza-gabeziaren egoera landuko duzue. Zergatik da garrantzitsua gai honetan sakontzea?
Oso garrantzitsua da, gaur egun haur gor askorengan desgaitasun gehigarriak antzematen ari garelako. Kasu askotan, desgaitasun horiek ez dira berezkoak, baizik eta garaiz hizkuntza natural bat eskuratu ez izanaren ondorio.
Pertsona gor baten hizkuntza naturala zeinu-hizkuntza da. Haur batek hizkuntza oso eta eskuragarri bat izateko aukerarik ez badu, gabeziak sortzen dira garapen kognitiboan, emozionalean eta sozialean.
Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu gai hau mahai gainean jartzea eta sakon aztertzea.
Jardunaldi honen bidez egungo egoerari buruz hausnartu nahi dugu, esperientziak partekatu eta etorkizunerako irtenbideak bilatu. Badakigu ez dela egun batetik bestera konponduko den arazoa; ibilbide luzea eta arlo desberdinen arteko konpromisoa behar ditu.
Zeintzuk dira hizkuntza-gabeziaren ondorioak?
Ondorioak oso larriak izan daitezke. Hizkuntza natural baterako sarbiderik ez izateak haurraren garapen kognitiboa mugatzen du, eta zailtasun handiak eragin ditzake ikaskuntzan, komunikazioan eta harreman sozialetan.
Gainera, arazo emozionalak sor daitezke, enpatia falta, sentimenduak adierazteko edo besteak ulertzeko zailtasunak, eta baita hizkuntza-gabeziaren ondorioz sortutako desgaitasun intelektuala ere.
Askotan, gizarteak zailtasun horiek pertsona gorraren berezko desgaitasun gisa interpretatzen ditu, baina benetan haurtzaroan hizkuntza-eskuragarritasuna bermatu ez izanaren ondorio dira.
Zer egin daiteke egoera iraultzeko?
Garrantzitsuena zeinu-hizkuntzarako sarbide goiztiarra bermatzea da, batez ere 0-5 urte bitarteko etapetan; izan ere, hori da hizkuntza naturala eskuratzeko garairik egokiena.
Zeinu-hizkuntza ez da bigarren mailako baliabide gisa ulertu behar, haur gorraren garapen integralerako hizkuntza-bektore baizik. Zenbat eta lehenago izan harremana hizkuntza horrekin, orduan eta aukera handiagoak izango ditu bere gaitasun guztiak garatzeko.
Era berean, familiei, hezkuntza-arloko profesionalei eta osasun-arloko langileei formakuntza eta sentsibilizazioa eskaintzea ere ezinbestekoa da, hasieratik hizkuntza-eredu eskuragarriak eskaintzearen garrantzia ulertzeko.
Zeintzuk dira erronka nagusiak?
Erronka handienetako bat zeinu-hizkuntza arlo guztietan presente egotea da: hezkuntzan, osasunean, gizarte-zerbitzuetan eta familia-ingurunean.
Oraindik ere oztopo ugari eta ezjakintasuna daude pertsona gorren errealitatearen inguruan. Kasu askotan, zeinu-hizkuntzak ez du behar duen aitortza eta lekua jasotzen.
Beste erronka garrantzitsu bat erakundeen, profesionalen eta elkarteen arteko koordinazioa lortzea da, haur gorrek lehen urteetatik hizkuntza eskuragarri baterako sarbide erreala eta jarraitua izan dezaten.
Nori zuzenduta dago jardunaldia?
Bereziki hezkuntza-, osasun- eta gizarte-arloko profesionalei zuzenduta dago, haiek baitira haurrak eta familiak lehen garapen-etapetan laguntzen dituztenak.
Hala ere, familien parte-hartzea ere oso garrantzitsua dela uste dugu, haur gorren hizkuntza eta garapen emozionalean funtsezko papera baitute.
Ikasteko, hausnartzeko eta elkarlanean irtenbideak eraikitzeko jardunaldi ireki bat izatea nahi dugu.
Beste zerbait azpimarratu nahi duzu?
Zera azpimarratu nahi dugu, hizkuntza baterako sarbidea ez dela pribilegio bat, oinarrizko eskubide bat baizik.
Haur gor batek bere lehen urteetatik hizkuntza natural bat eskuratzeko aukera izateak bere garapen kognitiboa, emozionala, hezkuntza eta gizarteratzea bermatzea esan nahi du.
Zeinu-hizkuntzarako sarbide goiztiarrik ez izateak ondorio larri eta iraunkorrak sor ditzake. Horregatik, garrantzitsua da ulertzea ez garela soilik komunikazioaz ari, baita giza eskubideez, aukera-berdintasunaz eta benetako inklusioaz ere.
Nazio Batuen Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Konbentzioaren 24. artikuluak hezkuntza inklusibo eta irisgarrirako eskubidea aitortzen du, pertsona guztien gaitasunen garapen osoa eta gizartean parte-hartzea bermatuz.
Gainera, Espainiako 27/2007 Legeak zeinu-hizkuntzak aitortzen ditu eta pertsona gorrek horiek erabiltzeko duten eskubidea bermatzen du. Esparru hori indartu egin da 674/2023 Errege Dekretuarekin, zeinu-hizkuntzaren erabilera eta ahozko komunikaziorako laguntza-neurriak garatzen dituena, pertsona gorren, entzumen-desgaitasuna dutenen eta gor-itsuen irisgarritasuna eta hizkuntza-eskubideak sendotuz.
Oraindik egiteko bide luzea dagoela uste dugu, baina jardunaldi hauek beharrezkoak direla ere bai, kontzientzia sortzeko, ezagutza partekatzeko eta gizarte irisgarriago, inklusiboago eta hizkuntza-aniztasunarekiko errespetutsuago baten alde aurrera egiteko.