Ainhoa Iribar Ibirriaga: «Ingurune euskalduneko ikasleen artean ere, askok ez dute Adimen Artifiziala euskaraz erabiltzen»
2026ko uztailaren 16a

Adimen Artifiziala IES Lizardin. Ikasleen erabilera ohiturak, euskararen egoera eta ikastetxerako plangintza estrategikoa ikerketa-lana aurkeztu du Ainhoa Iribar Ibirriagak (Orio, ) UEUren GOI ikastegiak ematen duen Euskara eta Digitalitatea graduondokoan. Iribar Filosofia eta Letretan lizentziatua da Hispaniar Filologia espezialitatean eta Zarauzko Lizardi BHIn egiten du lan. Ardura bikoitza du bertan: batetik, Gaztelania eta Literatura eskolak ematen ditu eta, bestetik, Digitalizazio Batzordeko burua da. Aurkeztutako ikerlanaz gehiago jakiteko izan gara berarekin.
Ikasleek dituzten adimen artifizialaren erabilera-ohiturak izan dituzu aztergai. Nola sortu da aukera?
Iaz, UEUren Euskara eta Digitalitatea graduondoaren berri izan nuen eta, nire zaletasunak zein lan-eremua kontuan hartuta, aukera bikaina zela iruditu zitzaidan. Antolatzaileekin harremanetan jarri eta animatu egin ninduten; eta, egia esan, bete-betean asmatu nuen, benetan graduondo aberasgarria izan baita.
Graduondo-amaierako lana egiteko orduan, hasieran beste gai bat buruan nuela egia den arren, zerbait praktikoa eta nire egunerokoan baliagarria izango zena egitea erabaki nuen. Adimen artifiziala gaur egungo hezkuntzaren erronka nagusietako bat da, eta nire ikastetxerako (Lizardi BHIrako) azterketa oso polita eta beharrezkoa izan zitekeela pentsatu nuen. Ikasleen erabilera-ohituren analisi eta ondorio garrantzitsuak atera ditugu lan honetatik, eta ikastetxean aurrerapausoak emateko oinarri ezin hobea izango da. Gainera, hau hasiera besterik ez da: laginak gehituz eta hobekuntzak eginez, ikerketa honekin aurrera jarraitzeko asmoa dut.
Zein izan da ikerlanerako lagina?
Ikerlanerako lagina Lizardi BHIko ikasleria izan da, DBH 1etik hasi eta Batxilergoko 2. mailaraino, ZIG gelako ikasleak ere barne hartuta. Guztira, 613 ikaslek hartu dute parte; hau da, % 82,7ko parte-hartze erlatiboa lortu dugu. Horrek datuen fidagarritasun- eta ordezkaritza-maila handia bermatzen du ikastetxeko errealitatea fideltasunez islatzeko. Komunitate osoaren erantzun kolektiboa izan da, Zuzendaritzaren, irakasleen eta tutoreen eskutik zuzenean bideratua, eta horrek datuen zehaztasuna eta konfiantza-maila sendotzen ditu.
Laginaren ezaugarri soziodemografikoei dagokienez, profila honela banatzen da: generoari erreparatuta, parte-hartzaileen % 49,8 neskak izan dira, % 48,8 mutilak eta % 1,5 ez-bitarrak. Maila akademikoari dagokionez, berriz, ikasleen % 76,9 DBHkoak dira, % 22,2 Batxilergokoak eta % 0,9 ZIG gelakoak.
Zeintzuk izan dira aztertu nahi izan dituzun aldagaiak? Eta zein horretarako erabili duzun metodologia?
Ikerketak hiru ardatz nagusi izan ditu gidalerro gisa: lehenik, Konpetentzia Digitala eta Formazioa; bigarrenik, Euskararen erabilera Adimen Artifizialaren (AA) munduan; eta, azkenik, Ikaskuntza-prozesua eta Etika.
Lehenengo ardatzean, ikasleek beren egunerokoan AA nola erabiltzen duten aztertu dugu: zer tresna baliatzen dituzten eta horien inguruko formaziorik jaso duten. Bigarrenean, tresna horien artean euskarazkoak zein diren edo euskara zenbateraino erabiltzen duten neurtu dugu. Azkenik, AA eta etika lotu ditugu, hainbat aldagai kontuan hartuta: emaitzen kulturaren arriskua (kopiatu eta itsastea), berehalakotasuna, pentsamendu kritikoaren garapena edota jasangarritasun ekologikoa.
Metodologiari dagokionez, ikerketa kuantitatibo deskriptiboa erabili dugu, inkesta bidezko datu-bilketa eta datuen tratamendu estatistikoa uztartuz. Ikuspegi honen bidez, Lizardiko ikasleen joerak, pertzepzioak eta praktikak modu objektibo eta neurgarrian deskribatu dira. Diseinuari dagokionez, ikerketa zeharkakoa edo ebakidura-diseinukoa da: une jakin batean egindako neurketa bat da, denboran zeharreko jarraipenik gabea, baina egoeraren argazki fidagarri bat eskaintzen duena.
Inkestak jaso ondoren, erantzunak kalkulu-orri batean eta CSV formatuan antolatu genituen (galdera bakoitza zutabe batean eta ikasle bakoitzaren erantzunak errenkada batean). Datu-basea osatuta, analisi kuantitatiborako Python programazio-lengoaia eta haren datu-analisi zein bistaratze-liburutegi nagusiak erabili genituen. Emaitzak modu bisualean irudikatzeko grafikoak sortu ditugu, joerak eta desberdintasunak era didaktikoan komunikatzeko. Azkenik, interpretazio-fasean, lortutako emaitzak hezkuntza-testuinguruan kokatu ditugu.
Zer erakutsi dute emaitzek?
Emaitzek argi utzi dute ikasle gehienek «nahiko ondo» edo «oso ondo» ezagutzen dutela adimen artifiziala, baina, aldi berean, «paradoxa digital» handi bat islatu dute ikastetxe osoan. Ikasleek chatbotetan eta laguntzaile birtualetan jartzen dute arreta nagusia, eta aisialdirako zein ikasketetarako erabiltzen dituzte. Alabaina, ikasleen % 85ek ez du gai honen inguruko formaziorik jaso ikastetxean, eta horrek gidaritza akademikorik gabe utzi ditu: erabilera intuitibo eta trebea izan arren, segurtasun falta, erabilera okerrak eta ikaskuntza-arriskuak sortzen dira, beren kasa moldatzen ari direlako.
Bestalde, hizkuntzaren aldagaiari begiratuta, erronka itzela dugu aurretik. Lizardi BHI bezalako ikastetxe euskaldun batean datua are deigarriagoa da: ikasleen % 60k aitortzen du ez duela AA euskaraz erabiltzen. Horrek agerian uzten du euskarak arriskua duela ikasleen sorkuntza digital eta akademikoan baztertuta geratzeko.
Azkenik, ikasleen ikuspegi kritiko eta eraikitzailea izan da inkestaren mezurik sendoenetako bat. Emaitzen kulturarekiko kezka handia dute (5etik 4,2 puntuko balorazioa eman diote kezka horri), eta uste dute AAk ikaskuntza oztopatu dezakeela (3,9 puntu 5etik). Harrigarria eta benetan itxaropentsua da ikasleek berek arrisku horiek aurreikustea; horrek argi erakusten du tresna hauen inguruko arauak eta gidalerroak jasotzeko prest eta gogoz daudela.
Euskarazko tresnak sustatu beharra ikusi duzu?
Bai, erabat. Espero bezala, euskara ama-hizkuntza duten ikasleek ehuneko handiagoan erabiltzen dute adimen artifiziala euskaraz. Hala ere, datu esanguratsu bat azaleratu da: ingurune euskalduneko ikasleen artean ere, askok ez dute AA euskaraz erabiltzen. Horrek tresna hauen kalitate-pertzepzioarekin izan dezake zerikusia, hau da, ingelesez edo gaztelaniaz hobeto funtzionatzen dutela pentsatzearekin. Testuinguru horretan, ikasleen hizkuntza-ohiturak eta aniztasun digitala gurutzatzen diren heinean, euskarazko ereduen sustapena ezinbesteko gidalerro bihurtzen da. Behar-beharrezkoa da gure egunerokoan Latxa, Elia, Itzuli edo Orain bezalako tresnak lehenestea.
Bestalde, ikasleei erakutsi behar diegu software hauen oinarri teknologikoa ez dela berdina: ez da gauza bera oinarrizko corpus erraldoia ingelesez edo gaztelaniaz osatuta daukan AA bat erabiltzea, edo zuzenean euskaraz eta gure kulturatik sortutako eredu batekin lan egiteko prestatuta dagoena. Zorte handia dugu Gipuzkoan, EHUko HITZ zentroan talde bikaina dugu-eta Latxaren inguruan lanean. Tartean da, hain zuzen ere, nire lan honetan tutore izan dudan Olatz Perez de Viñaspre ikertzailea. Mundu akademiko eta teknologiko horren eta ikastetxeon arteko zubiak eraikitzea eta gure aldetik ekarpena egitea oso aberasgarria izan daitekeela uste dut
Emaitzekin ikastetxerako plan estrategiko bat garatzea da asmoa. Zer helbururekin?
Helburu nagusia lortutako emaitzak hobetzea da, betiere ikaslea prozesuaren erdigunean jarrita. Ekintza-plan hau inplementatzeko orduan, eskola-komunitate osoaren inplikazioa izango da gako nagusia: irakasleek gidaritza hartzea, ikasleek aktiboki parte hartzea eta familiek prozesu osoa babestea.
Zuzendutako ekintza horien bidez, Lizardi BHI adimen artifizialaren erabilera kritikoan eta hizkuntza-aniztasunean aitzindari den ikastetxe bihur daiteke. Gure asmo argia da: teknologiak ikaskuntza sakona, erabilera jasangarria eta, batez ere, euskararen presentzia sendoa bermatuko dituen ingurune bat eraikitzea.
UEUren GOI Institutuan egin duzu graduondokoa. Zer-nolakoa izan da esperientzia?
Esperientzia bikaina izan da. Lan asko egin behar izan dudan arren, ikaragarri ikasi dut. Alor desberdinetako irakasle paregabeak izan ditugu; bakoitzak bere hoberena eskaini eta erakutsi digu. Graduondo honek nire jakintza-eremua erabat aberastu du, eta gure ikastetxean bide berriak urratzeko tresna bikainak eman dizkit. Erabilitako plataforma oso erosoa da, eta online formatuak malgutasun handia ematen digu lanean ari garenoi, gure egoerara hobekien egokitzen diren tarteetan aritzeko.
Oso prozesu motibagarria izan da. Gainera, digitalizazioaren eta euskararen inguruan lan bikaina egiten ari den jende asko ezagutzeko eta haiekin batera aritzeko aukera eman dit. Eskerrak besterik ez dut irakasle guztientzat, UEUrentzat, EHUrentzat eta, bereziki, Olatz nire tutorearentzat. Era berean, Lizardi BHIko Zuzendaritzari eta irakasle zein tutore guztiei nire eskerrik beroena eman nahi diet, lan hau aurrera eramatea ahalbidetzeagatik eta, batez ere, nigan beti sinesteagatik.