"Adimen artifizialean oinarrizko alfabetizazioa lortu eta erabilera pedagogiko eta segurua sustatu nahi dugu"
2024ko urriaren 7a

"Adimen artifiziala hezkuntzan: irakasleen konpetentzia digitala aberasten" ikastaroa eman berri dute UEUrekin Elia Revuelta Estradak (Galdakao,1972) eta Beñat Erezuma Arisketak(Getxo, 1981). Elia, Biologia-Geologiako irakaslea da eta gaur egun Basauriko IES Uribarri BHI institutuko zuzendaria. Hezkuntza Ministerioko Hezkuntza Ebaluaziorako Institutu Nazionaleko adituen taldeko kidea da eta Hezkuntzako aholkularia eta formatzailea EAEko ikastetxeetan. Beñatek Ingeniaritza Tekniko Industrialeko ikasketak egin zituen, Elektronikako espezializazioan, eta Goi-mailako Ingeniaritza, Antolakuntza Industrialeko espezializazioan. Adimen artifizialarekin sortutako Artiadi izeneko olerki-liburua ere argitaratu zuen (2021). Biak izan dira STEAM aholkulariak. Haiekin izan gara.
Irakasleak adimen artifizialaren erabileran trebatzeko ikastaroa antolatu duzue.
Ezinbesteko egitekoa da, ezin dugu egin ezikusiarena. Gura duguna da bertako ikasleak munduratzea eta horretarako irakasleek konpetentzia digitala trebatuta izan behar dute, eta horren barruan sartzen da AA ere .
Zer erabilera izan ditzake irakaskuntzan?
Erabilera askotarikoa: prozesu automatizatuak egiteko, ingurune birtual pertsonalizatuak sortzea errazten du, simulazioak, kontzeptuak hobeto ulertzeko, modelizazioan, iragarpenak egiteko...
Ebaluazioan ere, autoebaluazioa sustatzeko, erremintak sortzeko eta burokrazia arintzeko.
Hala ere, tresna eta aplikazioen erabilera soila izan beharrean, garrantzitsua da horien atzean dagoena ulertzeko. Horrek ahalbidetuko baitu erabilera kritikoa.
Ikastaro praktiko eta parte-hartzailea da diseinatu duzuena.
Bai, ezinbestekoa da aurrez aurrekoa izatea, parte-hartzea eta hausnarketa egitea: alde etikoa, segurtasuna eta datuen babesari buruzkoa, adibidez.
Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuena?
AAri lehengo hurbilketa: oinarrizko alfabetizazioa lortzea eta erabilera pedagogiko eta segurua sustatzea.