Aitor Arruti Rezabal: «Hizkuntzak irakastean aintzat hartu behar dira komunikazioaren arlo guztiak»

2026ko maiatzaren 13a

Aitor Arruti Rezabalen argazkia
Argazkia: GUKA

«Ikasleen gaitasun komunikatiboa helburu izanik, euskararen irakasbideak hobetzeko metodologia» ikastaroa emango du ekainean Iruñean Aitor Arruti Rezabalek (Urrestilla, 1968). Euskal Filologian graduatua da, Itzulpengintzan du masterra eta hogei urtez Bigarren Hezkuntzan irakaslea izan ostean itzultzaile autonomoa da orain. UEUk Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako doako ikastaroa da. Izen-ematea irekita dago.

Ikasleen eta hezkuntzako profesionalen gaitasun komunikatiboan jarriko duzu arreta. Zergatik?

Azkenaldi luzean, hezkuntzaren nondik norakoek komunikazioa dute ardatz, zorionez. Ahozko komunikazioa eta idatzizkoa lehenestea komeni da, beraz, irakasterako garaian, oro har, eta euskara irakastean ere bai.

Eraginkorra izan daiteke euskararen irakaskuntza horretarako?

Hizkuntza oro jendearen arteko zubia izanik, hizkuntzak irakastean aintzat hartu behar dira komunikazioaren arlo guztiak, horiek banan-banan egoki irakasteko. Euskararen irakaskuntza ere, jakina, eraginkorragoa izango da komunikazioari dagokionez baldin eta taxuz prestatzen badugu.

Nola eraman hori geletara?

Prozedurak eta materialak proposatu ostean, horiek ongi landu, eta aldiro ikasgelan daukagun testuingurura egokituta.

Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Une oro helburu komunikatiboak ganoraz betetzea izango beharko genuke jomugatzat, eta uste baino gehiago kostatu ohi da hori.

Nori dago zuzenduta?

Adierazi didatenez, ikasketariak hezkuntza-arloko ikasleak eta irakasleak izango diren arren, interesa izan dezakeen orok zabalik izango ditu ateak.

Nabarmentzeko zerbait?

Ohi bezala, parte-hartzaileok elkarrengandik ikasiko dugula espero dut.

Jakintza-arloak