Agurtzane Solaberrieta Mesa: «Gaur egungo sistema bidegabea da, zaintza-lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartean dauden beharrak asetzen»

2026ko uztailaren 3a

Agurtzane Solabarrieta Mesaren argazkia

«Herri zaintzailea helburu. Eraldaketarako gakoak» jardunaldia antolatu dute Udalbiltzak eta UEUk elkarlanean, Baionan. Zaintzaren gaia jarriko dute mahai gainean «urgentziaz landu behar den gaia delako». Horixe esan digu Agurtzane Solaberrieta Mesak (Usurbil, 1979). Solaberrieta Usurbilgo alkatea da eta Udalbiltzako Batzorde Eragileko kidea eta zaintzaren arduradun politikoa. Harekin izan gara.¨

Zaintzaren gaia jarriko duzue mahai gainean. Zergatik jarriko duzue gaian azpimarra?

Urgentziaz landu beharreko gaia delako. Mugimendu feministak eta zaintzaren alorrean nola edo hala inplikatuta dauden kolektiboek (zentroetako langileak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, etxeko langileak, etab.) urteetan egindako borrokari esker, zaintza instituzio nagusien agendetan kokatu da.

Gaur egungo sistema bidegabea da, zaintza-lanak antolatzeko dugun moduak ez ditu gizartean dauden beharrak asetzen, emakumeen ardurapean soilik oinarritzen den eredu familiarra da eta eskaintzen diren zerbitzuen pribatizazioa basatia da, lan-baldintza oso gogorretan ari dira lanean langileak. Azken urteetan, gainera, zaintza-premia areagotzeari migraziotik ari zaio erantzuten, eta, ondorioz, emakume etorkin eta arrazializatuak ari dira nagusiki zaintza-lanetan, lan-baldintza oso prekarioetan, esklabotzaren pare, kasu askotan.

Errealitate soziodemografiko berri baten aurrean gaude gainera eta hamarkada honen amaierarako proiektatutako demografia-piramideak arriskuan jartzen ditu gure ongizate-egitura guztiak, eta, gainera, zaintzaren krisia areagotu egingo dela aurreikus daiteke. Adinari soilik erreparatuz gero, Euskal Herrian joera demografikoek zaintza-beharraren hazkundea iragartzen dute: 2036an, 65 urtetik gorako pertsonak biztanleriaren %25-30 inguru izango dira.

Erronka handi bat dugulako esku artean jarri behar dugu zaintza mahai gainean. Une erabakigarria delako erronka hau aukera bihurtzeko.

Baina zer da zaintza? Haren ikuspegia zabaldu nahi duzue.

Zaintza osasunarekin edo/eta mendekotasunarekin lotzen dugun kontzeptua da, euren buruaz arduratzeko gai ez diren izakiek bizi ahal izateko behar duten hori ematearekin. Eta izaki produktibo independentearen balioa gorenean dagoen honetan, konnotazio txarra du oso mendekotasunak.

Baina bai, zaintza halabeharrezko elementua da gure bizitzetan. Pertsona guztiok jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte behar dugu zaintza. Halabeharrezkoa da eta zeharkakoa ere bada, hasieratik amaierara behar dugulako. Noski, forma eta intentsitate ezberdinetan beharko dugu zaintza gure bizitza-egoeraren arabera. Haurtzaroa, nerabezaroa, zahartzaroa edo bizitzaren amaierako etapetan, adibidez, zaintza-beharrak areagotu egiten dira. Baita buruko sufrimendu, desgaitasun edo gaixotasuneko egoeretan ere. Baina horrek ez du esan nahi zaintza-premia bakarrik momentu horietara mugatzen denik. Kontrara, pertsona guztion eguneroko behar bat da, maila ezberdinetan asetzen dena.

Pertsonak, gainera, beste izakiekin konpartitzen dugun ingurune batean bizi gara, inguru hori denok batera eraikitzen dugu. Nekez izango ditugu pertsona zainduak ondoko izakiak bidegabeki zapaltzen baditugu eta lurra gure mesederako suntsitzen badugu.

Zaintza, beraz, bizitza da. Eta hain zabala den kontzeptuak sortutako sistema eraldatu nahi badugu, ezinbestean xehatu behar ditugu alorrak, pausoak eta bide-orri bat marraztu.

Herritik eta herriarentzat sortutako ereduaz arituko zarete. Zeintzuk dira herri zaintzailearen oinarriak?

Lehen aipatu bezala erronka handi bat dugu esku artean eta une erabakigarria da erronka hau aukera bihurtzeko.

Sinetsita gaude udalerriek, tokiko komunitateekin batera, laborategi eraldatzaile bihurtzeko gaitasuna dutela, zaintza, bere dimentsio osoan ulertua, gizarte- eta lurralde-eraldaketarako palanka nagusia izan daitekeela, eta zaintzak eraldatuz beste eredu sozial, ekonomiko eta ekologiko bat eraikiko dugula.

Eraldaketa-prozesu hori herri zaintzaileen markotik garatzeko proposamena egiten dugu. Begirada ekofeminista, antirrazista, antikapazitista, adinkeriaren kontrakoa eta euskaldunetik eraiki nahi da herri zaintzailea dauden bidegabekeriak eta desberdinkeriak gainditzeko.

Gainera, zer aldatu nahi dugun bezain garrantzitsua da nola egin nahi den bidea, eta horretan arreta berezia jartzen dugu. Sen eraldatzailez aurre egiteko ezinbestekoa da politika konbentzionala alboratzea eta gobernatzeko eta kudeatzeko modua aldatzea. Egungo garaiek lidergo modu berriak aktibatzea, ikuspegi sistemikoz aritzea, gizarte zibileko eragileen eta erakundeen arteko lankidetza formulak egituratzea eta izaera komunitarioko gobernantza kooperatiboei bide ematea exijitzen dute.

Zeintzuk dira eraldaketarako erronka nagusiak?

Lehen adierazitako begiradatik abiatuta herri zaintzaile bat eraiki nahi badugu, eskatzen digu ikuspegi sistemikoa: batetik, tokiko errealitatea aldatuta sistema aldatzen delako, eta, bestetik, zaintzaren ekosisteman dena dagoela elkarren artean lotua. Bigarrenik, tokikotasuna: zaintzen eraldaketa-prozesuak lekuan lekuko baldintza, behar, baliabide, erritmo eta pertsonen arabera garatuko dira, prozesu lekutuak izango dira. Hirugarrenik, zeharlerrotasuna: zaintzaren ikuspegia bizitzarekin zerikusia duten eremu guztietan txertatu behar da. Laugarrenik, trantsizioa: zaintzen eraldaketa trantsizio-politika gisa irudikatu behar dugu herri burujabeen bidean, baina epe luzera begirako eraldaketan sakontzeaz gain, egungo urgentziak konpondu behar ditugu. Bosgarren, publiko-komunitarioa: komunitatean eta udaletan aldaketak egitea eskatzen du. Bide horretan, ezinbestekoa izango da, batetik, administrazio publikoari dagozkion ardurak bermatzea eta, bestetik, baliabideak eskaintzea komunitatea hauspotzeko. Seigarren, lankidetza: ezinbestekoa izango da (tokikoa, eskualde-mailakoa, herrien artekoa, sailen artekoa, eragileen artekoa…). Zazpigarren, su txikian: arnas luzeko prozesuak direla kontziente izan behar da. Zortzigarren, begirada apreziatiboa: dagoenetik abiatuko behar da eraldaketa, herrian errotuta dauden praktika onenetatik. Eta azkenik, intersekzionalitatea: jakitun izan behar dugu, guztion bizitzak ez dituztela indarkeria berdinek zeharkatzen. Zaintza-lanen banaketan generoak, jatorriak, arrazak, adinak edota klase sozialak eragin zuzena dute, ondorioz, garrantzitsua da espezifikotasun horiei erreparatzea.

Nori dago zuzenduta jardunaldia?

Zaintzan interesa duen edonori, izan politikari, langile zein herritar. Orain arte adierazi bezala denok baikara beharrezkoak zaintza-sistema eraldatu nahi badugu.

Jakintza-arloak